Ekoizpenak, Etorkizuneko liburua
Mikel Eskauriaza. “Izaro Films Presenta”. Etorkizuneko liburua irakurketa-taldearen hamalaugarren saioa.
by
Naufragioa euskal kostan (1890. Bermeoko Udal Artxiboa)
Etorkizuneko liburua ekitaldi honen barruan, ibilaldia egingo dugu Euskal Herria ontzian Bilboko itsasadarrean zehar.
Irteteko eta iristeko ordua:
21:00 eta 23:00.
Irteteko eta iristeko lekua:
Portugaleteko Txalupa Gidarien Elkartea
Plaza del Solar z.g.
48920 – Portugalete
Jardueran parte hartu nahi baduzu, idatzi helbide honetara: bulegoa@bulegoa.org
2013an ikusi nuen A Voyage on The North Sea (1973-1974) Bulegoa z/b ekimenak antolatutako Filiep Tacqen hitzaldi batean. Marcel Broodthaersen lana liburua den filma eta filma den liburua da aldi berean, eta itsasontzi baten margolana du abiapuntu. 2013an BAPORAK egiten ari nintzen ni neu, ardatza itsasontzi bat duen lana, itsasontzi baten erretratua, hain zuzen. Proiektuaren ataletako bat liburu bat osatzea zen. Hitzaldiaren ondoren, Filiep Tacqekin hitz egin nuen, eta lanean hasi ginen. Handik tarte batera, liburu-diseinatzaileak Etorkizuneko liburua jarri zuen abian Bilboko arte eta ezagutzaren bulegoarekin lankidetzan.
BAPORAK lanaren ardatza Indiar Ozeanoan arrantzan aritzen diren euskal atunketarien ontzidiaren argazki-katalogoa egitea da. Itsasontzien argazki horietako bakoitzak itsasontzien erretratuak margotzeko eskema formal klasikoa jarraitzen du –ontziok miniaturazko hiriak ere badira, teknologiarik berrienekin ekipatutako makinak eta benetan emankorrak diren lantegiak–. Proportzio konstanteko itsasoaren eta zeruaren gainean marraztuta, XXI. mendeko ontzi horien profil zorrotzak aldi berean agerrarazi eta ezkutatu egiten du nekez azaltzen den errealitate bat: ozeanoetan gertatzen dena, erauzteko jarduerak eta ekonomia globala sostengatzen duen merkataritza-trafiko bizia.
Itsasontzia objektu bakana da. Haren formak uretatik irteten diren beste bi figura gogorarazten dizkigu: uhartea eta balea. Haiek ez bezala, forma kulturala da, denbora eta ahalegina eskatzen dituen arkitektura mugikorra, eta lehorrean osatzen da, uretatik hurbil dagoen leku batean. Etorkizuneko liburua ekitaldiaren barruan, ibilaldia egingo dugu Euskal Herria ontzian Bilboko itsasadarrean zehar. Ibilbidea osatu bitartean, inguruko ontzigintza-industriaren historia luzeko antzinako eta gaur egungo ontziolen kokaguneak bisitatuko ditugu. Horietako zenbaitetan egin zituzten BAPORAK laneko argazkietan jasota dauden atunketari ontzietako batzuk. Portugaleteko Txalupa Gidarien Elkartearen itsasontzian egingo den bidaia pasiera zinematografiko bat izango da.
Mikel Eskauriaza (Bilbo, 1969) artista Berangon bizi da. Laurogeita hamargarreneko hamarkadaz geroztik, argazkilaritza-arloa eta paisaia-generoa lantzen ari da. Lurraldearen gainean arkitektura- eta hirigintza-arloetako interbentzioak egiteko modu desberdinak eta horien ondorio fisikoak, politikoak, ekonomikoak eta sinbolikoak behatzeko, dokumentatzeko eta interpretatzeko tresna bezala erabiltzen du argazkilaritza.
www.mikeleskauriaza.com