Museoko denbora husteko
RISVEGLIO. MIKEL ESKAURIAZA ETA ASIER MENDIZABALEKIN
by
Risveglio (Nemesio Mogrobejo, 1903) eskulturaren inguruko topaketa, Mikel Eskauriazaren eta Asier Mendizabalen laguntzarekin. Ekitaldia Museoko denbora husteko eta betetzeko obra batzuk serieko parte da, hau da, Bilboko Arte Ederren Museoko, 68aren ostean. Artea eta praktika artistikoak Euskal Herrian, 1968-2018 erakusketarekin batera doazen zazpi artelanen inguruko topaketetan sartuta dago. Topaketa bakoitzean, artelan batek hainbat artista eta artean aditu batu eta elkartuko ditu.
Museoko denbora husteko… topaketek museoak barnean hartzen dituen objektuen bidez museoaz hausnartzeko ideia dute ardatz. Hala 68aren ostean erakusketa barnean duen museo zehatzaz, haren izaera eta historia bereziaz, nola museo generikoa iraganeko objektuak etorkizunerako gordez orainaldiaz kontakizun bat egiten duen instituzio gisa hartuta.
Lekua: Bilboko Arte Ederren Museoko Auditorioa.
Ordua: 19:00.
Doako sarrera, edukiera mugatua. Gonbidapenak museoko leihatilan egongo dira eskuragarri martxoaren 25etik –astelehenetik– aurrera.
Mikel Eskauriazaren Risveglio. Museoan esnatzea (1990-2018) seriea museoko Auditorioko atondoan egongo da ikusgai, martxoaren 25etik apirilaren 1era arte.
Obrari buruz
Nemesio Mogrobejok 1903an egin zuen Risveglio, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz Erroman egin zuen egonaldiko eskulturetako bat. Artista –hasieran Parisen ikasia, non Auguste Rodinen eragina jaso zuen eta korronte artistiko berrietara ohitu zen– gaixotu egin zen pixka bat geroago, eta 1910ean hil, 35 urte zituela. Lau urte geroago, 1914an, Risveglio Bilboko Arte Ederren Museo inauguratu berrian instalatu zen, Atxuriko Ospitale Zibil zaharraren eraikinean.
1930eko data duen zuri-beltzeko argazki batek museoan izan zuen lehen kokapenaren aretoa erakusten du. Atzealdean, uniformez eta plater-kapeluaz jantzitako zaindari bat janba baten kontra jarrita dago. Aretoaren erdian, paretak margolanez beteta daudela –batzuk besteen gainean eta paretan ia leku librerik utzi gabe–, Risveglio ikusten da, gizon gazte biluzi baten konkor biribileko eskultura, besoa altxatuta eta burua esku gainean bermatuta, ameskeria-unea adierazten duen imintzio batean, edo, akaso, izenburuak dioen bezala, nagiak kentzen.
Museoaren zuri-beltzeko beste argazki bat. Oraingoan 1949koa da, eta gaur egun Doña Casilda Parkeko eraikinean duen guneko hall nagusia erakusten du. Eskailera monumentalaren azpiko paretako horma-atalean markoztatuta, hiru eskulturak osatutako multzoa. Erdian, Moisés de Huertaren Una hetaira (1911); albo batean, Risveglio; bestean, Eva (1904), Mogrobejok Italiako egonaldian egin zuen lanetako beste bat. Gaur egun, artistaren bi eskulturen kopia batzuk daude museoaren antzinako sarrera inguratzen duten horma-hobietan.
Risveglio-ren zuri-beltzeko beste argazki bat. Hau, 1990ekoa. Gazte biluzi esnatu berriak larru beltzeko jaka bat dauka sorbaldetatik zintzilik. Eranskin adeigabe eta espontaneoak eskultura moderno eta ameslaria gazte new romantic bihurtzen du. Figuraren oinetan, marmolezko zoruaren gainean, hiru lo-zaku, liburu batzuk, bi zapata pare eta irrati-kasete bat.
Mikel Eskauriaza (Bilbo, 1969) artista da. Arte Ederrak ikasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU/UPV, 1987-1992), eta fotografia New Yorkeko International Center of Photography-n (ICP, 2000-2002). Laurogeita hamargarreneko hamarkadaz geroztik, argazkilaritza-arloa eta paisaia-generoa lantzen ari da. Lurraldean egindako prozesuak eta izandako gertakariak eta horien ondorio fisikoak, politikoak, ekonomikoak eta sinbolikoak behatzeko, dokumentatzeko eta interpretatzeko tresna bezala erabiltzen du argazkilaritza. Artxiboa, memoria, arkitektura, hirigintza, bertoko historia eta paisaiaren psikologia dira haren lanaren funts nagusiak. Azken proiektuen artean, hauek ditugu: A Methodology for the Critical Analysis of Land (2000tik egiten), BAPORAK. Euskal ontzidia Indiako ozeanoan (2013-2017), Deusto Block # 26 (2010).
Asier Mendizabal (Ordizia, 1973) artista da. Forma, diskurtso eta ideologiaren arteko harremanak aztertzen ditu bere lanean. Banakako erakusketak jarri ditu toki hauetan: Jorge Oteiza Fundazio Museoa, Altzuza (2018); Kolon aurreko Arteko Museoa, Casa del Alabado, Quito (2016); Hordaland Kunstsenter, Bergen (2013); Raven Row, Londres (2011); Reina Sofía Arte Zentroa Museo Nazionala, Madril (2011). Erakusketa kolektibo hauetan parte hartu du, besteak beste: Artea eta Espazioa, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo (2017); Camera of Wonders, Irudiaren Zentroa, Mexiko Hiria (2015); Sao Pauloko 31. Bienala, Sao Paulo (2014); A Singular Form, Secession, Viena (2014); Scenarios about Europe, GZK, Leipzig eta San Telmo Museoa, Donostia-San Sebastián (2013); Illuminations, Veneziako 54. Bienala, Venezia (2011). Donostiako Kalostra arte-eskolako kidea eta sortzaileetako bat izan zen, eta gaur egun eskulturako irakaslea da Stockholmeko KKH-n, Royal Institute of Art-en.
Museoko denbora husteko eta betetzeko obra batzuk topaketak Bulegoa z/b eta Bilboko Arte Ederren Museoaren arteko lankidetzako proiektua dira.