Egoitza deialdia
ANTONIO MENCHEN: LURRAZ HARAINDIKO HONDO BELTZA ERAKUSKETA
by
Antonio Menchen-en erakusketaren inaugurazioa, Bulegoa z/b-ko egonaldiaren amaieran. 2018ko egonaldien deialdian, Menchenen lurraz haraindiko hondo beltza izeneko proposamena hautatu zuten, Claudia Pagès-en Espigadoras / Gleaners proposamenarekin batera. Epaimahaian hauek izan ziren: José Ramón Ais (artista), Beatriz Herráez (arte-historialaria, komisarioa eta Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoko egungo zuzendaria) eta Bulegoa z/b-ko kideak.
Inaugurazioa: Apirilak 3, asteazkena, 19:30etan.
Apirilak 3tik 12ra.
Astelehenetik ostiralera, 11:00tatik 14:00etara 17:00etatik 20:00etara.
Larunbata 11:00tatik 14:00etara.
lurraz haraindiko hondo beltza
Objektu bati, istorio bati denborazko ingurunea marrazten zaio, ahalegina egiten da oraindik proiektatzen duen itzala zedarritzeko. Hala, haren barrualdetik, jokoan jarri nahi dira bateratzen, gainjartzen edo berridazten diren elementuak, adibideak eta gauza desberdinak, azken batean, berdinak ez direnen arteko antzekotasun-erlazio hutseko esperientzia bat izateko.
lurraz haraindiko hondo beltza proposamenak jarraipena ematen dio irudiaren trantsituaz gogoeta egiten duen lan edo egikera bati; nola igarotzen den mundu mekanikotik mundu digitalera, eta iragaitza horrek nola eragiten duen prozedura batean, zer eragin duen jakintza edo baliabide batean. Zulo horretatik siluetak, paperak edo ahotsak azaltzen dira oraindik, iragan analgesiko, mitiko eta espektral batetik oraindik hauteman daitekeen errealitate edo esperientzia bat transferitzen dutenak.
Hala, materiala aintzat hartzeko dugun modua aldatzen da, metaketa eta konbertsioagatik, beharrizan eta ohituragatik. Etengabe eraikitzen, etengabe editatzen ari den irudi-artxibo batetik abiatuta, ahalegina egingo dugu marko hori betetzeko, proiektatutakoa, oraindik izan daitekeena, irudikatutakoa ezabatzea lehengoratzeko, aurreikuspen baten taxutzea gogora ekartzeko.
Antonio Menchenek (Toledo, 1983) 2007an amaitu zituen Arte Ederretako ikasketak Madrilen, Akademie der Bildenden Künste Wien-eko zinema-saileko ikasle bisitaria izan zen (Viena, 2012-2013), eta Aural and Visual Cultures masterra egin zuen Goldsmiths College-n (Londres, 2013-2014), Mark Fisher eta Kodwo Eshun tutoreekin. Erakusketa hauetan parte hartu du: Distancias elásticas (Centro Párraga, Murtzia 2019); Querer parecer noche (CA2M, Móstoles, 2018); Circuitos 2017 (Sala de Arte Joven, Madril; Sala Borrón, Oviedo; Laboral, Gijón, 2017-2018); Alimentación 30. Archivo 2014-2015 (Espacio Cruce, Madril, 2015); 10 VC (The Showroom, Londres, 2015); MUMOK Kino (Museum Moderner Kunst Stiftung Ludwig, Viena 2013); Rundgang (Akademie der Bildenden Künste Wien, Viena, 2012) eta Sala de lectura (Espacio F, Madril, 2005). Uno casualmente se acerca, siente algo y se queda zinema-zikloa programatu zuen Raúl Liarte-rekin batera (CA2M, Móstoles, 2016), eta El imitador de voces ahots- eta performance-programa zuzendu zuen Paulina Chamorrorekin (Teatro Pradillo, Madril, 2016).