Komisariotza-ikastaroa. 1. bilera: Peio Aguirre

by

2017ko uztailaren 6a, osteguna – 17:00
2017ko uztailaren 7a, ostirala – 10:30

Bulegoa z/b ekimenak komisariotzako ikastaro bat jarriko du abian 2017an, zenbait bilera eginez. Bilera bakoitzak bi saio izango ditu, eta pertsona bat izango du gidari, “komisariotza” hitzaz bere buruari galdetzeko iradoki ondoren guk gonbidatutakoa. Peio Aguirrek gidatuko du lehenengo bilera.

Bulegoa z/b arte- eta jakintza-arloko bulego bat da. Sarritan galdetu diogu geure buruari zer esan nahi ote duen komisariatzea, ea egon ote daitekeen arlo desberdinetan jarduteko sentsibilitate eta forma desberdinik terminoaren azpian, ea hitz egin ote daitekeen komisariotzaz erakusketak egiteko zentzu zehatzean eta, aldi berean, zentzu hedatuan.

Horri jarraiki, desio bati erantzuten dion bulkada gisa uler daiteke komisariotza. Desioa, lehen ezer ez zegoen tokian zerbait ikustekoa; erakusketa bat, espazioa eta denbora partekatzen dituzten objektuz osatutako artefaktu bat sorraraztekoa; objektu horien artean sortzen diren harremanetatik pentsamendua sortzekoa. Orobat, Luca Frei artistaren hitzak hona ekarrita, arreta-une bat sortzeko desioa.

Display-aren historia eta egungo egoera, erakusteko metodo gisa hartuta. Uztailaren 6a, osteguna, 17:00
Ingelesez, display hitzak “erakutsi”, “agertu” edo “azaldu” esan nahi du. Kuradoreen jargoian, erakusketen muntaketari edo diseinuari dagokio, ezinbesteko zeregina baita hori, gaur egungo kudarore-azterketetan eta -praktiketan. Saio honetan, display-aren sorburua aztertzeaz gain, bilakaera ere ikusiko dugu, XX. mendeko modernitatean izan diren erakusketarik garrantzitsuenetako batzuen bidez. Haren historian, agente desberdinen arteko interakzioa eta lankidetza nabarmentzen dira: museoetako langile, historialari, artista, diseinatzaile eta arkitektoen artekoak. Film und Foto (Stuttgart, 1929) eta The Family of Man, (MoMA Museum of Modern Art, New York, 1955) bezalako erakusketak mugarri bilakatu dira, goitik behera irauli baitzuten erakusketak baliabide gisa duen egitekoa. Saioan, beste erakusketa bat ere izango dugu aztergai: Italy: The New Domestic Landscape (1972) seminala. Arkitektoa eta garai hartan MoMAko kuradorea zen Emilio Ambaszek antolatu zuen, eta aldi hartako Italiako diseinu eta arkitekturako esperimenturik “erradikalenak” edo utopikoenak izan zituen ikusgai: Superstudio, Archizoom, Sottsass eta abar. Saioaren amaieran, gaur egungo display-aren adibide batzuk ikusiko ditugu, bai eta saioaren arduradunak zenbait erakusketatan asmatutako display-en erakusgarri batzuk ere.

“Estetika erlazionala” izenekoaren zoriak. Uztailaren 7a, ostirala – 10:30
Azken bi hamarkadetan, gutxi dira “Estetika erlazionala” (ER) baino gehiago erabili diren kontzeptu artistikoak. 1998an Nicolas Bourriauden Esthétique Relationelle (Les Presses du Réel) liburua argitaratu zenetik, kategoria edo etiketa bilakatu da hitza, une jakin bat eta, orobat, praktika artistikoen eta egiteko moduen multzo oso bat definitzekoa. ER kontzeptuak duen berritasun nagusia da paradigma-aldaketa bat ekarri duela artera, ikuslearen interpretazio aktiboa, interakzioa, parte-hartzea eta konbibialitatea ezin saihestuzko elementuak direlako. Rirkrit Tiravanija, Dominique González Foester eta 1990eko hamarkadan azaldutako beste artista batzuei loturik, sarritan, gaizki-ulertuak izaten dira ER kategoriaren inguruan. ER kontzeptuari lotutako klixeak besterik gabe onartu ordez, saio honetan ahalegina egingo dugu kontzeptuak 1990eko hamarkadaren hasieran zuen espiritua ikertzeko, Frantzian antolatutako zenbait erakusketatan gorpuztu zena. Erakusketa horien artean dago Traffic, Bourriaudek berak Bordeleko CAPC-en 1996an komisariatua, “erlazionala” bultzatzeko lagungarria izan zena. Era berean, paradigma aldatzeko ekarpena egin zuten zenbait artistaren lanari helduko diogu, besteak beste, Liam Gillick eta Angela Bullochenari. Saioa bukatzeko, “erlazionalak” Euskal Herriko eta Espainiako artearen testuinguruan izan duen eragina edo ondorioa izango dugu hizpide.

Peio Aguirre arte-kritikaria, idazlea, komisario independentea eta editorea da. Liburu honen egilea da: La línea de producción de la crítica (consonni, 2014). Hainbat testu argitaratu ditu Estatuko eta nazioarteko aldizkarietan, besteak beste, hauetan: La Vanguardia egunkariaren Cultura(s), Gara egunkariaren Mugalari, Exit, A-desk, Afterall, A Prior Magazine, Exit Express, Flash Art, El estado mental, e-flux journal, Concreta, El País egunkariaren Babelia eta Campo de relámpagos. Bestalde, erakusketa hauetako komisarioa izan da, besteak beste: Imágenes desde el otro lado, CAAM, Las Palmas Kanaria Handikoa (2007); Etorkizuneko arkeologiak, Rekalde Aretoa, Bilbo (2007); Asier Mendizabal, MACBA, Bartzelona, (2008); Néstor Basterretxea, Forma eta unibertsoa, Bilboko Arte Ederren Museoa (2013); Modernitate bakan bat. “Arte berria”, Donostiaren inguruan 1925-1936, San Telmo Museoa, Donostia-San Sebastián (2016); eta Uztailak 38 – Urriak 37Juan Pérez Agirregoikoa, Artium, Vitoria-Gasteiz (2017).
2006. urtetik gaurdaino, kulturako kritikaz idazten du bere blogean: Crítica y metacomentariohttp://peioaguirre.blogspot.com