COOP STUDY GROUP CURATING POSITIONS. DUTCH ART INSTITUTE 2022-2023

by

Super 8ko filmazio-ariketaren laburpena. Lantaldea: Rhodé Visser, velvet leigh, Lau ten Zeldam, Lucas Lugarinho Braga, Miyoung Chang, 2022.

2022-2023 ikasturte akademikoan ere Dutch Art Institute-ko Arte Masterreko programaren parte da Bulegoa z/b, egitura bazkide gisa, Curating Positions: Un corte en la pantalla ikasketa-taldearen bidez. Marwa Arsanios-ek, Leon Filter-ek eta Leire Vergarak gidatzen dute ikasketa-taldea.

CURATING POSITIONS: UN CORTE EN LA PANTALLA 

Parte hartzen duten ikasleak:
Anastasia Nefedova, Claudia Medeiros, Daniël van der Giessen, Gabriel Acevedo, Ian Nolan, Saverio Cantoni, Savva Dudin, Till Langschied, Tomer Fruchter, Weronika Zalewska

Programaren sarrera:

La parábola del Sembrador etorkizun hurbil eta ilun batean bizi den neska gazte baten istorioa da. Sinesmen-sistema berri bat sortu du, erlijio berri bat, eta erantzuna horixe dela uste du. Etorkizun horretan, Estatu Batuak Sobietar Batasunaren bidetik abiatu dira. Kanpoko etsaiek ez dute garaitu; ahitu eta kolapsatu egin da, besterik gabe. Bitxia da, inork ez zuen uste Sobietar Batasunari hori gerta zekiokeenik, harik eta gertatu zen arte. Hori da historiaren esparrua.

[“Devil Girl From Mars”: Why I Write Science Fiction”, Octavia Butler-en lanaren zatia]

Jende asko kexatu da anarkismoak goi-mailako teoriarik ez duelako. Sortzailetzat hartzen direnek ere –Godwin, Proudhon, Bakunin, Kropotkin–, maiz, panfletistak eta moralistak dirudite, benetako filosofoak baino gehiago; eta azken aldiko anarkistarik ezagunenek joera gehiago izan dute eslogan burutsuak, jite basati eta poetikoak edo zientzia-fikziozko eleberriak ekoizteko, ekonomia politiko sofistikatua edo analisi dialektikoa jorratzeko baino. Milaka akademiko marxista daude, baina oso anarkista gutxi. Horren arrazoia ez da anarkismoa anti-intelektuala dela, baizik eta, funtsean, ez duela bere burua ikusten aztertzeko proiektu gisa. Proiektu moral bat da beste ezer baino gehiago.

[“What is Anarchism” lanaren zatia. David Graeber-en Direct Action]

Europako abangoardiako zineman (adibidez, Dziga Vertov) sustraitutako ekoizpen zinematografiko kolektiboko historia batetik joz, eta, orobat, borroka antikolonial eta dekolonialetatik, mugimendu feminista internazionalistetatik eta langileen borroketatik abiatuta, aurtengo COOPek konpromisoa hartuko du istorio horiekin, zinema gertatzeko bide emango duen gure egitura kolektiboa ekoizteko aukera aztertzeko. Mugimendu horrek berriz antolatuko ditu gure lan-harremanak eta desafio egingo dio egiletzari.

Egituran hauteman ohi ez dugunetik hasita, hau da, ekoizpena gerta dadin eta hari forma eman diezaion bide ematen duten ezkutuko esentzietatik hasita, berrantolaketa-prozesu horretan ibiliko gara hainbat urrats eginez, COOPeko partaide guztiek proposatuta. Proposamenak organigrama/eskuliburu batean jasoko dira, eta gida gisa erabiliko dira, gure ekoizpenaren etapa desberdinetan. Honako hauek izango ditu, nagusiki: tresnen bilduma bat, antolaketa-metodoak, lan-konpromisoari buruzko akordio bat, balio orokorrak, printzipioak eta politikak. Prozesu formalei eta estetikoei buruzko gogoetak ere jasoko ditu.

Funtsezko gaiek proposizio-praktika komun batera eramango gaituzte:

Nola bildu antolaketa- eta diskurtso-tresnak eta -ezagutzak praxi kolektibo hori eraikitzeko? Zer forma hartuko du, lana banatzeari dagokionez? Horizontalki antolatuta egongo da, edo lana argi eta garbi banatuta egongo da esleitutako rolekin? Aldatu al daitezke paperak txandaka? Nola jarriko dira praktikan ideia politikoak egituraren barruan? Galdera horiek guztiak idazteko, filmatzeko eta irakurtzeko hainbat ariketaren bidez erantzungo dira. Horien helburua izango da espekulazio-mailako egitura bat eraikitzea, ahaztu gabe egitura bera oinarria izango dela ikerketa-taldeari film-lengoaia berri bat sortzen laguntzeko, eta, beharbada, zinemaren bidez lan egiteko modu kolektibo berriak sortzen laguntzeko.

Adierazpen filmikoetan, testu eta praktika anarkistetan, zientzia-fikziozko literaturan eta munduaren eraikuntzari buruzko literaturan eta, orobat, borroka ekologiko, queer antolamendu eta antolamendu feministan, langileen sindikalismo eta lurraren gaineko eskubideekin konprometitutako brikolajeko oinarrizko beste erakunde batzuetan oinarrituta, ikerketa-talde honek ahalegina egingo du gure egitura ideala eta materialki bideragarria asmatzeko, urtean zehar hainbat forma filmiko sortzeko, diskurtsiboak, intimoak, didaktikoak, hezkuntzakoak, estetikoak (formalak) edo aktibistak, zuzeneko zentzu politikoan.

Nola ezar dezakegu filmak ekoizteko egitura bat, gizabanako eta ahots desberdinek prozesuan bizitzeko aukera izan dezaten? Eta zer ekoizten du kolektiboak, komunitateari dagokionez, egituraren eta filmaren inguruan? Hori guztia, alde batera utzi gabe prozesuaren azpiegitura-alderdia jorratzea, banaketa-, zirkulazio- eta ekonomia-gaien bidez.

Proposatzen denak lankidetza-ahalegina eskatzen du, parte-hartzaileen banakako praktikei buruz, eta, aldi berean, dauden egiturak eta ereduak aztertuko dira, eta landuko den filmografiak eta materialak erreferentzia egingo diote kolektibo zinematografikoen historia bati, paisaiaren teoriari buruz, besteak beste: The Black Audio Film Collective, Otolith Group, Abounaddara, Rojava film Commune, Subversive films, Geocinema, Videoout, cinema caravan, another screen, Fhar, Dogma cinema, Mosireen, Masao Adachi.

DUTCH ART INSTITUTE
Dutch Art Institute, DAI ROAMING ACADEMY programa ibiltariak era askotako praktikak sustatu nahi ditu artearen eta teoriaren artean (diziplinarik gabeko diziplina gisa ulertuta biak ala biak), eta gogoeta, ikerketa, adierazpen, egintza, ibiltaritza, komisariotza, performance, idazketa eta edizioko forma kolektiboak bultzatu nahi ditu. Graduate School of the ArtEZ University of the Arts-en sartuta dago.