MATERIAL VOICES 2: GUADALUPE ECHEVARRÍA & TOMAS MATAUKO eta M. BENITO-PÍRIZ

by

  • Guadalupe Echevarría 2012an Bulegoa z/b-ren aholku-batzordearen bileran.

  • Elles aveyronnent: Marion Albert, Tomas Matauko eta Anne-Sophie Milon. Argazkia: Léa Saint-Bonnet.

  • M. Benito Píriz: Hype

Guadalupe Echevarría eta Tomas Mataukoren arteko elkarrizketa Urriaren 8rako zegoen programatuta. Beste abisu bat eman arte atzeratu da.

Guadalupe Echevarría eta Tomas Mataukoren arteko elkarrizketa eta M. Benito Pírizen instalazioaren aurkezpena Material Voices: erakusketak egiteko lanaren genealogia feministak programaren bigarren saioaren parte dira. 2021etik 2022ra bitartean garatzen den programa hau Bulegoa z/b-n egindako topaketa batzuek eratzen dute. Horietako bakoitzean, bi gonbidatuk erakusketa zehatz bati buruz hitz egiten dute, eta hirugarren batek testuinguru desberdin batetik datorren obra bat aurkezten du.

Material Voices programaren helburua emakumeek hirurogeiko hamarkadatik gaur arte egindako praktika kuratorialari buruz ikerketa bat garatzea da. Elkarrizketa erabiltzen du ikertzeko tresna gisa, eta ahotsen, erakusketen eta artelanen materialtasunaren potentziala aztertzen du, baita haien artean diren gurutzaketena ere.

M. Benito Pírizen Hype bisitatzeko ordutegia: Urriak 15, 16, 22 eta 23, 16:30etik 20:00etara.

The Most Dramatic Panda EVER. M. Benito Pírizen errezitala erakusketaren amaieran: Urriak 28, 20:00

MATERIAL VOICES 2: GUADALUPE ECHEVARRÍA eta TOMAS MATAUKO

Duela hilabete batzuk, Guadalupe Echevarríari gonbit egin genion Material Voices programaren bigarren saio honetan parte hartzeko. Echevarríak artearen munduko hainbat arlotan egin du bere ibilbidea 1980ko hamarkadaz geroztik. Bere istorioa entzun nahi genuen, hirugarren pertsona batekin izandako elkarrizketa baten bidez. Elkarrizketa Tomas semearekin egitea proposatu zigun, bera ondo ezagutzen duelako eta bizipenak batera izan dituztelako. Tomas artista eta Lunik taldeko kidea da. Hasieran elkartu ginenetik, konturatu ginen ez zela lan erraza izango –bi ahots, bi jarrera aurrez aurrekoak zenbait gaitan, zenbait deserosotasun, hurbiltasun gehiegizkoa–. Halaber, hautematen genuen “genealogia feministaren” nozioaz hausnartzen duen esparru baten barruan planteatzen den elkarrizketa honek duen potentziala: Echevarríaren ibilbidean ezinbestez gurutzatu dira arlo bitala eta profesionala eta berarentzat bigarren olatu feministarekin elkartzea mugarri nagusia izan da subjektu gisa eratzeko orduan.

M. BENITO PÍRIZ: HYPE: THE MOST DRAMATIC PANDA EVER

Hype Bulegoa z/b-rako sortutako gailu bat da, erakusketa moduan funtzionatzen du, eta erakusketa ixteko egunean aktibatuko da, The Most Dramatic Panda EVER izenburua duen ahozko interbentzio batekin. Olana batzuk, eta, haietan, “Gorputz hori banu, ez genuke hainbeste eztabaidatuko” testua, nire laneko alde queer-enari dagokiona.

Interbentzioa zuzeneko errezitaldi bat da autotunearekin, eta soinu berri bat bilatzen du ahozko poesiarako. Poesia-errezitaldiaren tradizio koadrikulatuarekin hausten du, proposamen erakargarriago bat sortzeko, asperdura hutsez errezitaldi eta irakurketekiko interesa galdu zuen belaunaldiarentzat. Antsietate- eta depresio-sentimenduak aurkezten dira, sentimendu horiek sarri ikusten baititut nire lagunen artean, telebistan, entzuten dudan musikan, batez ere nire belaunaldiko jendearengan eta, gehienbat, Interneten. Eragin handiagoa dute nigan reality showek poetek baino. Objektu elektronikoak fetitxizatzen dira, nork bere burua suntsitzeko joera dago eta norberaren porrotari iseka egiten zaio. Dena autotuneak ematen duen nostalgia eta tristura tonuarekin, nik nire belaunaldiaren soinu gisa hartzen baitut. Autotunea sentitzeko modu bat da jada.

