“ROBA DA MATTI”. EROTASUNARI BURUZKO MINTEGIA. SUSANA TALAYERO

by

Erotasunarekiko interes pertsonala da “Roba da matti” mintegiaren abiaburua. Arlo psikopatologikoaren, erotasunaren eta erakunde psikiatrikoaren inguruan dauden auziak ikertu nahi ditu. Hizketan jartzen du Silvano Agostiren Il volo (1975) dokumentala José María Álvarez psikoanalistarekin eta Fernando Colina psikiatrarekin, bi pertsona horien zereginak era kritikoan aztertzen baititu patologiak tratatzeko moduak eta moldeak praktikatik.

Aspalditik nahi nuen Silvano Agosti zinemagile italiarraren filmografia partekatu eta Bilbon ezagutzera eman, adiskidetasunezko harremana baitut berarekin. Hasieran, Il volo dokumentala Zinema_ilegalean proiektatzea pentsatu nuen, Bulegoa z/b-n. Gero, José María Álvarez psikoanalista ezagutu nuen mintegi batean, eta, haren eskutik, Fernando Colina psikiatra ere bai. Haien liburu batzuk irakurtzeari ekin nion, baina interesgarriago iruditu zitzaidan bilera bat antolatzea haien artean, filma lan-tresna gisa hartuta. Horrela sortu zen “Roba da matti” mintegia (“Eroen kontua”), italierazko lagunarteko esaera bat izenburutzat hartuta.

1975ean egin zuen Silvano Agostik Il volo dokumentala, Franco Basaglia psikiatraren mandatuz. Filmean agertzen den esperientzia Triesteko ospitale psikiatrikoan jarri zuten praktikan, mugimendu antipsikiatrikoaren garaian: ehun eri irteten dira eroetxetik abioiz bidaia bat egiteko. Filmak beste modu batzuk proposatzen ditu erotasunaren agertokiez berriz hausnartzeko, eta erakunde psikiatrikoan aldaketak egiteko aukera aipatzen du. 2012an, Si vola bideoa egin nuen, film hau hizpidera ekarrita.

Filmeko materiala abiaburu hartuta hausnarketa partekatuz, “Roba da matti” mintegiak erotasunez berriz hausnartzea eta orainean hedatzea proposatzen du. Agostiren hitzetan, “Jendeak bizitza antolatzeko hartu behar duen modua da erotasuna. Murrizketa horretatik sortzen da erotasuna”. Era berean, zinemagileak Senekaren galderari heltzen dio berriz: “Orduan, nork sendatuko ditu beren burua osasuntsutzat duten horiek?”.

Susana Talayeroren proposamena da “Roba da matti” mintegia. 17:00etatik 20:00etara izango da.

PROGRAMA:

17:00-17:20: aurkezpena Susana Talayeroren eskutik.
17:20-18.00: Silvano Agostiren Il volo filmaren proiekzioa
18:00-18:30: José María Álvarezen hitzaldia
18:30-19:00: Fernando Colinaren hitzaldia
19:00-20:00: eztabaida
BIOGRAFIAK

Silvano Agosti (Brescia, 1938). Gizaki, zinemagile eta idazletzat du bere burua. Erromako Centro Speriementale di Cinematografia-n lortu zuen diploma, eta gero muntaketako irakaslea izan zen bertan. Eisenstein-en obran espezializatu zen Moskun. Marco Bellocchio-rekin I pugni in tasca(1967) obran lan egin ondoren, Il giardino della delizie (1971) film luzea estreinatu zuen. Bere filmografia gutxi ezagutua eta zentsuratua izan da Italian. 70eko hamarkadako zinemaren isla da, konpromiso politikotik sortu eta ekoizpen zinematografikoko alderdi guztietara hedatuta. Azken hiru hamarkadetan, bere zinema autokudeatzen du Erroman, Azurro Scipioni, ereduzko tokia zinema independente eta egile-zinemarako. Film hauek egin ditu, besteak beste: N.P.il segreto (1973), Matti da slegare (1975), D’amore si vive (1984), Quartiere (1987), L’uomo proiettile (1995), La seconda ombra (2000) http://www.silvanoagosti.com/

José María Álvarez (León, 1960) psikoanalista, Munduko Psikoanalisi Elkarteko kidea eta Psikologia Klinikoko espezialista da Valladolideko Hospital Universitario Río Hortega-n. Hiri horretan egiten du jarduera klinikoa eta irakaskuntzakoa, laguntza publikoarekin engaiatua. Lan hauek egin ditu: La invención de las enfermedades mentales (1999), Fundamentos de la psicopatología psicoanalítica (2005) eta Estudios sobre la psicosis (2006).

Fernando Colina (Valladolid, 1947) psikiatra eta Valladolideko Hospital Universitario Río Hortegako psikiatria-zerbitzuko arduraduna da. Aspaldi hasi zen kontsultan izandako esperientziak idatziz jasotzen, eta, era horretan, lan hauek egin ditu, besteak beste: Escritos psicóticos (1996), Cinismo, discreción y desconfianza (2001) eta El saber delirante (2010). Azken liburua, Sobre la locura (2013), saiakera kritiko bat da. Bertan, psikiatria modernoaren noraeza aztertzen du, eriari entzuten aritu ordez, sendagaien errezeta egiteko joera baitu.

José María Álvarez eta Fernando Colina La Otra Psiquiatría taldeko kideak dira. “La Otra Psiquiatría lagun-talde bat da oroz gain. Adiskideak izateaz gain, bertan daudenek baterako interesak dituzte: psikopatologia eta psikoanalisia aztertzea, eroarekiko tratua, osasun-erakundeetan egindako lana, eta Psikiatria eta Psikologia klinikoko egoiliarrei prestakuntza ematea. Ez da elkargo profesional edo zientifiko bat, eta sekula ez da horrelako elkargo bateko kide izango.” http://www.laotrapsiquiatria.com/

Valladolideko Los Alienistas del Pisuerga taldea sortu zuten, Ramón Esteban psikiatrarekin batera, eta, bertan, psikopatologiako testu klasikoak berreskuratu dituzten zortzi liburuki eman dituzte argitara: “psikopatologia alienistako testu horietan zehatz islatzen da klinikarekiko gustua ez galtzeko asmoa, eriaren subjektibotasunarekiko begirunea, erabateko begikotasuna, umorea, ironia eta gaizki-ulertua diagnostikoaren zehaztasunarekin nahasteko zorroztasuna, eta historiarekin hausten ez duen klinikaren aldeko bermea”.

Susana Talayero (Bilbo, 1961) artista da eta Bilbon bizi da. Arte Ederretan lizentziatu zen UPV/EHUtik, eta Erroman bizi izan zen 1986tik 1996ra arte. Bere lan artistikoak marrazkia, pintura eta bideoa bateratzen ditu. Banakako azken erakusketa hauxe izan du: Cabezonas (2014), Bilboko Carreras Múgica galerian. Noizbehinka, hezkuntza-proiektuak lantzen ditu, eguneko ospitaletan eta psikiatrikoetan, Vitoria-Gasteizko Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoko Hezkuntza eta Kultur Ekintza Sailarekin eta beste zentro batzuekin elkarlanean.