Elkarrizketa irekia. Bulegoa z/b eta Amaia Urra. Hemen nago: lejos, urrun

by

Amaia Urra: “Arbusto ardiente”, 2018. Museo Centro Nacional de Arte Reina Sofía, Madrid. Argazkia: Isabel de Naverán.

Komisariotza entzumen gisa. Conversación abierta (Elkarrizketa irekia) ikerketa-taldearen gonbidapenari hitzez hitz erantzungo diogu. Amaia Urrarekin izango dugun topaketa honetan, artistaren ahotsa entzungo dugu, bai eta azken hamarkadan egin dituen lanen hautapen bat ere. Hemen nago: lejos, urrun topaketak praktika bat zabaldu nahi du, gorputzaren eta hizkuntzaren leku-aldatzeak, eta kantatutako eta ahoskatutako, esandako eta leitutako hitza lantzeko, zuzeneko ekintzen, soinu-grabazioen eta formalizazio grafikoen bidez. Topaketan, hainbat obraren entzunaldi kolektiboa egingo dugu, bi saio trinkotan, horrela, metatze- eta trinkotze-egoera bat sortzeko, eta berez arin eta iheskor gisa aurkezten den praktika bat aztertu ahal izateko. Bi saioetan, artista ez da bertan gorputzez egongo, baina bere ahotsa bai.

Programa:
Ostirala, Ekainak 7a. 17:30-20:30. Saio irekia.
Larunbata, Ekainak 8a. 10:30-14:00. Saioa Conversación abierta taldearen partaideekin.

Amaia Urra (Donostia, 1974) artista da. 1998an lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean, Eskultura espezialitatean, eta 2002an lehen performancea aurkeztu zuen, El eclipse de A., Artelekuk ekoitzia, Mugatxoan programaren barruan. 1999. eta 2009. urteen artean, Paris, Brusela, Madrid eta Berlin hirien artean bizi izan zen, eta hainbat koreograforekin aritu zen lanean: Jérôme Bel, Cristina Blanco, Blanca Calvo, Juan Domínguez, María eta Cuqui Jerez, Xavier Le Roy eta Ion Munduaterekin. Haren piezak espazio, topaketa eta jaialdi askotan antzeztu dira, besteak beste, hauetan: Art nomade, Saguenayko performanceko nazioarteko topaketa (Quebec), Axeneo7 & SAW Gallery, Gatineau (Otawa), Líneas de acción, Casa Maauad (Mexiko Hiria), In-presentable jaialdia, La Casa Encendida (Madril), 2D2H jaialdia (Hondarribia-Hendaia), Bulegoa z/b (Bilbo), Ecolalias seriea, Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía-ren RSS Radio-koa (Madril), Zarata Fest (Bilbo), Azkuna Zentroa, kultura garaikideko zentroa (Bilbo), Picnic Sessions-en 15. edizioa, Centro de Arte Dos de Mayo-n (CA2M, Móstoles) eta Héctor Escandón aretoa (Mexiko Hiria). Gaur egun Donostia-San Sebastián hirian bizi da, eta hor lan egiten du. 2017ko martxotik 2018ko otsailera arte, Alkolea Beach espazioa zuzendu zuen, Sandra Cuesta eta Larraitz Torresekin batera.