Beste egonaldi-modalitate batzuk
IRENE TRAPOTE: HACER TERRITORIO ATANDO CABOS
by
Irene Trapoteren instalazioaren aurkezpena, Bulegoa z/b-ren egonaldiaren amaieran, “Hacer territorio atando cabos” proiektuarekin.
INAUGURAZIOA
2026ko urtarrilaren 28, asteazkena, 19:30etan
JENDEARENTZAT ZABALIK
Egunak: 2026ko urtarrilaren 29, 30 eta 31 eta otsailaren 5, 6 eta 7
Orduak: 17:30etatik 19:30etara
HACER TERRITORIO ATANDO CABOS
“Hacer territorio atando cabos” [Lurraldea egitea, hari-muturrak lotuz] diziplina arteko proiektu bat da, eta arreta jartzen du Bizkaiko Golkoko itsasaldean arrantzarako sareak ehuntzen aritu diren emakumeen, saregileen lanbidean. Proiektu honen helburua da agerian jartzea emakume horiek beren kultura-paisaiaren eraikitzaile gisa egin duten lanaren eta lurraldearen beraren artean dagoen interdependentzia, eta, aldi berean, balioestea historian barrena egin dituzten lana eta borroka. Gainera, prekarietate larrian eta bazter utzita dagoen artisautzako lanbide honi, nolabait, eusteko modua eman nahi zaio eta sustatu nahi da. Ikerketan, lanbide hau agertzen da historian barrena feminizatu eta ikusezin gisa bazter utzitako lanbideen artean, eta, horregatik, prekarietatea da nagusi ogibide honetan.
Proiektu hau garatzeko, ikus-entzunezkoak, soinu-paisaiak, artxiboko materiala eta ehungintza aztertzen ari da. Azken zati horrek, ehungintzak, garrantzia du proiektuan, balio baitu ehungintzako teknika tradizional bat agerian jartzeko tresna gisa, lurralde askotan ahanzturan gelditzeko bidean badago ere.
Orain arte, proiektua A Coruña, Asturias eta Portugal iparraldeko itsasaldean garatu ahal izan du. Artista orain Euskadin dago, eta Euskal Herriko itsasaldeko saregileen lana jorratu nahi du, lanbide ikusezin honen inguruko ikerketarekin jarraitzeko, sare-ehunak eta bertako materialak aztertuz.
Irene Trapote. Diziplinarteko artista (Gijon, Asturias, 1998) da, Arte Ederrak ikasi zituen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean (2016-2020), eta, gero, Artea eta Sorkuntza Ikerketako Masterra egin zuen unibertsitate berean (2021). Espazioen teoria, ekologia eta feminismoari buruzko teorian hartu du prestakuntza bereziki. Bere proposamenek lurraldea eta gorputzek lurraldearekin duten harremanak dituzte abiaburu, kulturaren eta ingurunearen arteko komunikazioa arakatzen du, eta, normalean, ardatz gisa hartzen ditu lurraldearen kudeaketa, egungo zibilizazio-krisia eta krisi ekosoziala, jakintza kokatuak eta autonomiaren bilaketa. Ez da diziplina jakin batera mugatzen, baina, duela gutxi sakon aztertu ditu ehungintzako artea eta praktika kolektiboa, tailerretan eta lan komunitarioko espazioetan.
Irene Trapote Bulegoa z/b-n ari da egonaldian, Kultura Ministerioak egonaldietan proiektu artistikoak sortzeko, ikertzeko eta ekoizteko dituen laguntza publikoen deialdiko bekadun gisa.