Urak dakar - Topaketak
URAK DAKAR. TOPAKETAK
by
Urak dakar. In situ, espazioan eta tokiarekin, gogoeta egitea proposatzen duten hitzaldiak eta performanceak biltzen dituen bi eguneko topaketak.
DATAK
2022/11/18 eta 2022/11/19
TOKIA
Bizkaia Aretoa-UPV/EHU
Mikel Laboa eta Pío Baroja aretoak
Abandoibarra etorbidea 3
48009-Bilbo
Hitzaldiak streaming bidez ere jarraitzeko aukera egongo da.
Aldibereko interpretazio zerbitzua euskarara, gaztelaniara eta ingelerara izango da.
PROGRAMA
Azaroaren 18, ostirala
Hitzaldiak
10:00: Aurkezpena
10:30: Kodwo Eshun + Louis Henderson: Dub cinema-z hausnartzen: Handsworth Songs dub-en, dub-a bezala eta dub-arekin
11:30: Irati Gorostidi + Arantza Santesteban: Sorkuntza prozesuei begirada bat Euritan filmetik abiatuz
12:30: Etenaldia/Kafea
13:00: Denise Ferreira da Silva + Arjuna Neuman: Antzinako hodeiak, antzinako eskaerak: haizean entzuten dugun gidoi baterantz
Performanceak
18:00: Josu Bilbao: askiè altu
19:00: Sofía Montenegro: Venir y ver
Azaroaren 19, larunbata
Hitzaldiak
10:00: Aurkezpena
10:30: Pablo La Parra Pérez: Garrasiaren bueltan. Helena Lumbrerasekin elkartzea
11:30: Rachel Weiss: Desagertutako iragan baten arrastoan bizitzea: 1973ko trauma Txilen eta Patricio Guzmánen berreskuratze-proiektua
12:30: Etenaldia/Kafea
13:00: LOCALES (Sara Alberani + Marta Federici): Hidden Histories: historia bakarraren arriskuaz
Performanceak
18:00: Itziar Okariz: Bilbao
19:00: Giulia Crispiani + Patrizia Rotonda: Konjuroa
URAK DAKAR. TOPAKETAK
Urak dakar Bulegoa z/b-ren Space is The Place/The Place is Space programaren edizio berria da. 2018an hasita, programak Sun Ra-ren 1974ko film afrofuturista parafraseatzen du izenburuan.
Hitzaldiz eta performancez osatuak, Bizkaia Aretoa-UPV/EHU-n azaroaren 18 eta 19an egingo diren topaketak baino lehen zinema-programa aurkeztuko da Guggenheim Bilbao museoko auditorioan azaroaren 16an Zinebi 64, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren esparruan. Urak dakar programaren udazkeneko programak estrategia afrofuturista hau du oinarrian: denborazkotasunak desordenatzen dituen tresna gisa erabiltzea fikzioa, historiaren irakurketa berriak eskaintzeko.
Topaketek eta zinema-programak hainbat gai jorratzen dituzte, hala nola kapitalismoaren egiturazko indarkeriak eta haren iragan koloniala eta memoriaren eta ekintza kolektiboaren potentzialtasunak. Bi ekitaldiak Abandoibarrako bi eraikinetan egingo dira. Hirigune horretan, iragan industrialaren arrastoak ezabatu, eta akabera distiratsuko eraikin berriak altxatu dituzte horien ordez. Egoera hori aprobetxatu nahi izan dugu in situ, espazioan eta tokiarekin, gogoeta egitea proposatzeko.
HITZALDIAK
Kodwo Eshun + Louis Henderson: Dub cinema-z hausnartzen: Handsworth Songs dub-en, dub-a bezala eta dub-arekin
Kodwo Eshun-ek eta Louis Henderson-ek elkarrizketa bat izan dute 2015etik Handsworth Songs filmari buruz, eta, ondorioz, aurkezpen publikoak, tailerrak eta mintegi bat egin dute Dutch Art Institute-n. Eshun eta Hendersonek bi aurkezpen bereizi egingo dituzte, eta Black Audio Film Collectivek 1980ko hamarkadako Britainia Handian postpunk industrial beltza agertzeko bete zuen papera izango dute hizpide. Filma eta audio/irudi pistak jarriko dituzte, Throbbing Gristle, Jah Shaka, The Pop Group eta Steel Pulse taldeen musikarekin lotuta. Dub cinemaren modu gisa azalduko dute Handsworth Songs, prozesu industrialak eta duba biltzen baititu muntaia batean, Margaret Thatcher-en Britainia Handiko estatu polizial arrazistaren aurrez aurre.
