COOP STUDY GROUP CURATING POSITIONS. DUTCH ART INSTITUTE 2019-2020
by
2019-2020 ikasturte akademikoan, Dutch Art Institute-ko Arte Masterreko programaren parte da Bulegoa z/b, egitura bazkide gisa Curating Positions: Location in Reverse- Care For A Place Through The Cinematic Lens ikasketa-taldearen bidez. Marwa Arsanios-ek, Leon Filter-ek eta Leire Vergarak zuzentzen dute ikasketa-taldea.
Jakintzaren izaera “kokatuaren” ideia, lokalizazioak ikerketan duen garrantzia eta ekoizpen artistikoan duen eragina abiaburutzat hartuta, COOP ikerketa-taldeak tokia eta kokapena aztertuko ditu, gailu zinematografikoaren lentearen bidez, eta arreta berezia egingo die adi begiratzeko eta entzuteko ekintzei. Nola bihur daitezke objektibo zinematografikoa eta grabagailua ikerketarako tresna, beren potentzial estetikoa galdu gabe? Nola sor daiteke jakintza artistikoa tresna horien bidez, kontzienteki etikoa den modu batean? Bestela esanda, ikertzaileak kokapen jakin batean duen posizioak eta jakintza leku batetik ateratzeko moduak sortzen dituzten kontraesanak onartuta, nola ordezka daitezke normalean “estraktibistak” diren harreman batzuk zaintza-praktika batzuekin? Eta, bukatzeko, soinua eta zinema lagungarriak izan ahal zaizkigu, leku batean aldi batez bizitzeko eta bera zaintzeko?
Leku bat edo kokapen bat zaintzea funtsezko kontua izango da COOP honen barruan egingo diren praktiketan eta ariketetan. Nola entzuten dugu leku bat? Haren lurraldeari eta hura mantentzeko egiten den zaintza-lan ikusezin guztiari arreta jartzen diegunean egiten al dugu? Nola aplikatu zaintzako politika feministak ikerketa-prozesu batean? Nola erabili zinema eta soinua kokapen bat zaintzeko? Taldean, oinarrizko testuak landuko ditugu, hala nola Eve Tuck eta Marcia McKenzie-ren Relational Validity and the “Where” of Inquiry: Place and Land in Qualitative Research, eta Maria Puig de la Bellacasaren Matters of Care.
“Alderantzizko lokalizazioak” Robert Smithson-en “alderantzizko aurria” du oinarri. Termino hori arkitekturara hurbiltzen da (gure kasuan, lokalizazioa), alderantzizko prozesu baten bidez, horrek sortzen duen arkitektura (edo espazioa) ez baita azaltzen eraikitzeko ekintzaren bidez, baizik eta “higatzeko prozesu naturalen bidez, eta haien ondoriozko biltegi sedimentarioen bidez”. Kokapen batera hurbil gaitezke, haren baldintza fisiko, geografiko, geologiko, sozial, kultural eta politikoen bidez, bai eta maila afektiboaren bidez ere, nolabait esateko, bera osatzen duten eta, beraz, proposatutako praktika artistikoa edo kuratoriala jasotzen eta are eraldatzen duten solaskideen komunitatearen bidez. Behin-behineko kokapenetan, zailtasuna da nola hurbildu espazio afektibo batera, eta nola izan gai elkarrizketa luzatzeko, emandako denborazko esparruak ezarritako mugetatik harantz. Alderantzizko lokalizazio batez gogoeta egiteak esan nahi du lekuaren eraldaketen atzean zer geratzen den pentsatzea, bertan izan diren bizitzeko modu desberdinen (gizakienak eta gizakienak ez direnak) hondakinak bilatzea, zaintzako harreman berriak proiektatzea, kontaktu hartzeko behin-behineko baldintzek ezartzen dituzten mugetatik ihes egiten lagunduko digutenak.