BIOGRAFIAK:

M. Benito Píriz (1992, Zaldibar) Arte Ederretako gradua du UPV/EHUn (2014) eta Arte Ikerketa eta Sorkuntzako masterra (2015) unibertsitate berean. Hainbat diziplinarekin lan egiten du, hala nola eskulturarekin, bideoarekin, audioarekin eta idazketarekin. 2019ko Getxoarteko lehen saria jaso du, Ertibil Erakusketa Ibiltarian hiru aldiz parte hartu du, Soplo: arnasketa saiakerak aukeraketan (2021) ere bai, Errioxako Arte Gaztearen Erakusketan (2017) hirugarren saria lortu du, eta Harriak programako (Eremuak) Xena (2021) erakusketan parte hartu du. Bilbaoarte Fundazioaren (2017), Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Azkuna Zentroaren Babestu programako (2021) bekak jaso ditu, eta laster bere lehen liburua argitaratuko du. The Most Dramatic Panda EVER poema-liburua errezitatu du Azkuna Zentroan, Horcasitas Jauregian (Balmaseda) eta Madrilgo Mataderon.

Guadalupe Echevarríak (1948, Bilbo) arte garaikidearen hainbat arlotan garatu du bere ibilbide profesionala. Instituzioaren mugen barruan lan egin du beti, haren mugak aztertuz eta aukera- eta topaketa-gune gisa hartuz. Berak leku batetik egin du eta autodidakta gisa definitzen du bere burua, eta horri esker bere metodologia asmatu ahal izan du. Bere ibilbideko mugarrien artean, honako hauek nabarmendu daitezke: Bordeleko Arte Ederren Eskolako zuzendaria (Ecole d’enseignement supérieur d’art de Bordeaux) 1991 eta 2013 artean, Donostiako Bideo Jaialdiko zuzendaria (1982-1984) eta Vitoria-Gasteizko Bideo Musikalaren Jaialdiko (1985) zuzendaria eta erakusketen komisarioa Erakusketen Zentro Nazionalean, Velázquez jauregian, Kristalezko jauregian, Madril (1985-1986) –bertan, John Baldessari, Dan Graham, Antoni Muntadas eta Marcel Odenbach erakusketak komisariatu zituen–. 1979 eta 1980 artean, ERE aldizkarian kolaboratu zuen. La jeune bâtarde et la modernité: Goya et La Laitière de Bordeaux (2008) lanaren egilea da. 2012an, Frantziako Estatuko Merituaren Ordena Nazionala jaso zuen. Duela gutxi, Antoni Muntadasen La ciudad vacía (2021) komisariatu du Bilboko Arte Ederren Museoan.

Tomas Matauko diziplina anitzeko artista eta Lunik kolektiboaren sortzaileetako bat da. Bere lan artistikoa espezieen arteko mekanismo sozialak behatzea eta ikertzea da, forma sozial horiek forma bisualak sortzeko duten gaitasuna ezagutuz. Prozesu konposizionisten bidez, espezieen arteko harreman diplomatikoak bultzatzea du helburu, bizikidetasunaren sentsibilitate berri bat sortzeko.
Diplomaduna da École Nationale Supérieure d’Arts de Paris-Cergy-n (ENSAPC), Bruselako Institut National Supérieur des Arts du Spectacle-n (INSAS) eta Parisko Expérimentations en Arts et Politiques (SciencesPo) masterduna. Matauko lankidetzan aritu da, besteak beste, Mécanismes pour une entente (“Akordiorako mekanismoak”, 2012-2014), L’École qui marche (“eskola ibiltaria”, 2015-2018) eta Elles aveyronnent (2020-orain) ikerketa- eta esperimentazio-proiektuak sortzen, eta horietatik erakusketa, ekitaldi eta argitalpen ugari sortu da. Besteak beste, arte- eta zientzia-aldizkarietan ere argitaratu ditu saiakerak.

Material Voiceserakusketak egiteko lanaren genealogia feministak programak New Yorkeko Foundation for Arts Initiatives (FFAI) erakundearen babesa du.