Egoitza deialdia
SIMON ASENCIO: LEFT / WRITE (RESCRIPT)
by
LEFT/WRITE! (RESCRIPT)
Irakurketa saioa Simon Asenciorekin
Astelehena, 2024ko irailaren 30a 19:00.
INSTALAZIOA PUBLIKOARI IREKITA:
Ostegunetik larunbatera, urriaren 3tik 26ra.
17:00etatik 20:00etara
Simon Asencioren aurkezpena, Bulegoa z/b-n burutu duen egonaldiaren amaieran. Asenciok proposatzen du 1981ean egindako Left/Write! kongresuaren une bat berriz idaztea, eta ikusleen laguntzarekin irakurketa kolektibo bat egitea.
Irakurketaz gain, instalazio bat egongo da: liburutegi bat liburu elkartuekin, oharrak eta albo-oharrak.
Simon Asencioren Left/Write! (Rescript) proposamena Danele Sarriugarte Mochalesen Letra xehez idaztea izenekoarekin batera hautatu zuten 2023ko egonaldien deialdian. Epaimahaia Aimar Arriolak (komisarioa, editorea eta ikertzailea), Laida Lertxundik (artista) eta Bulegoa z/b-ko kideek osatu zuten.
SIMON ASENCIO: LEFT / WRITE (RESCRIPT)
New Narrative idazketa esperimentaleko mugimendua 1970eko hamarkadaren amaieran azaldu zen San Frantziskoko poesiaren eszenan, Bruce Boone eta Robert Glücken testuen eta Small Press Traffic liburu-dendan antolatutako idazketa-tailerren inguruan. Steve Abbott poetak asmatu zuen terminoa esperimentu batzuk deskribatzeko: horietan zurrumurrua, promiskuitatea, faxa, zerrendak, elementu ez narratiboak, albisteak eta difamazioak erabiltzen zituzten narratiba idazteko bitarteko gisa.
New Narrative Estatu Batuetako eskubide zibilen, mugimendu beltzaren eta sexu-askapenaren testuinguruan sortu zen. Mugimendua osatu zuten poeta, idazle eta aktibista askotarikoek beren bizitzak islatzeko gai ziren forma poetikoak entseatu zituzten. Idazkera pertsonal, erlazional eta urratzaile baten bidez, New Narrative mugimenduaren esperimentuak hizkuntza aktibo eta emantzipatzailera hurbildu ziren.
Ronald Reagan lehen aldiz Estatu Batuetako presidente izendatu ondoren, mugimenduko kide batzuek biltzar bat antolatu zuten, poesia komunitarioko taldeak elkartu, eta beren bizitzako eta laneko arlo politikoaz hausnartzeko. Left/Write biltzarra 1981ean egin zen San Frantziskoko Noe Valley Ministry-n. Ahalegin bat izan zen literatura-praktiken bidez elkartasun politikoa sortzeko. Alderdi artistikoa, hezitzailea eta politikoa uztartuz, 300 idazle bildu zituen bi egunetan, tailer, eztabaida, erakusketa eta ekitaldien inguruan. Biltzarra behin bakarrik egin zen, ez zuten berriz antolatu.
Left/Write (Rescript) azterketa performatiboko egoera gisa planteatzen da, gertaera hori izateko baldintzak ikertzeko reenactment metodoaren bidez. Ikerketak biltzarraren transkripzioa erabiltzen du partitura gisa, hitz egiteko, irakurtzeko eta antolatzeko, eta moduak bilatzen ditu han eta orduan ikasi, eta hemen eta orain ditugun erantzukizunak aztertzeko.
Simon Asencioren lana performanceen, argitalpenen, erakusketen, azterketa kolektiboko egoeren eta lankidetzako proiektuen forma hartzen du. Performancearen, filologiaren eta pedagogia kritikoaren berariazko ikerketa-metodologiak erabiltzen ditu. Bere egungo ikerketak testu-praktikek sortutako soziabilitate-moduak ditu ardatz, bereziki, praktika politikoaren eta aktibismo politikoaren arteko harremana. 2021etik Virginia Woolfen amaitu gabeko Anon saiakeraren itzulpen performatibo bat garatzen ari da; saiakera anonimotasunaren etikari eta rapsoden biziraupenari buruzkoa da. 2022an, a-pass/performance eta eszenografia ikasketa aurreratuetako ikertzaile elkartua izan zen Bruselan, Quire Whids ikerketarekin. Gaur egun, Left/Write (1981, San Frantzisko) biltzar politiko eta literarioaren transkripzioarekin ari da lanean, berreraikuntza performatibo bat lortzeko helburuarekin.
Proiektu honek Parisko Centre National des Arts Plastiques erakundearen ikerketa-beka bat du.