MARIANO MAYER. “FLUXUS IDATZIA. FLUXUSEN AURREKO ETA ONDORENGO TESTU-EKINTZAK” DELA ETA

by

1960ko hamarkadaren hasieran, arteak objektu izateari utzi, eta jarduera bihurtu zen. Garai hartan sortutako arte-pieza askok giza gaitasunak soziabilitate-teknikak eraikitzera bideratzea proposatzen zuten. Mundu modernoak eskaintzen zituen irudien edertasunean, artista batzuek kategoria estetikoak zabaltzeko bidea aurkitu zuten. George Maciunasek 1962an Fluxus hitza erabili zuen “arte eta anti-arteari, musika eta anti-musikari, poesia eta anti-poesiari buruzko nazioarteko aldizkari” batean, eta, harrezkeroztik, Fluxus-ek konbentzio artistikoen multzoaren kontrako ikonoklasia-ariketa bat izendatzen du. Talde askok ez bezala, Fluxus izena eduki baino lehen hasi zen, eta parte-hartzaileen zerrenda itxirik gabe egin zuen. Artista esperimentalen mundu-mailako topagune hori fenomeno porotsua da, eta eguneroko gertaeren botere metaforikoa berreskuratzea du helburu. Horregatik, haren ekintza guztiek mundura eramaten gaituzte. Fluxusen arabera, pertsonek supermerkatu batean egiten duten mugimendua soinu-konposizio gisa uler daiteke, botila baten gainean tipula batek ernamuintzean duen orekaren deskribapena dantza-pieza gisa aurkezten da, eta goizero ispiluaren aurrean hortzak garbitzeko ekintza lagungarria izan daiteke artearen eraldaketa-ahalmenari buruzko galdera bat egiteko. Fluxusek motibazio artistikorik ez duen eta, hala ere, arte-agerpen susmagaitz gisa hartzen den horri ematen dio arreta.

Fluxusek lan iragankorra, ludikoa eta batere solemnitaterik gabekoa aurkitzen du diziplinen arteko bidegurutzean. Horregatik, egungoa bezalako une batean, diziplinartekotasuna egitura bilakatu denean, funtsezkoa da Fluxusen izaera “bitartekaria” berrikustea; izan ere, mendebaldeko artearen historiarekiko Fluxusen haustura gaur egunera arte iritsi da. Bitartekoen “arteko” lanak sortzeko duen interesa arte-praktika garaikideak osatzen dituzten diziplinen eta jakintzen alternantzian agertzen da. Fluxus Escrito. Actos textuales antes y después de Fluxus (Caja Negra, 2019) liburuak elementuak eskaintzen ditu XX. mendearen bigarren erdiko arte-ekoizpenaren une erabakigarrietako bat berrikusteko eta gaur egun taldean nola jokatu ulertzeko.

IZEN-EMATEA: irakurketa-saioan parte hartu eta hautatutako bibliografia jasotzeko, idatzi helbide honetara: bulegoa@bulegoa.org
PARTE-HARTZEA: aurrez-aurrekoa eta online
KOPURUA: gehienez 15 lagun (aurrez-aurreko parte-hartzea).

Mariano Mayer (Buenos Aires, Argentina, 1971) poeta eta kuratore independentea da. 2002tik Madrilen bizi da. Kuratore gisa egin dituen azken proiektuen artean hauek daude: Distancias elásticas: Antonio Menchen y Cecilia Szalkowicz, Párraga Zentroa (Murtzia, 2019); En el ejercicio de las cosas, Sonia Beccerekin (Plataforma Argentina ARCOmadrid 2017); La música es mi casa: Gastón Pérsico (MALBA, Buenos Aires, 2017); Isla de Ediciones (arteBA, Buenos Aires, 2017/2016); Soy un libro que no he escrito ni he leído Capítulo II (The Goma, Madril, 2015); Soy un libro que no he escrito ni he leído Capítulo I, (Mite, Buenos Aires 2014); Fisicismos, Manuela Moscosorekin (Torcuato Di Tella Unibertsitatea, Buenos Aires, 2013); June Crespo: Reverso (Have a Window, Torino, 2013); Visible, Móvil, Vidente (Párraga Zentroa, Murtzia, 2012–2013); XXIII Circuitos de Artes Plásticas (Madrilgo Erkidegoko Arte Gaztearen Aretoa, 2012) eta Plano, peso, punto y medida (Torcuato Di Tella Unibertsitatea, Buenos Aires, 2011). Besteak beste, liburu hauek argitaratu ditu: Fluxus Escrito (Caja Negra, Buenos Aires, 2019); Justus (Leongo Diputazioa eta Leongo Kultura Institutua, 2009) eta Fanta (Corregidor, Buenos Aires, 2002). 2016an, Buenos Aireseko Torcuato Di Tella Unibertsitateko Artisten Programako kuratore irakaslea izan zen eta Argentinako arteari buruzko diskurtso-programa hau zuzendu zuen: “Una novela que comienza” (CA2M, Móstoles, 2017). Gaur egun erakusketa monografiko hauek prestatzen ari da: Azucena Vieites (Alcalá 31 Aretoa, Madril) eta Diego Bianchi (CA2M, Móstoles).