Beste egonaldi-modalitate batzuk
IRENE TRAPOTE: HACER TERRITORIO ATANDO CABOS
by
TAILERRA / PRAKTIKA KOLEKTIBOA
Irene Trapoteren tailerra, Bulegoa z/b-n duen egonaldiaren emaitza gisa, “Hacer territorio atando cabos” proiektuarekin.
asteazkena: 2025eko abenduaren 17a.
Ordua: 16:00etatik 19:00etara
Gehienez: 8 lagun.
HACER TERRITORIO ATANDO CABOS
“Hacer territorio atando cabos” [Lurraldea egitea, hari-muturrak lotuz] diziplina arteko proiektu bat da, eta arreta jartzen du Bizkaiko Golkoko itsasaldean arrantzarako sareak ehuntzen aritu diren emakumeen, saregileen lanbidean. Proiektu honen helburua da agerian jartzea emakume horiek beren kultura-paisaiaren eraikitzaile gisa egin duten lanaren eta lurraldearen beraren artean dagoen interdependentzia, eta, aldi berean, balioestea historian barrena egin dituzten lana eta borroka. Gainera, prekarietate larrian eta bazter utzita dagoen artisautzako lanbide honi, nolabait, eusteko modua eman nahi zaio eta sustatu nahi da. Ikerketan, lanbide hau agertzen da historian barrena feminizatu eta ikusezin gisa bazter utzitako lanbideen artean, eta, horregatik, prekarietatea da nagusi ogibide honetan
Proiektu hau garatzeko, ikus-entzunezkoak, soinu-paisaiak, artxiboko materiala eta ehungintza aztertzen ari da. Azken zati horrek, ehungintzak, garrantzia du proiektuan, balio baitu ehungintzako teknika tradizional bat agerian jartzeko tresna gisa, lurralde askotan ahanzturan gelditzeko bidean badago ere.
Orain arte, proiektua A Coruña, Asturias eta Portugal iparraldeko itsasaldean garatu ahal izan du. Artista orain Euskadin dago, eta Euskal Herriko itsasaldeko saregileen lana jorratu nahi du, lanbide ikusezin honen inguruko ikerketarekin jarraitzeko, sare-ehunak eta bertako materialak aztertuz.
TAILERRA / PRAKTIKA KOLEKTIBOA
Praktika hau espazio gisa antolatu da, gorputza eta eskuak jartzeko, hitzaz gain, artista egiten ari den ikerketan.
Lehenik eta behin, proiektuaren gaiari buruzko sarrera bat egingo da, aurretik egindako lanak eta ikus-entzunezko dokumentazioa eta dokumentazio bibliografikoa erakutsiz, feminizatutako lanbideen ikusezintasunari buruz hizketan hasteko. Gero, arrantza-sareko ehunaren teknika azalduko da, elkarrekin gorputza ikerketa horretan jarri, eta sarea ehuntzen jarraitzeko (ez soilik metaforikoki).
Sare-ehunaren praktika errazagoa izango da aurrez ehungintzari buruzko ezagutzak izanez gero, baina edozeinek du parte hartzeko aukera.
Tailerrean parte hartzeko, idatzi bulegoa@bulegoa.org helbidera, eta azaldu 4-5 lerrotan nor zaren, zer egiten duzun, nondik zatozen eta zergatik nahiko zenukeen tailerrean parte hartu.
Irene Trapote. Diziplinarteko artista (Gijon, Asturias, 1998) da, Arte Ederrak ikasi zituen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean (2016-2020), eta, gero, Artea eta Sorkuntza Ikerketako Masterra egin zuen unibertsitate berean (2021). Espazioen teoria, ekologia eta feminismoari buruzko teorian hartu du prestakuntza bereziki. Bere proposamenek lurraldea eta gorputzek lurraldearekin duten harremanak dituzte abiaburu, kulturaren eta ingurunearen arteko komunikazioa arakatzen du, eta, normalean, ardatz gisa hartzen ditu lurraldearen kudeaketa, egungo zibilizazio-krisia eta krisi ekosoziala, jakintza kokatuak eta autonomiaren bilaketa. Ez da diziplina jakin batera mugatzen, baina, duela gutxi sakon aztertu ditu ehungintzako artea eta praktika kolektiboa, tailerretan eta lan komunitarioko espazioetan.
Irene Trapote Bulegoa z/b-n ari da egonaldian, Kultura Ministerioak egonaldietan proiektu artistikoak sortzeko, ikertzeko eta ekoizteko dituen laguntza publikoen deialdiko bekadun gisa.