Irati Gorostidi + Arantza Santesteban: Sorkuntza prozesuei begirada bat Euritan filmetik abiatuz
Euritan-en sorkuntza prozesutik abiatu eta sormen prozesu desberdinetan eman ditugun pausoek, suertatu zaizkigun zalantzek eta hartu ditugun erabakiek egituratuko dute hitzaldia. Euritan Pablo La Parraren enkarguz sortu zen, une horretan garatzen ari zen ikerketa baten inguruan hausnarketa egitera gonbidatu gintuen: 68ko maiatzaren hauspotan jaio ziren praktika zinematografikoak eta hauen isla egungo testuinguruan. Hortik abiatuz, pelikula hau egin genuen modu inprobisatuan, gu bion arteko dialogo baten moduan eraiki zelarik. Abiapuntua pelikulak elkarrekin ikustea eta ikertzea izan zen, pelikulak aukeratzeko orduan, modu askean, militantzian eta honen irudikapenean jarri genuen arreta. Hitzaldian, filmaren sorkuntzarako erabili genituen pelikula zatien aukeraketa erabiliko dugu abiapuntu moduan.
Denise Ferreira da Silva + Arjuna Neuman: Antzinako hodeiak, antzinako eskaerak: haizean entzuten dugun gidoi baterantz
Gure filmerako –Ancestral Clouds Ancestral Claims– lantzen ari garen gidoiaren zatiak irakurriko ditugu. Atmosferako elementuei buruz, zinema atmosferikoari buruz eta beste modu batean pentsatu eta izateko aukerari buruz egiten ari garen ikerketarekin jarraituz, gonbit egiten dizugu haizea gurekin entzutera. Eta poemak, ideiak, zatiak, soinuak eta esaldiak entzutera; hautsa, lurruna, hondarra, haziak eta haizeak daraman materia biologikoa, bera osatzen duena (beste izen bat duten arbasoak) entzutera. Geure buruari galdetzen diogu, zeri edo, hobeto esanda, nori esker dago haizea?
Pablo La Parra Pérez: Garrasiaren bueltan. Helena Lumbrerasekin elkartzea
Helena Lumbrerasen ibilbidean, “1968 luzea” taxutu zuten indar-lerro nagusietako batzuek egiten dute bat: Italiako ezker erradikaletik frankismoaren aurkako disidentziara, langile-mugimendutik feminismora, ohiko prestakuntza zinematografikotik zinema militantearen utopiara. 1968. eta 1978. urteen artean, askotan Colectivo de Cine de Clase izenarekin, Lumbrerasek sei film eta amaitu gabeko proiektu batzuk zuzendu zituen, frankismo berantiarreko eta trantsizioko herri-borroken kartografia direnak. Neoliberalismoak ezabatutako esperientzien arrastoak dira bere lanak: lurretik altxatutako nekazariak, borrokan dauden lantegiak, politizatutako etxekoandreak. Nola elkartu orain irudi eta soinu horiekin, amildegi historiko, politiko eta tekniko bat tartean edukita?
Rachel Weiss: Desagertutako iragan baten arrastoan bizitzea: 1973ko trauma Txilen eta Patricio Guzmánen berreskuratze-proiektua
Salvador Allende Txileko presidentetzatik kendu zuen 1973ko estatu-kolpeak nahitaezko ahanztura-aldi luze bati eman zion hasiera, eta, aldi horretan, Allenderen Unidad Popular-en gobernuaren esperimentu erradikala ahantzi egin zen. Patricio Guzmán zinemagileak herrialdeak izan dituen istorio zail eta konplexuak kontatu ditu, hamarkaden poderioz gero eta pertsonalago bihurtu diren filmen bidez. Saiakera honek aztertzen ditu Guzmánek bidaia horretan erabili dituen hizkuntza afektiboak eta estetikoak.
