DISPLAY SERIES: ELENA AITZKOA + MARWA ARSANIOS

by

  • Paraíso Terrenal (2019) diskoaren azalaren barnealdea

  • Marwa Arsanios: Who is Afraid of Ideology? (2019)

  • Marwa Arsanios: Who is Afraid of Ideology? (2019)

Elena Aitzkoak eta Marwa Arsaniosek bi lan aurkeztuko dituzte Display Seriesen barruan: Paraíso terrenal eta Who is Afraid of Ideology? Display Series programa-ildoaren ardatza erakusketa eta instalazioaren formatuak dira. Elkargune bat sortu nahi du, bertako eta nazioarteko artistek beren lanak ikusgai jar ditzaten Bulegoa z/b-ren espazioan eta elkarrizketak sor daitezen.

Irailak 26, osteguna:
17:00: Erakusketaren hasiera
17:30: Elena Aitzkoaren Paraíso Terrenal lanaren entzunaldia
18:30: Marwa Arsaniosek Who is Afraid of Ideology? aurkeztuko du

Erakusketaren egunak:
2019-09-26 – 2019-10-05. Astelehenetik larunbatera, 16:30etik 20:30era

ELENA AITZKOA: PARAÍSO TERRENAL. DISKOAREN ENTZUNALDIA
…Lurreko paradisua, arriskua eta edertasuna dago, eta, bitxikeria guztien artean, zu zeu bitxiena. Baina, gaizki hesitutako lorategi honen atea zeharkatzean, igeltxoek agurtzen zaituzte, albo batera joz, kro-kro, kro-kro… Muturra-kizkurra. Ibaia lehortu berri da, aintzira zoragarri dago, musu bat nola, bainua hartzen dut eta ur izoztuak nire hezurrekin hitz egiten du… Saldo nahasia osatuz paradisuko txoriek hegoei eragiten diete uso arreekin batera. Kordea galtzea!

Paraíso Terrenal lana biniloan argitaratu du Grupo de fe-k 2019ko martxoan. 2017 eta 2018ko udazkenetan Apodaka inguruan errezitatutako poemen grabazioak ditu; eta kanpoaldeak ere kantatzen du. Apustu soila da.

Granadako Lorategi Botanikoan aurkeztu du, performanceaz eta eskulturez lagunduta, FACBA jaialdian; eta Madrilgo CentroCentro-n ere bai, Frecuencia Singular Plural zikloan. Bulegoa z/b-n diskoaren entzunaldi osoa izango dugu, marrazki batzuez lagunduta.

MARWA ARSANIOS: NOR DA IDEOLOGIAREN BELDUR?
Sarrera gisa, harri-koskorrez betetako bide baten gainean zutik, Marwa Arsanios zuzendariak kamerari hitz egin, eta zera galdetzen du: “Zer esan nahi du toki batekoa izateak? Zer esan nahi du ‘hemen egoteak’? Zein da ‘natura’ hitzaren esanahia? Zer dakar ‘gu’ esateak?”. Gerrek hondatutako hiru lekutan emakumeek egindako esperimentuetan, auzi politiko horiek agertzen dira. Lehen esperimentua 2017aren hasieran izan zen, Kurdistango mendietan. Emakume kurduen mugimendu autonomistak gidatutako matxinadak gonbit egiten die ikusleei beste era batera esperimentatzera eta hausnartzera espazioaz, landarez, biziraupenaz, ekologiaz eta borroka ekonomikoez. Diotenez, prozesua auzi praktikoen emaitza da: Nola sortu elikagai organikoak ekoizteko ziklo bat? Noiz moztu behar da zuhaitz bat? Bigarren kasua Jimwar-en izan zen, hitzez hitz, ’emakumeen lekuan’. Siriako iparraldeko Rojavan dago herria, emakumeek esklusiboki erabiltzeko emakumeek eraikia. Azkenik, Libanoko Bekaa haraneko kooperatiba bat, Siriako mugatik hurbil kokatua, errefuxiatuentzako santutegi moduko zerbait bilakatua egun. Komunitate horietan, lurraz eta ekoizteko eta bizirauteko baliabideez berriro jabetzea ezinbesteko kontua da, eta paisaia desberdin bat sortzen du. Hiru estrategia eko-feminista operatibo horiek auto-gobernantzako, eta jakintza sortzeko eta transmititzeko formak sortzen dituzte. Esperimentu hauskorrak dira, baina izugarri baliotsuak. Herbario bateko orrialdeen gisakoak dira, kontuz bildu eta eskuz marraztu diren landareak bateratzen baititu. Filmean, manifestu isil eta zuzen gisa agertzen dira. (Nicola Feodoroff)

Elena Aitzkoa (Apodaka, 1984). Bilbon bizi da. Besteak beste, eskulturan, marrazketan, poesian eta performancean aritzen da. Haren sorkuntza-lanak ekosistema heterogeneo bat dira, eta ingurune gutxi-asko hurbileko elementu fisikoak eta emozionalak eta bizi-esperientziak dituzte oinarrian. Azken proiektuen artean, hauek nabarmentzen dira: Zarza Corazón (2019), Valladolideko Museo Patio Herreriano; Paraíso Terrenal (2019) poemen eta txistuen biniloa; Nuestro amor nació en la Edad Media (2018) filma, eta Headscarfs close to the Ground performanceen zikloa, Oslo Pilot-en esparruan egina (2016).

Marwa Arsanios artista, zinemagile eta ikertzaileak ikuspegi garaikidetik berraztertzen ditu XX. mendeko ideia politikoak, gehienbat genero-harremanak, hirigintza eta industrializazioa ardatz gisa hartuta. Ikerketara hurbiltzen da, lankidetzaren bidez eta jakintza-arloak gurutzatuz. Banaka erakutsi ditu lanak, besteak beste, espazio hauetan: Skuc Gallery, Ljubljana (2018); Beirut Art Center, Beirut (2017); Hammer Museum, Los Angeles (2016) eta Witte de With Center for Contemporary Art, Rotterdam (2016). Erakusketa kolektibo askotan parte hartu du, hala nola hauetan: Varsoviako Bienala (2019), Sharjaheko Bienala (2019), Gwangjuko Bienala (2018), Luleako Bienala (2018), From Ear to Ear to Eye, Nottingham Contemporary, Nottingham (2017); Home Return, Maxxi Museum, Erroma (2017). Bestalde, toki hauetan proiektatu dituzte haren bideoak: Copenhague dox (2018); Georges Pompidou zentroa, Paris (2011, 2017); Berlingo Nazioarteko Jaialdia, Berlin (2010, 2015); e-flux storefront, New York (2009). 2019an Georges de Beauregard saria jaso zuen Marseillako Nazioarteko Zinemaldian, FID. 98weeks Research Project proiektuaren sortzaileetako bat da. Gaur egun, doktoregaia da Vienako Akademie der Bildende Künste-n.