Egoitza deialdia
ORIOL OCAÑA MARINÉ: FAR LANDS-ERAKO BIDEAN
by
Oriol Ocaña Mariné-ren aurkezpena, Bulegoa z/b-n izango duen egonaldiaren hasieran. 2019ko egonaldien deialdian, haren proposamena hautatu dute, Far Lands-erako bidea, Yen Noh-ren Abangoardia in/posiblea: Hitz egingo dugu MAVOz?, proposamenarekin batera. Honako hauek eratu dute epai-mahaia: Iñaki Garmendia (artista), Julia Morandeira (ikertzailea eta komisario independentea) eta Bulegoa z/b-ko kideak.
Oriol Ocaña Mariné: Far Lands-erako bidean
Minecraft bideo-jokoaren lehen bertsioetan, Far Lands izeneko lurralde bat zegoen. Bertan, mundua sortzen duten joko-algoritmoak kolapsatu egiten ziren, eta ezinezko egiturak sortzen zituzten, jokoaren beraren sorkuntza-logika errespetatzen ez zutenak. Sistemaren arauak bertan behera utzita zituen toki horretara oinez iristeko, 700 egunetan baino gehiagotan jokatu behar zen.
Ibiltzea pentsatu izan da praktika artistiko gisa, praktika politiko gisa, baita praktika arkitektoniko gisa ere. Proiektu honetan, ibiltzea komisarioen lan-prozesuan sartzen da, komisarioaren eta bere testuinguru artistikoaren arteko harremana aldatuz.
Far Lands-erako bidean hiru noranzkoetako mugimenduari buruzko proiektua da: gorputzaren mugimendua transposizio gisa, pentsatzeko modu gisa eta kontzeptuen desplazamendu gisa.
Proiektuaren abiapuntua eszena baten funtzionamenduak pizten duen interesa da, eta, zehazki, esku hartzen duten eragile desberdinek, hau da, leku jakin batean pertsona-talde batek kultura sortzeko, pertsona-talde batek ekoizpen horretaz gozatzeko eta eszena horrek beste leku eta une batzuetan eszena berriak formulatzean eragina izateko parte hartzen duten eragileek pizten dutena.
Gaur egun, sare sozialak, bereziki Instagram, dira artista gazteek beren lana erakusteko, beren lanaren bidez beren burua erakusteko eta besteen lana ikusteko erabiltzen duten tresna nagusia, bai eta komisario askoren ikerketa-bide nagusia ere, haiekin lan egiteko moduko artista berriak aurkitzeko. Formatuak, edukia ez ezik, komisarioen eta artisten arteko harremana ere baldintzatzen du. Laburra denez, esplizitura jotzen du, eta maiz konplexutasuna galzorian jartzen da. Aldi berean, deialdiak eta egonaldi artistikoak garrantzia hartuz joan dira. Artistek beren proiektuak aurkezten dituzte, beren lanak egin ahal izateko eta ekonomikoki biziraun ahal izateko. Hautapen eta diru-laguntzako prozesu horiek orokortzean, aldaketak izan dira artisten, komisarioen eta erakundeen arteko harremanetan, eta, beraz, obretan, erakusketetan eta programetan.
Bi kasuetan, aldaketek gorputzaren nola-halako pasibotasuna ekarri dute jardueraren eta eszena artistikoan duen rolean. Beraz, komisarioaren eta artistaren lanean eta haien ekoizpenetan izandako eraldaketak zerikusia izan lezake mugimendu faltarekin edo mugimendu horren izaerarekin.
Far Lands-erako bidea proiektua erakusketa ireki batean gauzatzen da, eta etengabe ari da zabaltzen, Bilbotik ibiliz sortutako material guztiarekin. Horrek barnean hartzen ditu Oriol Ocaña Marinék egonaldian ezagutzen, bisitatzen eta laguntzen dituen artista eta diseinatzaile guztien lanak, aurkitutako objektuak, eta norberaren edo besteen testuak. Oinez ibiliz, gorputzak eta kontzeptuak lekuz aldatuz (eta talka eginez) egindako aurkikuntzan eta ikerketan oinarritutako komisario-prozesuaren isla bizia izango da erakusketa.
Oriol Ocaña Mariné (Montcada i Reixac, 1987). Komisario independentea. Arteari eta diseinuari buruzko erakusketa, proiektu eta testuetan lan egiten du, normalean objektuari lotutako praktikekin. Gaur egun egiten ari den ikerketa praktika bat –oinez ibiltzea– eta espazio bat –lorategia– ditu ardatz.