Zinema_ilegala
ZINEMA ILEGALEKO 88. SAIOA
by
POSOS
Bideo-konpilazio baten proiekzioa (90 bat minutu). Tripak-ek proposatutako saioa.
Tripak gara, antzerkia egiten dugu, Zinema Ilegaleko saio honetan parte hartzera gonbidatu gaituzte.
Azken urteotan bildu dugun materiala partekatu nahi dugu; beste batzuek sortutako materiala, gure piezak biltzen eta osatzen dituena: Aitaren larrua (2015), Urruna (2019), eta gure azken proiektua, hasi berria, hemen, Bulegoa z/b-n.
Aurkeztuko dizkizuegu aurkitu ditugun bideoetako asko, era guztietako sorkuntzak, bitxiak edo egunerokoak, ederrak edo hutsalak, kontenplatiboak edo iheskorrak, gure lanen kokaleku izan diren munduak ehuntzen lagundu digutenak. Marina izebaren mundu zorora gonbidatzen zaituztegu.
Edukiera mugatua.
Jardueran parte hartzeko, idatzi helbide honetara: bulegoa@bulegoa.org
Tripak Marina Suarez, Natalia Suarez, Andrea Berbois, Maite Mugerza eta Mayi Martiarenak osatzen dute. Baratza aretoko sorkuntza laborategian lan egin ondoren, Marina Suarez eta Mayi Martiarenak konpainia sortu zuten 2013an beren lana eskaintzeko asmoarekin. Lehenengo pieza laburra, Maite, Baratza Aretoko Noche Scratxe #8-n aurkeztu zuten. 2014ean, Aitaren Larrua-rekin hasi ziren. Obra hau landuagoa izan zen eta sortze prozesuan zehar konpainiaren lengoaia eta estiloa agertuz joan zen. Obrak, bi urtetan zehar Euskal Herriko hainbat eszenatokitatik (Durangoko Azoka 2015, Eztena 2015, BaratzaAretoa) pasatu ondoren, Gasteizko Artium museoko INTACTO jaialdian amaitu zuen bere ibilbidea. 2017an ekin zioten beren bigarren eta azken proiektuari. Sorkuntza egonaldi ezberdinetan egon dira (AZALA, GaraiOn Sorgingunea, Baratza aretoa eta Teatro Pradillo) eta Aitaren larrua piezaren bertsio ezberdinak erakutsi izan dituzte, adibidez, Teatro Pradillo-n eta Oihaneder Euskararen Etxean. 2019ko uztailean, Eremuak-en HARRIAK programaren barne, Markina-Xemeinen, kanpoaldean ospatu zen jardunaldi baterako moldatu zuten antzezlana. Azkenik, Teatro Pradillon egindako egonaldiari esker, sorkuntza prozesua amaitu eta gero, antzezlana La Fundición Bilbao-n aurkeztu zen, BAD jaialdiaren barruan.