SANTIAGO F. MOSTEYRÍN ETA LUISA UNGAR. LOTSA-ARIKETAK

by

2019ko apiril eta maiatza bitartean Bulegoa z/b-en izandako egonaldiaren ondoren, Santiago F. Mosteyrín eta Luisa Ungar-ek beren lanaren aurkezpena egingo dute.

Santiago F. Mosteyrínek eta Luisa Ungar-ek performancea, instalazioa eta marrazkia lantzen dituzte, animaltasunaren eta humanitatearen definizioak manipulatuz, eta gaur egungo instrukzioak, diziplinak eta antsietateak berraztertuz, nahasmenduaren eta umorearen bidez. Oraingoan, antzerki-gailuaren inguruan arituko dira elkarlanean, horrek aukera ematen baitie aginte baten azpian jartzeko erlazioak ikertzeko, gehiegizko esposizioko garai hauetan intimitateak dituen erresonantzia ugariekin harremanetan jarriz: bi pertsonaiek beren burua eskaintzen dute laguntzaile izateko, laguntza nori eman eduki gabe, eta galduegi sentitzen dira laguntza jaso ahal izateko. “Guri dagokigunez, ez dago zer eginik”, Giorgio Agambenek esango lukeen gisa Profanazioak lanean. Bestalde, laguntzaile hauek boikotaren aldekoak dira, eta mikrokonspirazioak prestatzen dituzte, batak bestearen eta beren buruaren kontra, mehatxu egiten dute erabaki bakoitza porroterako aukera bihurtzeko, eta, gero, berriz itzultzen dira, auzi galdu eta lo-eragilearekiko menpekotasunera.

Lan egiteko darabiltzaten moduek era desberdinean uztartzen dituzte egitura, gidoia eta inprobisazioa. Batek sakon jorratzen du gidoia, eszenaratzean inprobisazioari leku egiteko; besteak, berriz, konponbide teknikoak sortzen ditu bat-batean prozesuan barrena, eta sendotasuna ematen dio, errepikapenen sail luze baten bidez. Elkarlan honetan, bi metodo horiek bateratuko dituzte, eta berariaz nabarmenduko dute saiakera, espazio eta denbora gisa, behin-behinekoaren, koreografiatuaren eta bat-batean sortutakoaren artean tentsioak sortuz.

Luisa Ungar (Bogota) arte bisualak ikasi zituen Bogotan eta Amsterdamen. Bere lanaren bidez, hizkuntzaren mugak ikertzen ditu. Berrikusi egiten ditu animaltasunari, izaerei eta gizatiarra ez denari buruzko narratibak, eta era askotako baliabideak erabiltzen ditu: ekintza performatiboak, testuak eta artefaktuak. Bere lana nazioarteko hainbat agertokitan egon da erakusgai, besteak beste, hauetan: Mercosuleko Bienala, Porto Alegre; Centro de Arte Dos de Mayo-CA2M, Madril; Spring Workshop, Hong Kong; Tensta Konsthall, Stockholm; Bienal Sur, Argentina; Ar/Ge Kunst, Bolzano; Rijksmuseum, Amsterdam. Egoiliarra izan da leku hauetan: Gasworks, Londres; RESò, Italia; AIR, Anberes eta Maebashi Arts Center, Maebashi, Japonia.

Santiago F. Mosteyrínek (Madril) lerro eta azaleraren eta gorputz eta bitartekoaren artean dauden erlazioak lantzen ditu. Biologo eta artista izateko prestakuntza hartu zuen, Europan eta AEBetan, testuinguru eta logika desberdinetatik. Pilar Juncosa & Sotheby’s grabatu esperimentaleko nazioarteko saria eta Mondriaan Fonds-en Jong Talent-a jaso ditu, eta artista egoiliarra izan da Jan Van Eyck Academie-n. Toki hauetan erakutsi du bere lana: Montehermoso Kulturunea, Vitoria-Gasteiz; La Casa Encendida, Madril; Stedelijk Museum Bureau, Amsterdam; Fundació Pilar i Joan Miró, Mallorca.