ZINEMA ILEGALEKO 87. SAIOA

by

  • sdr

  • dav

  • dav

  • sdr

  • sdr

  • dav

  • sdr

  • sdr

La Perruque (Karim Boukhari, 2015, 19’) eta 475 (Nadir Bouhmouch, 2013, 63’) filmen proiekzioa. Rachid Farhanek eta Zahrat Essawssane Bourhilek proposatutako saioa, eta, ondoren, solasaldia.

Saio honetarako, 475 filma aukeratu dugu, zine erabat ilegala delako: modu klandestinoan eta baimenik gabe ekoitzi zen, eta, Nadir Bouhmouch errealizadorearen esanetan, “desobedientzia zibileko ekintza” bat izan zen CCM, Centre Cinématographique Marocain-en kontra –hau da, Marokoko zinema-instituzioaren kontra– eta haren lege murriztaileen eta zentsuraren kontra. Zineman esperientzia gutxi edo batere esperientziarik ez zuen boluntario-talde txiki batek osatu zuen filmazio-taldea. CCM-ren diru-laguntza publikoa eskatu ordez, zinemagileek finantziazio kolektiboko kanpaina bat jarri zuten abian. “Gerrilla zinema” izeneko zinema-mugimendu alternatiboaren esparruan ekoitzi zen filma; mugimendu hori “Marokoko adierazpen-askatasunaren aldeko erresistentzia artistikoa” da, eta otsailaren 20ko mugimenduan du jatorria (Marokon 2011n izandako protesta eta manifestazio herrikoien bultzatzailea).

Bestalde, La perruque film txiki bat da. Leunki, hitz askorik gabe eta biktimizaziorik gabe, protagonistarekin batera bizi gara, zinema-areto batean duen jardueran. Bertan, aho-sexua eskaintzen du diruaren truke, jarduera hori oso ohikoa baitzen Marokon, zinema txiki gehienak itxi baino lehen.

Rachid Farhan 1989ko abuztuaren 17an jaio zen, Zagoran, Marokoko hego-ekialdean. Letra Modernoetako batxilergoa egin ostean, 2011n Frantses Hizkuntza eta Literaturako lizentziatura eskuratu zuen, eta, aurrerago, 2013an, Arteko eta Zientziako Kultura Bitartekaritzako Pedagogiako masterra Marokoko Rabat hiriko Mohammed V.a Unibertsitateko Zientzien eta Hezkuntzaren Fakultatean. Masterra amaitu ostean, hiru urte eman zituen lankidetzan Marokoko kultura- eta arte-ekitaldiak antolatzen, batez ere Rabaten. Epe horretan, kultura-jarduerekiko paraleloan, Rachid Farhanek borroka queer eta feministaren aldeko konpromisoa hartu zuen. Esperientzia hari esker, genero-kontuekin lotutako ezagutza sakonak eskuratu ditu, eta, ondorioz, botere-harremanak, desparekotasuna eta zapalkuntza hobeto ulertu eta aztertu ditu. Duela hiru urte baino gehiago maskulinitateak lantzen ari da Quartiers du Monde elkartearekin, non tailer dinamikoak prestatu dituen desparekotasunarekin eta botere-harremanekin lotutako estereotipoak, genero-rolak eta hausnarketa identifikatzeko.

Zahrat Essawssane Bourhil psikologian lizentziatua da, eta zirku-prestakuntza laburra jaso zuen Shems’y eskolan. Contact inprobisazioa gaiarekin lotutako eskolak jaso ditu 2014az geroztik. Oriente Occidente Fundazioan egin du lan denbora-epe laburrean, proiektu-arduradun moduan. Ikertzaile eta itzultzaile moduan ere lan egin du doktoretzako hautagai batentzat, tesiaren gaia honako hau zelarik: “Txabola-auzorik gabeko hiriak: nor izango da onuraduna txabola-auzoetako familiak birkokatzean?”. Kultura-arloan, HHF –Hardzazat Hardcore Fest– bezalako jaialditan hartu du parte, non atal feministaren sorreran aritu zen lanean; SBAGHA BAGHA Street Art Festival jaialdian artista-laguntzaile moduan aritu zen; baita Artista Gazteen L’Boulevard jaialdian ere, L’Boulevard kanalaren ekoizpen-zuzendari gisa. Borroka queer eta feministarekiko konpromisoa hartu du Marokoko testuinguruan.

Gaur egun Rachid Farhan eta Zahat Essawssane Bourhil tailer bat egiten ari dira, Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan. Tailer horretan, inprobisazio-contact metodoen eta gorputz-adierazpeneko ariketen bidez, botere- eta zapalkuntza-egoerei eta harremanei buruzko dantza-koreografia bat egiten dute, arrazan, generoan, sexuan eta gizarte-klasean oinarritua.