EL CONTRATO liburuaren aurkezpena Azkuna Zentroan
EL CONTRATO argitalpenak amaiera ematen dio Bulegoa z/b ekimenak Azkuna Zentroan izan duen bi urteko egoitza-aldian garatutako proiektuari.
EL CONTRATO proiektuak sakon ikertu nahi izan du esan gabeko eta oro har onartutako akordioek nola baldintzatzen dituzten kontuak egiteko, egoteko eta jokatzeko moduak eta praktikak. Hiru unetan garatu da: lehenik, irakurketa-talde bat izan zen, 2013ko apirila eta 2014ko urtarrila bitartean, eta horrek aukera eman zuen aldian behin testuen inguruan bilduz ikasteko eta hausnarketa egiteko; gero, hogei bat artistaren obra biltzen zuen erakusketa egon zen, 2014ko urria eta 2015eko urtarrila bitartean, irakurketa-saioetan landutako gaien inguruan egituratuta, eta zinema-programa batekin, hitzaldiekin, performanceekin eta beste irakurketa-talde batekin osatuta; eta, bukatzeko, liburua dago. Filiep Tacq-ek diseinatutako liburu honek modu partzialean jasotzen ditu aurreko bi uneak, eta, horrez gain, hamar testu biltzen ditu. Testu horietan, EL CONTRATO proiektuan sartuta egon diren hainbat lagunek hausnarketa egiten dute tituluak adierazten duen nozioari buruz. Testuen egileak: Elena Casado eta Pablo Meseguer, Beatriz Cavia, Miren Jaio, Jorge Laespada, Teresa Lanceta, Karl Larsson, Isabel de Naverán, Sergej Goran Pristaš, Camila Téllez, Leire Vergara.
Lekua: Jarduera Osagarrien Zentroa. 2. solairua. Azkuna Zentroa, Bilbo.
EL CONTRATO Bulegoa z/b ekimenak sortutako, eta Azkuna Zentroak antolatu eta ekoitzitako proiektu bat da.
Informazio gehiago: www.azkunazentroa.com