Egoitza deialdia
YEN NOH: ABANGOARDIA IN/POSIBLEA: HITZ EGINGO DUGU MAVOZ?
by
Yen Noh-ren inaugurazioa eta paseo-erakusketa, Bulegoa z/b-ko egonaldiaren amaieran. 2019ko egonaldien deialdian, haren proposamena hautatu dute, Abangoardia in/posiblea: Hitz egingo dugu MAVOz?, Oriol Ocaña Marinéren Far Lands-erako bidea proposamenarekin batera. Honako hauek eratu dute epai-mahaia: Iñaki Garmendia (artista), Julia Morandeira (ikertzailea eta komisario independentea) eta Bulegoa z/b-ko kideak.
Inaugurazioa: Azaroak 5, asteartea, 19:30etan.
Datak: Azaroak 5, 6, 7, 15, 16, 22, 23, 29 eta 30.
Ordutegia: 16:30etatik 20:30etara.
Yen Noh: Abangoardia in/posiblea: Hitz egingo dugu MAVOz?
Erakusketa ibiltarien bidez eta hainbat formatan egituratuta, Hitz egingo dugu MAVOz? ikerketa-proiektuak (2016-) Japoniako MAVO arte-taldea (1923-1926) berraztertu nahi du, abangoardia historikoarekin eta garai hartako hondamendiekin harremanetan jarrita. 1923ko lurrikararen ondoko Japoniako testuinguru zehatzean, MAVOk jarrera prekarioa hartu zuen, eta bide erdian kokatu zen, batetik, orduko internazionalismoaren mendebaldeko estetika modernoaren apropiazioaren, eta, bestetik, ekoizpen artistikoko konbentziozko formen eta arte-instituzioen kontra oso garrantzitsuak izango ziren zenbait ekintzaren betearazpenaren artean. Japoniako artearen historian jokatu zuen papera aztertzea erronka bat da.
Egonaldian garatu den Abangoardia in/posiblea: Hitz egingo dugu MAVOz? proiektuak zalantzan jartzen du nagusi den ikuspegi konparatista, konparazioa baino lehen ez dagoen muga gisa aurkezten baitu Mendebaldea. Mendebaldekoak ez diren abangoardien ezintasuna/posibilitatea horren arabera eztabaidatu da. Haien “originaltasun” falta abangoardia historiko “unibertsaleko” nozio batek mugatzen du, geografia- eta arraza-ideologia zehatz bati atxikitako nozioak.
Proiektuaren ardatza Kantôko lurrikara handiak eragindako hondamendiaren ondoren MAVOk abian jarritako “barrakoien proiektua” da. Koreako Yi Sang poeta eta arkitektoaren (1910-1937) ikuspegia erabiltzen du, eta galdera hauek egitea du xede: abangoardiaren “originaltasuna” zenbateraino ez ote dago lotuta modernitatearen, hau da, kolonizazioaren kondizio zehatzarekin? eta zer ateratzen da argitara begirada konparatiboa lekuz aldatzen bada, eta asmakuntza koloniala eta mendebaldeko estetika modernoaren esku-hartzea azpikoz gora jartzen dituen begirada batek ordezkatzen badu? MAVOk aukera modura hartu zituen lurrikararen ondoren Tokion izan ziren kaosa eta nahasmena, aginte inperialaren aurrez aurre jarritako gizartea modu erradikalean berriz kontzeptualizatzeko bide gisa. “Konstruktibismo kontzientea” ardatz hartuta -MAVOk kalean egindako ekintzen sail bat-, Yen Noh-ek taldearen “anarkismo kulturala” mapatzen du, horrek zalantzan jartzen baititu istorio konparatistak, hau da, mendebaldekoak ez diren abangoardiak Mendebaldean sortutako abangoardia historiko “unibertsalaren” bertsio partikular, lokal eta eratorri gisa aurkezten dituzten horiek.
Yen Noh-ek (Daegu, 1983) Arnhem-eko Dutch Art Institute-n eta Vienako Arte Aplikatuen Unibertsitatean egin ditu ikasketak. Lanean, istorio pribatuak ikertzen ditu, traumaz, askatasunaz eta asaldura sozialez eta politikoz, Koreako kolonizazio japoniarraren garaian, eta eguneroko anarkiako praktika erradikalak lurpetik atera eta birsortzen ditu, praktika horiek egin zituztenen historia ahaztu egin baitzen, eta Japoniako proiektu inperialistak irudikatu ere ez baitzuen egin. Gaur egun, Koreako Yi Sang poeta eta arkitektoa eta Japoniako MAVO artisten taldea dira haren ikerketaren ardatza.