BLACK BACH ARTSAKH

by

  • Black Bach Artsakh (Ayreen Anastas, Rene Gabri, 2021, Armenia, 150’)

  • Black Bach Artsakh (Ayreen Anastas, Rene Gabri, 2021, Armenia, 150’)

Material Voices. Erakusketak egiteko lanaren genealogia feministak programaren seigarren saioa.

Black Bach Artsakh (2021) filmaren proiekzioa eta eztabaida/mintegia bere zuzendariek, Ayreen Anastas eta Rene Gabri, eta Azar Mahmoudianek eta Luis Moreno Caballudek gidatuta. Proiekzioan off ahotsen gaztelerazko bertsioa zuzenean interpretatuko da. Zinebi 65 Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiarekin elkarlanean egindako programa.

Igandea, 2023/11/12
Black Bach Artsakh (2021). Proiekzioa
Ordutegia: 17:00-20:00
Tokia: Bastida Aretoa, Azkuna Zentroa
Sarrera dohainik

Astelehena, 2023/11/13
Eztabaida/mintegia Ayreen Anastas, Rene Gabri, Azar Mahmoudian eta Luis Moreno Caballud-ekin
Ordutegia: 17:00-19:00
Tokia: Bulegoa z/b

Eztabaida/mintegian parte hartzeko eta aukeratutako testuak jaso nahi badituzu, idatzi helbide honetara: bulegoa@bulegoa.org

Black Bach Artsakh (Ayreen Anastas, Rene Gabri, Armenia 2021, 150’) 

Black Bach Artsakh mundu baten izena da. Film baten barruan bizi da eta film bat da.

Zinema dokumentu bat bada, orduan denbora eta leku baten testigantza eskaintzen du. Film honek 2007an Artsakh izeneko lekuan gertatutakoa oroitarazten du. Karabakh Garaiko armeniarren autodeterminazioaren aldeko borrokan liskarrak amaitu eta 13 urtera, eta Azerbaijango erregimen diktatorialak 2020an inbasioa egin baino 13 urte lehenago.

2023ko irailaren 19an, Artsakheko biztanleak janaririk, botikarik, erregairik eta mugitzeko aukerarik gabe utzi zituen 10 hilabeteko blokeoaren ondoren, Azerbaijanek bigarren inbasio masiboa egin, eta “arrakastaz amaitu” zuen: armeniarren garbiketa etnikoa, milaka urtetan bizi izan ziren lurralde existentzialetatik botata.

Film hau ikusteak mundu horretan bizitzea esan nahi du; baita mundu hori zaintzea, jagotea eta horri bizirik eustea ere. Horrela, gerrak pizten dituztenei eta genozidioak ukatu eta justifikatzen jarraitzen dutenei aurre egiteaz gain, film honek bizirik irauten du haien aurrean.

Filmaren solasaldi eta off ahotsen gaztelerazko itzulpena: Luis Moreno Caballud eta Begonia Santa Cecilia.

Filmaren off ahotsen gaztelerazko bertsioen zuzeneko interpretazioa: Miren Jaio, Izar Ocariz, Itziar Okariz eta Víctor Ortuño.

BIOGRAFIAK
Ayreen Anastas eta Rene Gabri artistek interesa dute esperientzia zinematikoan, klinika batek eskaintzen duen moduan: gure munduak berrikusteko, zaintzeko, gure begiak eta belarriak elikatzeko, arimak sendatzeko espazio gisa hartuta, bereziki mehatxatuta dauden munduetako pertsonenak aintzat hartuta, haien ahotsak isilarazi eta ahanzturara kondenatu baitituzte historiaren erdigunean eta boterea deitzen den posizioan beren burua irudikatzen eta kokatzen dutenek.

Azar Mahmoudian kuratore independentea eta hezitzailea da. Gaur egungo borroka politiko eta sozialen errepikapenei buruzko gogoeta batetik abiatuta, interesatzen zaio nola uler daitezkeen egoera “kroniko” horiek: alde batetik, historiaren ihesbide patologiko eta etengabe gisa, eta, bestetik, orainak eta era askotako presentziak hartzen dituzten garai luze gisa. Bere proiektuek, besteak beste, hainbat kapitulutako Sensible Grounds eta When Legacies Become Debts zinema-programek, belaunaldien arteko denbora eta memoria transhistorikoa jorratzen dituzte azpiegiturak diren aldetik. Gai horiek, batez ere, prestakuntzakoak izan dira, espazio pedagogikoekin egin dituen esperimentuetan. Mahmoudianek The Summer School: For a Summer Yet to Come ikasketa independenteen programa zuzentzen du Teheranen eta ingurumarietan. Teheranen Kaf antolatu zuen kolektiboko kide izan zen.

Luis Moreno Caballud. Fragan jaio zen, Huescan, 1976an; eta New Yorkera emigratu zuen 2003an. 2011ko plazetako mugimenduetan lagunak aurkitu zituen, kapitalismo biozidaren “normaltasuna” eteten saiatzen diren pentsamendu- eta bizitza-espazioak edukitzeko. Unibertsitate batean egiten du lan, Filadelfian. Espainiako estatuaren “modernizazio” kapitalista, landa-aldeko munduaren eraldaketak, krisi neoliberala eta hierarkia kulturalak ikertu ditu. Culturas de cualquiera (Acuarela, 2017) saiakera argitaratu zuen, baita Temblor de un día (Edaf, 2005) eta La gran abundancia (La Oveja Roja, 2022) eleberriak ere.