Zinema_ilegala
ZINEMA_ILEGALEKO 85. SAIOA
by
Les Filles de Kamaré filmaren proiekzioa (Kamaréko neskak: René Viénet, 1974, 90’). Yen Noh-ek eta Sven Lütticken-ek proposatutako saioa, eta, ondoren, solasaldia.
René Viénet-en Les Filles de Kamaré filma, neurri handi batean,Terrifying Girls’ High School: Lynch Law Classroom film japoniarrean oinarritzen da. Internazional Situazionistako kide ohia eta sinologoa den Viénet-ek La dialectique peut-elle casser des briques? (Dialektikak adreiluak puska ditzake?, 1972) filma egin zuen aurrena, Hong Kong-eko arte martzialei buruzko film baten détournement-a (apropiazio kritikoa). Bigarren filmean, Viénet-ek Japoniako zinema “arrosaren” generoari egin zion arreta. “Kartzelako zinemako arketipoen, satira sozialaren eta S&M sexuaren bateratze zorabiagarritzat” jotako jatorrizko filma abiaburutzat hartuta, Viénet-en détournement-ak eszena berriak gehitzen ditu, eta ikuskizunari eta estatuari, estrukturalismoari eta maoismoari erasoa jotzen dieten azpitituluak ere bai. Yen-ek eta Sven-ek filma proiektatuko dute, eta détournement bat egingo dute harekin. Hausnarketa berriak egingo dituzte, estatuko eta korporazio neoliberaleko makineriaren barruan, eta haren kontra, maila politiko guztietan forma hartzen duten eta mobilizatzen diren mikroindar bizien legez kanpoko itunek duten potentzialari buruz.
Yen-i eta Sven-i Zentzumenen inperioa (1976) ikusi ondoren bururatu zitzaien lehenengo aldiz Les Filles de Kamaré. Nagisa Oshimaren filmak gorputzaren alterazio porno-grafikoa egiten du, militarismo inperiala gaindituz eta urratuz, “sexualitate automatizatuaren” bidez. Gaur egun, Yen Bulegoa z/b-ko artista egoiliarra da, Abangoardia in/posiblea: Hitz egingo dugu MAVOz? proiektuarekin. Koreako Yi Sang poeta, artista eta arkitektoari buruzko DidLineMurderCircle, And Run to the Lowest Paradise tesia bukatzen ari da. Yi Sangek “paradisurik baxuenera” bidaiatu zuen, langile sexuala zen Geumhong bere bikotekidearekin batera, Koreako modernitate kolonialetik ihes egiteko. Sven lankidetzan aritzen da Gerra kulturaletatik desertatzea antolatzen, hau da, datorren azaroko aste batean Utrecht-eko BAKen izango den hitzaldi, prestakuntza-saio eta eztabaiden zikloa, gerra kultural neofaxistaren aurreko logika erreaktiboetatik ateratzeko formak aztergai izango dituena.