Denboren polifonia

“Aurreko eguneko elkarrizketaren ondoren, buruan nuen artean izar itxurako gotorleku baten irudia, eta geometrikoki doi-doia zen plantaren gainean altxatzen ziren haren harresi garaiak. Hala ere, aurrez aurre nuena hormigoizko ore baxu bat zen, kanpoko hegaletan alde guztietatik biribilduta, izugarri konkorduna eta itxuragabea zirudiena: munstro baten bizkar zabala –egin nuen gogoeta–, azaleratzen, balea bat ur sakonetatik bezala (…)”.

W.G. Sebald: Austerlitz (2001)

Denboren polifonia proiektuak baldintza egokiak eskaintzen ditu Hondarribiko gotorlekuan bilera bat egiteko, 2013ko ekainaren 22ko 18:00etatik ekainaren 23ko 18:00etara. Bulegoa z/b ekimenak egin du proiektua, Pedro G. Romerok komisariatutako Bake-ituna-ren Kanpoaldeak gunerako*. Hogeita lau orduz denbora-pasa egotea eta horretaz hausnarketa egitea da proiektuaren xedea. Horretarako, hogeita lau laguni gonbit egin diegu, parte har dezaten eta jardunaldietako denbora-puska bat bete dezaten.

Bilerako denboren eta egituraren banaketa in situ sortuko dugu, gonbidatuekin eta hurbiltzen diren lagunekin hitz egin ondoren. Horrez gain, gai hauek landuko ditugu: nola hautsi produkzio-sistemaren ordena normatibizatuarekin; nola egin gogoeta itxaronaldiaren eta gertaeraren aldiaren arteko dikotomiaz; nola sorrarazi iraupen-egoerak eta denbora galduak; nola egin hausnarketa hogeita lau orduko jardunaldi jarraitu bateko denbora-antolakuntzari buruz, denbora emankorraren eta alferrikako denboraren arteko zatiketak bereizezinak direnean.

Hondarribiko Guadalupeko gotorlekuak dituen bereizgarriak kontuan izanik, oso agertoki berezia da Denboren polifonia proiektuak proposatutako bilerari begira: goialde batean eta mugaldean dago kotatuta; aski bakartuta dago, hirigunetik urrunduta; anakronikoa eta alferrikakoa da jatorriz, zegokion garaia baino lehen; itxura ez-ohikoa du, zati batean lurperatuta eta landarez estalita egonda; gotorlekuaren irudia literalegia da eta muga, barnealdea eta kanpoaldea, berezkoa eta bestea bezalako ideiekin du lotura.

Hondarribiko Guadalupeko gotorlekuaren historia lagungarria da bereizgarri horiek azaltzeko. 1900. urtean eraiki zuten multzoa, “lubakitutako zelaiaren” sistemari jarraiki. Armaz hornitutako gotorleku iraunkorren multzo bat da, lurraldeko toki gailenetan dago kokatuta, eta hurbilean zeuden militarrei laguntza ematea zen bere betekizuna. Eraikina, hasieran, gotorlekuen lerro baten barruan sartuta zegoen. Arrazoi ekonomikoak zirela-eta, hiru gotorleku baizik ez zuten eraiki. Gotorleku honen bidez, Gipuzkoako lurraldea babestu nahi zuten izan zitzakeen mehatxuetatik, adibidez, mugaz bestaldetik irits zitezkeen inbasioetatik edo lurralde barruan karlistek egin zitzaketen altxamenduetatik.

XX. mendearen hasieran sortu zen Hondarribiko Guadalupeko gotorlekua, baina ez zen bere mendeko umea izan, aurreko mendekoa baizik. Multzo arkitektonikoa sorreratik bertatik izan zen anakronikoa eta zaharkitua, eta ez zuen balio izan diseinatu zutenean zituen zereginak betetzeko. Izan ere, aurreikusi zituzten bi gatazka-egoeretatik bat ere ez zen gertatu. Bestetik, “lubakitutako zelaiaren” diseinua eta eraikuntzako teknika ez ziren gai izan XX. mendeko gerrek zuten ikuskera berriari erantzuteko. Hondarribiko Guadalupeko gotorlekua altxatu zuten unean, Europako beste toki askotan teknika eta material berriak baliatzen hasiak ziren eraikuntzan (hormigoi armatua, altzairuko kanpaiak, lurpeko babeslekuak), eta teknika eta material horiek bateragarriak izan ziren Lehen Mundu Gerran mugaz bestaldean sakonki saiatu zuten gerra-ikuskera berriarekin.

Gotorlekuak sorreraz zuen anakronismoari gaur egun duen denboraz kanpo izaera gehitzen zaio. Izaera hori erdi utzita egoteagatik eta haren itxura ez-ohikoagatik datorkio. Izan ere, naturak eta landareek lurpean dagoen eraikinaren zatia estaltzen dute, eta, ondorioz, paisaia zapala eta gatzgabea sortzen da. Arretaz begiratuz gero, berehala hasiko dira sortzen eta azaltzen denborak igarotzean lausotu dituen formak.

Bilera egiteko hautatu ditugun lekuak gotorlekutik kanpo daude, ateetan: guardien taldearen gelak eta sarrerako zelaia. Hondarribiko alardea bertan egiten da urtero. Bi toki horietan, era askotako jarduerak egin daitezke, adibidez, irakurraldiak, proiekzioak, ibilaldiak, partekatutako hausnarketak edo eskulturen eta beste objektu artistiko batzuen instalazio iragankorrak. Denboren polifonia proiektuak jardunaldi jarraitua egin nahi du, une batez denbora eten ahal izateko, konbentziozko formarik hartu gabe.

Hona hemen Denboren polifonia proiektuan parte hartzera gonbidatutakoak zein diren: Elena Aitzkoa, Lorea Alfaro, ANTespacio (Laura Díez, Melodie Martín), Ibon Aranberri, Jesús Arpal Moya, Jesús Arpal Poblador, Aimar Arriola, Josu Bilbao Ugalde, June Crespo, Marion Cruza, Oier Iruretagoiena, Gabriela Kraviez eta Juan Pérez Agirregoikoa, Jon Mantzisidor, Alex Mendizabal, Musta Props, Mikel Ochoteco, Ángela Palacios, Sarah Rasines, Irantzu Sanzo, Marcos Urquijo, Cristian Villavicencio, Esteban Zamora (Kaxilda).

*Bake-ituna Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren proiektua da. 1813. Donostiaren setioa, sutea eta berreraikitzea, bere lehen aurkezpena, DSS2016 Fundazioak eta San Telmo Museoak egin dute, ondorengoen koprodukzioarekin: Donostiako Untzi Museoa eta Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea, eta Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoa; eta ondorengoen laguntzarekin: Baionako Euskal Museoa, Madrilgo Kalkografia eta Liburutegi Nazionala, Prado Museoa eta Reina Sofia Arte Zentro Museo Nazionala.

Ordutegia: 2013ko ekainaren 22ko 18:00etatik ekainaren 23ko 18:00etara.
Tokia: Hondarribiko Guadalupe gotorlekuko guardien taldeko gelak, gotorlekuaren sarrerako zelaia eta ingurumariak.

Argibide gehiago nahi izanez gero, idatzi helbide honetara: bulegoa@bulegoa.org

Koproduktoreak:

    

Erakundeak: