ZINEMA_ILEGALEKO 101. SAIOA

by

Bob Curwenek proposatutako hiru proiekzio eta ondoren solasaldia.

Astelehena, azaroaren 21, 19:00
Screamers (Christian Duguay, 1998). Philip Dick-en Second Variety (1953) kontakizun laburrean oinarritua.

Asteartea, azaroaren 22, 19:00
Naked Lunch (David Cronenberg, 1991). William Burroughs-en 1959ko eleberrian oinarritua.

Asteazkena, azaroaren 23, 19:00
Zombi (George Romero, 1978).

Sex and Drugs and Rock and Roll and Science Fiction
AEBetan gerraostean eta Erresuma Batuan berrogeita hamarreko eta hirurogeiko hamarkadetan izandako gorakada ekonomikoa Gerra Hotzaren garaian izan zen, arma-lasterketa bete-betean zegoela: lehen autobiak eraiki, supermerkatuak ireki, etxe orratzak egin, eta telebistaren erabilera hedatu zen. Henri Lefebvre soziologo frantsesak, 1968an argitaratutako La Vie quotidienne dans le monde moderne liburuan, honela definitu zuen orduko mendebaldeko gizartea: “kontsumo zuzenduaren gizarte burokratikoa”. Egoera horretan izan zen kontrakulturaren gorakada, eta zientzia-fikzioaren “uhin berrikoak” ziren J.G. Ballard, John Brunner, Philip K. Dick eta beste idazle batzuek kontakizun surrealistak, satirikoak eta espekulatiboak idatzi zituzten, masa-kontsumoaren kultura berriaren eraginez jendea bere “indibidualtasuna” galtzeko beldur zen garai hartako kezkak islatuz. Egile horien zientzia fikzioan garrantzitsuena ideiekin esperimentatzea zen, ez ustezko “egiantzekotasuna” lortzea. Haien lanak “poltsikoko liburuaren kulturakoak” ziren, eta haiek Beatles-ek abesten zituzten paperback writers haien parte ziren. Haien liburuak kiosko, estanko, supermerkatu eta tren- eta autobus-geltokietan saltzen ziren, Tarantinoren Pulp Fiction-en parte ziren. Hirurogeita hamarreko hamarkada ondo sartu arte, “kultura serioaren” sustatzaile ziren liburu-denda gutxik saltzen zuten zientzia-fikzioa.

Handik 50 urtera, badirudi gure kultura-supermerkatu kaltegabeak asimilatu duela haien obra kontrakulturala. Horregatik, interesgarria iruditzen zait zientzia fikzioaren espiritu lotsagabe zahar horretatik zerbait irudikatzen saiatzea, egungo industria zinematografikoan ikusezin geratu den zerbait, orain generoko filmak, beren aurrekontu izugarriekin, ihes eta dibertsio futuristarako ariketak besterik ez baitira, Star Wars, Avatar, Minority Report edo Duneren modura.

Bob Curwen. Itzultzailea, Arte Ederretan lizentziaduna Londresko University College-n. Zientzia-fikziozko eta beldurrezko fikziozko irakurle sutsua betidanik.