ZINEMA_ILEGALEKO 79. SAIOA

by

"Erie" (Kevin Jerome Everson, 2010)

Aitziber Olaskoagak proposatutako filmen proiekzioa, eta, ondoren, solasaldia. 

Stone (Harria, Kevin Jerome Everson, 2013, 6’38’’)

Erie (Kevin Jerome Everson, 2010, 81’)

Kevin Jerome Everson zuzendari afroamerikarren bi film izango ditugu saioan. Bere lanean AEBetako komunitate afroamerikarraren irudikapenei eta errepresentazioei buruzko auziak eta arrazaren eta kultura-apropiazioaren diskurtsoak eraikitzeko gaiak aztertzen ditu.

Kevin J. Eversonek filmografia luzea du egina, beltzek AEBetako hegotik iparrera egindako migrazioaz hitz egin eta langile afroamerikarrak islatzeko. Jendea lanean agertzen da, etxeko portxean eserita, istorio bat kontatzen edo dantza egiten duen bitartean; eta gonbit egiten digu eguneroko bizitzaz eta jende arruntaz hausnartzera. Haren filmek artxibo bat eratzen dute, AEBetako historian inskribatzen baitituzte langile beltzak, komunitate horren historia ezabatu egin da-eta.

Aitziber Olaskoaga (Bilbo, 1980) Zinema eta bideoa masterra ikasten ari da CalArts, California Institute of the Arts-en, eta hor egiten du lan, unibertsitateko zinemako proiekzionista gisa. Irudi finkoekin eta mugimenduan dauden irudiekin egiten ditu proiektuak, eta Prismáticas kolektiboko kidea da, Pilar Monsell-ekin batera.