Kokalekuak beti egoten dira denborazko baldintzen mende, eta, beraz, hurbilketa kuratorialetik edo artistikotik haiekin lan egiteko, ezinbestez hartu behar dira kontuan haien espazio- eta denbora-dimentsio guztiak. Azterketa-talde honetan proposatzen dugu “alderantzizko lokalizazioa” nozioa erabiltzea, habitatzeko gertaerara hurbilketa kuratoriala garatzeko, lekuak, igarobideak, espazio afektiboak, ohiko etxebizitzak edota fikziozko agertokiak harremanetan jarriz. Kokaleku horietako batzuk azterketa-talde gisa dugun ibilbidearen parte dira; beste batzuk gure eguneroko testuinguruetatik eta ibilbide biografiko eta artistikoetatik eramaten ditugu; beste batzuek izaera utopikoagoa edo fikziozkoagoa izan dezakete.
Lanean arituko gara Tunisian, St. Ermen eta Holandan, kokapen eta leku zehatzetan, alderantzizko ikuspegi poetikoa planteatzeko xedez. Horretarako, gure ibilaldiak eta ohiko lokalizazioen bilaketak egingo ditugu, eta lurraldetik egindako ikerketaren ideia sartuko dugu, lurralde edo kokapen bati buruzko ikerketaren ideiaren aurrez aurre. Lekuarekin lan egitea funtsezkoa izango da, horrek COOP ikerketa-taldearen beste alderdi garrantzitsu batera eramango baikaitu, hain zuzen, ikaskuntzako metodologia esperimentalak erabiltzera, taldearen azken proiektu gisa. Ahalegina egingo dugu “tokitik ikasteko eskola” bat sortzeko. Eskola hori goian aipatutako zaintza eta entzute nozioetatik abiatuko da, eta lokalizazioa ez du jorratuko ez dekoratu gisa, ez aztergai gisa; aitzitik, bera izango da ikaskuntza-prozesua bultzatuko duen indarra. Horrekin jarraituz, azken proiektua COOP ikerketa-taldearen jarraipen bat izango da, eta gailu zinematografikoaren bidez formalizatuko da. Taldeak eskola-eredu pilotu bat garatuko du, eta ardatz nagusi hauek izango ditu: zaintza, tokia zinemaren eta soinuaren bidez, eta auzi pedagogikoa.
Arretaz aztertuko dugu analisi zinematografikoa, zinemaren teoria eta soinuaren teoria feministaren bidez (Laura Mulvey, Teresa De Lauretis, Kaja Silverman, Pauline Oliveros… egileekin, besteak beste), filmen aukeraketa bat ikusiz (Adriana Monti, Trinh T. Minh-ha, Patricio Guzmán, Akram Zaatari, Omar Amiralay, Wendelien van Oldenborgh, Chantal Akerman, Ghassan Salhab, Straub-Huillet, Ulrike Ottinger, Lawrence Abu Hamdan, Louise Henderson, Rachel O’Reilly, Marwa Arsanios, Auremnari Ee…), eta deep listening ariketak eginez (sakonki entzutea), The Listening Group-ek ikerketa-talde honentzat berariaz diseinatutako saio batzuk –Leon Filter-en proposamen bat, COOP: Curating Positions (2017-2018) taldearen testuinguruan hasitakoa–. Beste ariketa batzuen artean, audio- eta zine-hartzeen aukeraketa bat sortuko da, eta hori baliagarri izango zaigu azterketa-taldearen barruan gure posizioak garatzeko.
Honako hauek hartzen dute parte Curating Positions taldean, ikasle gisa: Sara Benaglia, Azul de Monte, Maxime Gourdon, Dorothy Hunter, Iva Kovac, Niccolò Massini, Zoi Moutsokou, Kari Rosenfelt, Georgia Stelling, Zane Zajankauscka.
Dutch Art Institute
Dutch Art Institute, DAI ROAMING ACADEMY programa ibiltariak era askotako praktikak sustatu nahi ditu artearen eta teoriaren artean (diziplinarik gabeko diziplina gisa ulertuta biak ala biak), eta gogoeta, ikerketa, adierazpen, egintza, ibiltaritza, komisariotza, performance, idazketa eta edizioko forma kolektiboak bultzatu nahi ditu. Graduate School of the ArtEZ University of the Arts-en sartuta dago.