“18 argazki eta 18 istorio”: Isidoro Valcárcel Medinaren “Performance in Resistance” lanaren bigarren geldialdia Bulegoa z/b gunean (Bilbo)

by

18 argazki eta 18 istorio Bulegoa z/b ekimenak Amsterdameko If I Can’t Dance I Don’t Want To Be Part Of Your Revolution plataformarekin lankidetzan egin duen proiektu bat da; eta Isidoro Valcárcel Medinaren Performance in Resistance lana aurkezten eta laguntzen du, 18 kontakizunen bidez eta 6 hiritan barrena egindako bidaia batean.

2010eko udazkenean, If I Can’t Dance plataformak Valcárcel Medina eta Bulegoa z/b gonbidatu zituen, Performance in Residence programan parte har zezaten. Programa horrek iraganeko performanceak aztertzen eta ikertzen ditu, oraingo praktikaren ikuspegitik abiatuta. Honako hauek ere parte hartu zuten bertan: Flávio de Carvalho eta Inti Guerrero, Guy de Cointet eta Marie de Brugerolle, Matt Mullican eta Vanessa Desclaux. Gonbidapenari erantzuna emate aldera, Valcárcel Medinak Performance in Resistance prestatu zuen: 18 argazki, passe-partout euskarrian jarrita, eta, bertan, 1965. eta 1993. urteen artean artistak hainbat hiritan egin zituen zenbait ekintza. Irudien multzoak bizi izandako unearen eta dokumentuaren arteko mugak desitxuratzen eta nahasten ditu, gertatutakoaren eta fikzioaren arteko mugak. Bestalde, Performance in Resistance lanak Valcárcel Medinaren jardutea arautzen duen oinarria ematen du aditzera, hau da, instituzio edo diziplina guztiek –eta, horien artean, diziplina historikoak– dituzten konbentzioen mende jartzeari aurre egiteko jarrera. Aurre egite performatibo hori azaltzen da, artistak sineste sendoz uste duelako berak duen material bakarra bere une historikoa dela, eta irudimenak “ezkutatzen duen aberastasunetik abiatuta mundua mugiarazten dela”.

18 argazki eta 18 istorio proiektuak aztergaia aldatu eta berpiztu dezakeen irudimenezko jardute gisa hartzen du ikerketa, eta, abiaburu hori izanda, kontakizunak ekoizten dituen gailu ibiltari baten itxura hartzen du. Ildo horretan, 18 laguni gonbit egin zaie, Performance in Resistance programa eratzen duten 18 argazkietako bat har dezaten eta kontakizun bat osa dezaten. Valcárcel Medinak berariaz egindako lan honen lehenbiziko geldialdia Amsterdameko hetveem Theater izan zen, hor egon baitzen 2012ko otsailean. Han, hiru kontalarik –Moosje Goosenek, Emilio Morenok eta Esteban Pujals Gesalík– 3 istorio kontatu zituzten, multzo osoko 3 argazkitan oinarrituta. Bigarren geldialdia, Bulegoa z/b gunean izango da, eta, bertan, José Díaz Cuyásek, Jaime Vallaurek eta Azucena Vieitesek 3 istorio kontatuko dituzte, Peón al Rey, El discurso sigue… su curso eta Retratos callejeros lanetan oinarri hartuta, hurrenez hurren. Amsterdamen eta Bilbon izan ondoren, Performance in Resistance proiektua Bretignyko CACn, Bartzelonako Fundació Tàpies-en, Sevillako BNV Producciones-en eta Sao Pauloko Unibertsitateko Arte Garaikideko Museoan egongo da ikusgai. 6 toki horietako bakoitzean, 3 istorio kontatuko dira, guztira 18 kontakizun osatu arte.

José Díaz Cuyás. Estetikako irakaslea da La Lagunako Unibertsitatean. Komisario-lanean aritu da ekitaldi hauetan: Los Encuentros de Pamplona 1972: fin de fiesta del arte experimental, MNCARS, 2010; eta Ir y venir de Valcárcel Medina, Fundació Tàpies, 2002. 1980ko hamarkadatik hona, hitzaldiak eta hainbat artikulu eman ditu argitara katalogo eta aldizkari espezializatuetan. Honen zuzendaria da: Acto ediciones eta Acto: revista de pensamiento artístico contemporáneo ( http://www.revista-acto.net ).

Jaime Vallaure. Diziplina askotako artista da Vallaure (Asturias, 1965), bere lanak hainbat arlo hartzen baititu barne: performancea, ekintzako artea, bideoartea eta sormenezko esperimentazioko proiektuak. Agerpen eszenikoari buruzko ikastaroak ematen ditu, gunearekiko eta ikusleekiko harremana bereziki landuz (Arte Eszenikoen Masterra. Alcalako Unibertsitatea 2011/12). 1999. urtetik, Los Torreznos duoko kidea da, eta, horren bidez, zuzeneko piezak egin ditu jaialdi eta museo askotan (Museo Serralves, Oporto; Krannert Museum, Chicago; 2007ko Veneziako Bienala; Hot Artic Festival, Kirkenes, Finlandia; Luis Xeoane Fundazioa, Coruña; Festival MAPA Pontos; Eszena Garaikideari buruzko Jaialdia, Madril…). Entreascuas argitaletxeko zuzendarietako bat da, eta, bertan, Isidoro Valcárcel Medinaren bi lan eman ditu argitara: 2.000 d. de J.C. (2001) eta Intonso (2011).

Azucena Vieites. Hernani, Gipuzkoa, 1967. Madrilen bizi da, eta bertan lan egiten du. Artista da. Proiektu eta talde-erakusketa askotan hartu du parte. Egin dituen banakako azken erakusketen artean, honako hauek aipatuko ditugu: Fundido encadenado-Break You Nice, MUSAC, Leon, 2012; eta Coloring Book, Moisés Pérez de Albéniz Galeria, Iruñea, 2011. Erreakzioa-Reacción gunearen sortzaileetako bat da. Artearen eta feminismoen artean dabilen gune hori 1994. urtean sortu zen, eragina izan nahi baitzuen harrera eta ekoizpeneko berariazko testuinguruetan. 2011. urteko irailetik aurrera, irakasle elkartua da Cuencako Arte Ederren Fakultatean (UCLM).

18 pictures and 18 stories / 18 fotografías y 18 historias honako instituzioek ekoiztu dute elkarlanean: BNV Producciones, Sevilla; Bulegoa z/b, Bilbo; CAC Brétigny, Paris Handia; If I Can’t Dance, I Don’t Want To Be Part Of Your Revolution, Amsterdam; Museu de Arte Contemporânea da Universidade de São Paulo (MAC USP); STUK arte zentrua/Museum M-ko Playground festibala, Lovaina; Fundació Antoni Tàpies, Bartzelona; Tate Modern, Londres; eta Het Veem Theater, Amsterdam.

18 pictures and 18 stories / 18 fotografías y 18 historias performanceak eta liburua Corpus: a network for performance practice-n laguntzari esker gauzatu dira. Corpus Europar Batasunak finantzatutako ekimena da.