Material Voices
MATERIAL VOICES 8: UNA CERTA ROMA. SUSANA TALAYERO ETA JACOPO BENCIREKIN
by
Una certa Roma. Material Voices. Erakusketak egiteko lanaren genealogia feministak programaren zortzigarren saioa. Susana Talayero eta Jacopo Bencirekin
UNA CERTA ROMA
Astelehena, 2025eko maiatzak 5
18:30-19:00: “Esparrutik kanpo: 1980ko hamarkadako Erromako eszena artistikoa birpentsatzea”, Jacopo Benci.
19:00-19:30: “Un fondo blanco que nunca estuvo limpio” (Sekula garbi egon ez zen hondo zuri bat), Susana Talayero.
SUSANA TALAYERO: UN FONDO BLANCO QUE NUNCA ESTUVO LIMPIO
Jendearentzat irekitako erakusketa:
2015eko maiatzaren 5etik ekainaren 14ra, ostegunetik larunbatera.
17:00etatik 20:00etara.
MATERIAL VOICES 8: UNA CERTA ROMA.
“Genealogia” da 2021ean abian jarritako programa hau egituratzeko aukeratu genuen terminoa, eta une desberdinetako praktiken –eta artisten– arteko loturak adierazten ditu, hierarkia edo denborazko harreman bat ezarriz aurrekoen eta ondokoen artean. Bestalde, “eszena artistikoa” adierazpena erreferentzia espazial batek definitzen du. Horrela, antzerki-emanaldi batean eszenara sartu eta bertatik irteten diren pertsonaiei gertatzen zaien bezala, tokia da garai jakin batean eszena artistiko bateko protagonista diren pertsonak biltzen dituen elementua.
Toki hori, kasu honetan bezala, hiri bat izaten da: Erroma. Susana Talayerok hainbatetan hitz egin digu hamarkada batez bera partaide izan zen eszenari buruz, eta oraindik lotura afektiboak ditu harekin. Talayero eta Jacopo Benci —Erromako eszena artistikoko beste partaide bat— gonbidatu ditugu, urte horien berri eman eta laguntza eman diezaguten genealogia gurutzatu, periferiko eta ez hain ageriko batzuk ezagutzeko.
JACOPO BENCI: ESPARRUTIK KANPO: 1980ko HAMARKADAKO ERROMAKO ESZENA ARTISTIKOA BIRPENTSATZEA
1980ko hamarkadan, Paolo Portoghesik bultzatutako arkitektura postmodernoak eta Achille Bonito Olivak teorizatutako transabangoardiak definitu zuten, hein handi batean, Erromako eszena artistikoa. Aldi berean, Italiako “bigarren boom” kontsumista izan zen, Bettino Craxiren Alderdi Sozialista gobernuan zela, Silvio Berlusconiren inperio mediatikoaren babesarekin. Hala ere, “esparruaren barruko” adostasun horretatik haratago, artisten zirkuitu paralelo bat egon zen –horietako asko atzerritarrak ziren–, eta sare eta hizkuntza alternatiboak eratu zituen. Hitzaldi honek ertz horiek jarriko ditu erdigune kanonikoaren ondoan, eta hamarkada horretaz egin ohi diren berreraikuntzena baino askoz pluralagoa eta animatuagoa den eszena artistiko bat erakutsiko dute.
SUSANA TALAYERO: UN FONDO BLANCO QUE NUNCA ESTUVO LIMPIO
Berrikusi, berregin. Gauzak mugitu. 1986-1987-1988-1989-1990-1991-1992-1993-1994-1995-1996, Erroma. Erromatarren erako infrahistoria: programarik gabe, haztamuka, kanpotarrak, lurpeko bideak, plazak. Pintura, bizimodu bat fabrikatu, bizi-munduak fabrikatu.
Bulegoa z/b-n Equilibrio precario (1988) eta 4 cani per strada (1991) pinturak eta Retratos (1991) margolanak aurkeztuko ditut. Denak dira Erroman lagatako bi estudiotan egindako piezak: eraikin hondatu batean eta palazzo baten sotoan. Horrez gain, Un taglio nello spazio (2024) bideoa ere aurkeztuko da, artxibo fotografikoaren beraren eta hastapeneko eta memoriako leku horretan –Erroman– 2021ean eta 2023an egin nituen bi ekintzaren arteko gurutzaketa.
Materialaren logika gordin eta euforikoari entzun; artxiboarekin lan egin hura eraldatuz; jolastu mundu hau existituko balitz bezala, aurre eginez.
BIOGRAFIAK
Jacopo Benci artista bisuala da, eta Erroman kokatuta dago. Hainbat euskarrirekin egiten du lan, eta 1984tik Italian eta atzerrian erakutsi du bere lana. 2003az geroztik, ikasketa kultural eta bisualen arloa ikertu du, eta Michelangelo Antonioni, Pier Paolo Pasolini eta Luigi Ghirriri buruzko argitalpenak eta hitzaldi akademikoak egin ditu. Italiako zinemari, paisaiaren fotografiari eta arkitektura erradikalari buruzko hitzaldiak ere egin ditu. Arte Ederretako zuzendari laguntzailea (1998-2013) eta Modern Studies & Contemporary Visual Culture-ko ikertzaile seniorra (2013-2018) izan da Erromako British School-en. Gaur egun, Erromako Istituto Europeo di Design-eko irakaslea da. www.vimeo.com/user2876122
Susana Talayero (Bilbo, 1961) UPV/EHUn Arte Ederretan lizentziatu ondoren, Erromara joan, eta han bizi izan zen hamar urtez. Bilbora itzultzean, 1996an, pinturaren eta marrazkiaren arloan aritu da, eta saiakuntza bideografikoak ere egin ditu. Gaur egun, pinturaren eta espazioaren arteko harremana du aztergai, formatu handiko muntaketa metagarrien bidez. Orain egiten ari den proiektua 3 acciones corsarias da, eta pinturaren, gorputzaren eta bere Erromako autobiografiari lotutako kokapenen arteko harremana aztertzen du. Berriki egin dituen erakusketen artean, hauek nabarmentzen dira: Meteora (2024) CarrerasMugica, Bilbo (2019); Relatos de entrenamiento, CAB Burgos (2018); Una certa organizzazione delle cose, AOC F58, Erroma (2017) eta Kronika geldiezina 1986-2016, Bilboko Arte Ederren Museoa (2016). 2023an Gure Artea saria jaso zuen, egindako ibilbide artistikoaren omenez.