Egoitza deialdia
BULEGOA Z/B-N EGONALDIA IZATEKO DEIALDIA ZABALIK
by
Deialdia: irekia 2025eko apirilaren 25etik maiatzaren 26ra arte.
Uztailaren 11n jakinaraziko zaie deialdian parte hartutako guztiei zein den epaimahaiaren erabakia.
Deialdi hau berariaz bideratuta dago Bulegoa z/b ekimenaren barruan hainbat fase eta mailatan arte eta ezagutza ekoiztera. Egonaldia 2026an burutuko da, hilabeteko iraupena izango du eta artista eta ikertzaileentzat irekita dago. Artista egoiliarrak eskura izango ditu Bulegoa z/b-ren espazioa eta baliabideak bere lan edo ikerkuntza artistikoa gauzatzeko. Egoiliarrak proposatutako jarduera publikoak Bulegoa z/b-ren urte horren programaren barruan txertatuko dira.
Gure bulegoko gunea deskribatzeko, oinplano karratuko 85 metroko lokal bat dela esan daiteke. Bereizgarri nagusia bertako lau leihoak dira: erakusleiho moduan, kanpoaldearekin elkarrizketan daude. Kanpoan Solokoetxe auzoko oinezkoentzako gunea dago. Lokalak hainbat erabilera izan ditu: kontzertuak jotzea, hitzaldiak eskaintzea, aldi labur baterako erakusketak osatzea edota tokian bertan berariazko ekintzak gauzatzea. Bulegoa z/b, espazio fisikoa ez ezik, testuinguru bat ere bada, eta sormen- eta pentsamendu-mailako hainbat arlok elkarrekin topatzeko aukera ere bai.
DEIALDIKO BALDINTZAK
- EGONALDIRAKO DIRU-LAGUNTZA
Bulegoa z/b ekimeneko egonaldi-deialdi irekiak baliabide hauek eskaintzen ditu:
- Hilabeteko egonaldia Bulegoa z/b gunean.
- 1.000 euroko ordainsaria egoiliarrarentzat.
- 500 euro bidaia-poltsa eta ostatu gastuetarako, gehienez. Bestela, Bulegoa z/b ostatua emateaz arduratuko da.
- Jarduerarako 200 euroko ekoizpen-gastuak, gehienez. Horri ekoizpena publikoa egiteko sortutako gastuak gehitu beharko zaizkio.
- Laguntza logistikoa eta diskurtsiboa Bulegoa z/b 2026ko programaren barruan jarduera publikoak antolatzeko.
- Tokiko ingurune artistikoan jarduerak ezagutzera ematea, aurkezpenerako laguntza ematea eta garatutako proiektuaren bitartekaritza-lana egitea.
- EGUNAK
- Deialdia aurkezteko epea 2025eko apirilaren 25ean irekiko da, eta maiatzaren 26an itxiko da.
- Egonaldia hil batekoa izango da, 2026ko urtarrilaren 1etik abenduaren 19ra bitartean, baina zehaztu gabe dago oraindik.
- Ebazpena 2025eko uztailaren 11n jakinaraziko da.
- Jarduera publikoa egonaldia gauzatzen den bitartean izango da.
- AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA
Informazio hau eskatzen da:
- Egonaldian gauzatuko den proiektuaren txostena (gehienez 10 orri PDFa).
- Azalpen-gutun laburra, aurkezteko arrazoiarekin (gehienez orri bateko PDFa).
- CV eguneratua.
- Harremanetarako datuak (e-posta eta telefono zk.).
- Dokumentazioa web-orriko inprimakiaren bidez bidaliko da: bulegoa.org
- Dokumentazio osoa formatu digitalean aurkeztuko da, PDF formatuko artxibo bakar batean, IZENA_ABIZENAK_RESIDENCIA.PDF izenarekin eta 5Mb-eko.
- BATZORDEA ETA HAUTATZEKO IRIZPIDEAK
Edizio honetako epaimahaiko kideak sektoreko bi profesional gonbidatuak eta Bulegoa z/b-ko kideak izango dira (azken hauen botoa boto bakar bat bezala zenbatuko da).
Ebazpena irizpide hauen arabera emango da:
- Aurkeztutako proiektuaren kalitatea eta koherentzia.
- Hautagaiaren ibilbidearen eta proiektuaren arteko koherentzia.
- Proposamena Bulegoa z/b-ren ikerkuntza-ildoetara eta programara zenbateraino egokitzen den.
- Bideragarritasuna, eta Bulegoa z/b guneko baliabideetara eta espaziora zenbateraino egokitzen den.
- Proiektuaren dimentsio publikoa.
- PARTE HARTZEKO BALDINTZAK
Deialdian aurkeztuko diren lagunek konpromiso hauek onartuko dituzte:
- Egonaldia eta bertatik eratorritako jarduerak Bulegoa z/b 2026ko programaren barruan sartuko dira.
- Nahitaezkoa da egonaldia irauten duen bitartean Bilbon bizi izatea.
- Bi jarduera publiko egingo dira egonaldiaren eginkizunen artean: aurkezpen bat hasieran eta ekoizpen/formalizazio bat amaieran. Horien formatua Bulegoa z/b-rekin elkarlanean zehaztuko eta ekoitziko da.
- Deialdiaren ebazpena eman ondoren egonaldia onartzen ez bada, aurretiaz jakinarazi beharko da atzera egin dela proposamenarekin, behar adina denbora emanda.
Azpiko inprimakia bete eta bidali zure proposamena:
Elkartu dokumentu guztiak 5Mb arteko fitxategi bakar batean eta erantsi zure proposamena PDF formatuan.