“18 argazki eta 18 istorio”: Isidoro Valcárcel Medinaren “Performance in Resistance”* lanaren seigarren geldialdia

by

18 argazki eta 18 istorio Bulegoa z/b ekimenak Amsterdameko If I Can’t Dance I Don’t Want To Be Part Of Your Revolution plataformarekin lankidetzan egin duen proiektu bat da; eta Isidoro Valcárcel Medinaren Performance in Resistance artelana aurkezten eta laguntzen du, 18 kontakizunen bidez eta 7 hiritan barrena egindako bidaia batean.
2010eko udazkenean, If I Can’t Dance plataformak Valcárcel Medina eta Bulegoa z/b gonbidatu zituen, Performance in Residence programan parte har zezaten. Programa horrek iraganeko performanceak aztertzen eta ikertzen ditu, oraingo praktikaren ikuspegitik abiatuta. Honako hauek ere parte hartu zuten bertan: Flávio de Carvalho eta Inti Guerrero, Guy de Cointet eta Marie de Brugerolle, Matt Mullican eta Vanessa Desclaux. Gonbidapenari erantzuna emate aldera, Valcárcel Medinak Performance in Resistance prestatu zuen: 18 argazki, passe-partout euskarrian jarrita, eta, bertan, 1965. eta 1993. urteen artean artistak hainbat hiritan egin zituen zenbait ekintza. Irudien multzoak bizi izandako unearen eta dokumentuaren arteko mugak desitxuratzen eta nahasten ditu, gertatutakoaren eta fikzioaren arteko mugak.

Bestalde, Performance in Resistance artelanak Valcárcel Medinaren jardutea arautzen duen oinarria ematen du aditzera, hau da, instituzio edo diziplina guztiek –eta, horien artean, diziplina historikoak– dituzten konbentzioen mende jartzeari aurre egiteko jarrera. Aurre egite performatibo hori azaltzen da, artistak sineste sendoz uste duelako berak duen material bakarra bere une historikoa dela, eta irudimenak “ezkutatzen duen aberastasunetik abiatuta mundua mugiarazten dela”.

18 argazki eta 18 istorio proiektuak aztergaia aldatu eta berpiztu dezakeen irudimenezko jardute gisa hartzen du ikerketa, eta, abiaburu hori izanda, kontakizun ibiltariak ekoizten dituen gailu baten itxura hartzen du. Ildo horretan, hainbat laguni gonbit egin zaie, Performance in Resistance artelana eratzen duten 18 argazkietako bat har dezaten eta kontakizun bat osa dezaten.

Valcárcel Medinak berariaz egindako artelan honen lehenbiziko geldialdia Amsterdameko hetveem Theater izan zen, hor egon baitzen 2012ko otsailean. Han, hiru kontalarik –Moosje Goosenek, Emilio Morenok eta Esteban Pujals Gesalík– hiru istorio kontatu zituzten, multzo osoko hiru argazkitan oinarrituta: Campaña 1969 (Madril eta Murtzia, 1969), S/T (Herramientas de precisión) (Milan, 1987) eta 136 manzanas de Asunción (Asunción, 1976).

Bigarren geldialdia, Bulegoa z/b gunean izan zen, apirilaren 20an, eta, bertan, José Díaz Cuyásek, Jaime Vallaurek eta Azucena Vieitesek hiru istorio kontatu zituzten, Retratos callejeros (Bartzelona, 1975), Peón de Rey (Murtzia, 1965) eta El discurso sigue… su curso (Granada, 1993) lanetan oinarri hartuta, hurrenez hurren.

Hirugarren geldialdian, Performance in Resistance artelana Bartzelonako Fundació Tàpiesen izan zen, 2012ko ekainaren 6an, Nuria Enguitak, Aimar Pérezek eta Manuel Martínezek istorio hauek kontatu zituzten, hurrenez hurren: El cuadro (Madril, 1969), La Visita (Hainbat hiri, 1974) eta El Sena por París (Paris, 1975).

Laugarren geldialdia, CAC Brétigny zentroan izan zen, urriaren 27an. Bertan, Esther Ferrer-ek, Jon Mikel Eubak eta Pierre Bal-Blanc-ek kontakizun hauek azaldu zituzten, hurrenez hurren: El Sena por París (Paris, 1975), El hombre de la capa (New York, 1967) eta Maratón (Madril, 1981).

Bostgarren geldialdia Sevillako BNV Producciones-en izan zen, azaroaren 6an, eta, bertan, Pedro G. Romerok, Isaías Griñolok eta Miren Jaiok honetaz hitz egin zuten nork bere aldetik: Encuesta en la cola del besamanos del Cristo de Medinaceli (Madril, 1978), El pintor en la calle (Madril, 1978) eta 12 ejercicios de medición sobre la ciudad de Córdoba (J) (Kordoba, 1974).

Seigarren geldialdia, Lovainako STUKeko Playground Festibalean izango da, azaroaren 11an. Bertan, Koen Brams-ek, Dora García-k eta Myriam Van Imschooot-ek kontakizun hauek azalduko dituzte, hurrenez hurren: Retratos callejeros (Bartzelona, 1975), Hombres anuncio (Madril, 1976) eta S/T (Oinoezkonetzako pasabidea moduan ezagutua) (hainbat hiri, 1971).

18 argazki eta 18 istorio eta Performance in Resistance ekimenen bidaia azaroaren 29an amaituko da, Sao Pauloko Unibertsitateko Arte Garaikidearen Museoan, hantxe egongo baita ikusgai azken geldialdia, A Cidade e o Estrangeiro (Hiria eta atzerritarra) erakusketarekin batera. Cristina Freire komisarioaren ardurapeko erakusketa honek atzera berreskuratuko ditu Valcárcel Medinak 1976an MACen egin zuen izen bereko erakusketa monografikoko erregistro dokumentalak.

Geldialdi bakoitzean, Isidoro Valcárcel telefonoan egongo da, harremanetan jartzeko moduan, kontatzaileek edo entzuleek galderaren bat egin nahi izanez gero erantzuteko.

* Argazkiak: Rocío Areán Gutiérrez, Central Saint Martins College of Art and Design-eko ikaslea Londresen.

Koen Brams ikertzailea eta idazle independentea da. De Witte Raaf-en argitaratzaileen burua (1992-2000) eta Jan van Eyck Academieko zuzendaria (2000-2011) izan zen. Ikerketa-proiektu bat zuzentzen du, Dirk Pültaurekin batera, 1945. urtetik aurreragoko Belgikako arteari buruz. Oraintsu ateratako argitalpenen artean, honako hauek nabarmendu behar dira: The Encyclopedia of Fictional Artists (JRP Ringier, 2010); The clandestine in the work of Jef Cornelis (Dirk Pültaurekin batera), Argos/De Witte Raaf/Jan van Eyck Academie/Marcelum Boxtareos, 2010; Matt Mullican: Im Gespräch/Conversations (Dirk Pültaurekin batera), DuMont, Kolonia, 2011; Belgikako eta Holandako “postmodernismoaren” “helduera”, “asimilazio” eta “agurrari” buruzko De Witte Raaf-en bi aleak (155. zk., 2012ko urtarril-otsaila, eta 156. zk., 2012ko martxo-apirila.

Dora García Bartzelonan bizi da, eta bertan lan egiten du. Amsterdameko Rijksakademien ikasi zuen. Egin dituen banakako erakusten artean, hauek nabarmentzen dira: Bernako Kunsthalle (2010), Leipzigeko Galerie für Zeitgenössische Kunst (2007), Madrilgo Museo Centro de Arte Reina Sofía (2005-2006) eta Eva Wittockx komisarioaren gidaritzapean Ganteko SMAKen egindakoa (2006). Bienal hauetan hartu du parte: Veneziako bienala (2011), Sao Pauloko bienala (2010), Sydneyko bienala (2008) eta Münsterko Skulptur Projekte izenekoa (2007).

Myriam Van Imschoot idazlea eta performanceko artistak Bruselan du egoitza. Artxiboak, ahotsa, oroimena eta paisaia lantzen ditu era askotako inguruneetan. Gaur egun, ahotsari eta paisaiari buruzko proiektuen ziklo bat prestatzen ari da, Flandesko Erkidegoko Batzordeak emandako ibilbideko beka bati esker. Espazioan eta denboran garatzen diren komunikazioko moldeek pizten dute bere arreta. Iraupen gutxikoa denaren ertzetan dagoen artea ere interesatzen zaionez, arazoak gorabehera, aztarnen, hondarren edo oihartzunen bidez irauten duen guztiak erakartzen du. Hainbat ikerketa-beka jaso ditu, bere lanen sari gisa, besteak beste, Die Höge, Bellagio Foundation, Flandesko Erkidegoko Batzorde eta Jan van Eyck Academiek emandakoak. Bere artelanak maiz agertzen dira ikusgai, jaialdi, erakusketa, galeria era arte-guneetan, hala nola, hauetan: Kaaitheater, STUKeko Playground , Buda, Binaural Sound Arts Center, Intimate Strangers Festival, Working Title, Recyclart, etab.

18 pictures and 18 stories / 18 fotografías y 18 historias honako instituzioek ekoiztu dute elkarlanean: BNV Producciones, Sevilla; Bulegoa z/b, Bilbo; CAC Brétigny, Paris Handia; If I Can’t Dance, I Don’t Want To Be Part Of Your Revolution, Amsterdam; Museu de Arte Contemporânea da Universidade de São Paulo (MAC USP); STUK arte zentrua/Museum M-ko Playground festibala, Lovaina; Fundació Antoni Tàpies, Bartzelona; Tate Modern, Londres; eta Het Veem Theater, Amsterdam.

18 pictures and 18 stories / 18 fotografías y 18 historias performanceak eta liburua Corpus: a network for performance practice-n laguntzari esker gauzatu dira. Corpus Europar Batasunak finantzatutako ekimena da.