‘DENAK ARTISTAK, DENAK TURISTAK’. JOSÉ DÍAZ CUYÁS

by

  • George Cruikshank: “All The World Going To See The Great Exhibition of 1851", (1851).

José Díaz Cuyásek aurkeztutako Denak artistak, denak turistak saioa Space is The Place / The Place is Space programaren lehenengo topaketa da. Ikasketa-taldeak bilerak egiten ditu aldizka, eta bere helburua da arteak praktika kritiko gisa duen zeregina aztertzea, tresnak eskaintzen baititu geratzeko, begiratzeko eta munduan kokatzeko. Egoerak sortu, eta bizitzeko eta espazioa ekoizteko moduak irudikatzeko.

Denak artistak, denak turistak
1800. urtearen inguruan sortu zenetik, esperientzia estetikoa aurrez aurre azaldu da esperientzia turistikoaren aurka.  Lehenengo esperientzia, norbanako ikasi, aske eta sortzaile batena da; bestea, berriz, izaki kaskarin, alienatu eta programatu bati dagokio. Lehenari benetakotasuna eta gu hunkitzeko intentsitatea aitortzen dizkiogu; bestea pseudoesperientzia merkantilizatu bat besterik ez da. Hala ere, XX. mendeko hirurogeiko hamarkadako arteak esperientzia estetikoa babesten zuen ezkutua bazterrean utzi ondoren, artelana behatzeko moduko objektua izateari utzi eta berez esperientzia bilakatu ostean –bizipen bat, beste askoren artean–, arazo asko daude benetako eta sasiko bizipenak bereizten zituen ordena hierarkiko zaharrari eusteko.

Hala, gaur egungo egoeran, esperientzia erabat merkantilizatu dela, ahalegina egin behar da ekitaldi artistiko handiak turismo hutsarekin ez nahasteko. Nagusi diren diskurtso artistikoek, Teoria Kritikoaren lorratzari jarraiki, neurri batean, ondo betetzen dute idiota alienatuak eta kritiko ezagueradunak bereizten jarraitzeko zeregin lasaigarria. Alabaina, gaur egun, tour-ak egiten dituzten esnobez –gu geu– leporaino betetako eszena artistikoan banaketa hori egitea komiko samarra da. Kontua da Museoa eta Turismoa aldi berean sortu zirela, eta historikoki antzeko eginkizuna bete dutela: lehenak duen ezinezko eginkizuna da munduko zati dislokatuak –Historia, Natura– agertoki berean biltzea, antolatzea eta bateratzea; besteak duen zeregin era berean ezina da batasunaren ilusioa eskaintzea, bidaiarentzat diskretuki egokitutako lekuetan Historia eta Natura modu ikusgarrian eszenaratuz. Munduaren musealizazioa eta turistizazioa prozesu bereko parte izan dira beti, baina turismoa da kultura eta arte modernoaren “alde madarikatuaren” papera betetzen duena.

Oraingo berritasuna da masifikazioak eta merkantilizazioak erabat bete dituztela turismoa eta museoa bereizten zituzten gailu diskurtsiboak, eta agerian utzi dutela, gordinki, sustrai bera dutela: dena dela artea dena salgai dela, eta, era berean, denak garela artistak denak turistak garela.

Saioa 17:00etatik 19:30era izango da. Parte hartu eta hautatutako bibliografia jaso nahi baduzu, idatzi helbide honetara: bulegoa@bulegoa.org

José Díaz Cuyás. Estetika eta Artearen Teoriako irakaslea da La Lagunako Unibertsitatean. Haren ikerkuntzak gorputza hartzen du ardatz, esperientzia artistikoaren eta bisualaren bitartekaria den aldetik, eta, orobat, joan den mendearen hirurogeiko hamarkadako abangoardien ondorio praktikoak eta teorikoak jorratzen ditu. Arestian atera dituen argitalpenen artean, hauek ditugu: Concreta aldizkariak arteari eta turismoari buruz atera duen 10. zenbakiaren koordinazioa, eta “Movilizados por lo real: turistas, soldados, artistas” (Marcel Broodthaers-i buruzkoa) in Arquitectura: lenguajes fílmicos, Tabakalera, 2018. Acto aldizkariko zuzendaria da; hauek izan ziren aldizkariaren azken monografikoak: Duchamp, Suelo, Risa eta Fantasmas (http://www.revista-acto.net/). Gaur egun ikerkuntza-talde honen koordinatzailea da: TURICOM, La experiencia turística: Imagen, Cuerpo y Muerte en la cultura del ociohttp://turicom.es/).