LOCALES (Sara Alberani + Marta Federici): Hidden Histories: historia bakarraren arriskuaz
Hidden Histories (Ezkutuko historiak) proiektuaren aurkezpena. LOCALESek 2020an hasitako proiektua hau ikerketa eta site-specific ekoizpen artistikorako plataforma gisa diseinatu da, eta gogoeta egin nahi du Erromako ondare kultural eta historikoaz ikuspegi dekolonial batetik. Gonbidatutako artisten praktika eta diskurtsoen bidez, programa publikoak bideak irekitzen ditu, komunitatea bazter utzi duten hiriko tokiez berriz jabetzeko eta esanahi berriak emateko. Sortutako obrek eta ekintzek ikusezin bihurtzeko prozesuak atzeman eta aztertzen dituzte, eta baztertutako istorioak eta ahotsak arakatzen dituzte, argitara emateko. Sara Alberani eta Marta Federici komisarioek proiektuak azken hiru urteetan izan duen bilakaera berrikusiko dute, hartutako metodologiak eta estrategiak aztertuz.
PERFORMANCEAK
Josu Bilbao: askiè altu
“Tokiari hitz egitea, hizkuntzaren gertakari bat. Helmenerako altuegi dagoen bat. Iritsezina dela ondo dakiena. Arina, itxura astuna izan arren. Zintzilik dago edo bertikalean esekita, hau da, horizontearen kontrako posizioan. Gehienbat, ainguratze bat, jaitsi beharrean igo egiten dena, begirada igoarazten dizuna. Lepoa atzerantz makurtuz. Eta hori egiten duzunean, sabaia da, altuegi dagoen jaki-toki bat (mihia). (Isabel de Naveránen oharra askiè altu erakusketari buruz. ethall, Hospitalet, 2022)
Soundtrack-a: Estanis Comella.
Sofía Montenegro: Venir y ver
Venir y ver (Etorri eta ikusi) entzute-saio bat da, eta hainbat kokalekuren inguruan egindako soinu-ariketak biltzen ditu. Egunsentiaren eta ilunabarraren artean, itsasaldean, itsasadarrean, ibai baten ondoan. 21:50ean eguzkia ostendu eta kilkerrak kantuka hasten dira. 06:40an, txori bat iritsi da, zaborrak hustera etorri aurretik. Eguneko lehen autoa da hori. Atzealdean, oilar bat entzun da, lehen argiekin urtuta. Kolore magentako inguruek argi egiten dute urrunean, eta tenperatura bi gradu igo da. Gauza asko gertatzen dira aldi berean.
Itziar Okariz: Bilbao
(Soinuaren transkripzioa, bakarrizketa) Probatzen (arnasa hartzen du), oso ondo, ea ba, ee…, Abusun gaude, hau Abusu da, zeraa, aparkalekuan gaude Abusuko futbol-zelaiaren ondoan. (Trafiko-hotsa, autoak igarotzen ez oso urruti, isiltasuna). Pertsona batzuk daude auto baten barruan (isiltasuna, listua irensten du, ahoskera-erritmoa bizkortzen du), Abusu ondoko leku honetan, leku honetan, Abusun. Hemen izan ginen behin, eeeee… hiru pertsona… lau, haur batekin, auto zuri hori aparkatuta dagoen lekuan, bostak, bost mutilak, auto barruan dauden tokian. Barruan sartu berri dira hotz handia egiten duelako… (isilunea, etenaldia). Leku honetan, aritu ginen grabatzen zeraa… ekintza bat, ekintza bati argazkiak ateratzen, ekintza bat erregistratzen (arnasa hartzen du), gauez duela urte batzuk. Aparkaleku hau ia beti dago hutsik… (igaro den auto baten soinua).
Performerrak: Leire Aranberri, Itziar Okariz, Kristina Ortiz.
(Artistak Bilbao (2007-2008) seriearen zenbait material aurketzu zuen Elías Querejeta Zine Eskola-k, KsiGuneren proiektuetarako laguntza batekin, bultzatutako Itziar Okariz: materialarekin lan egitea ikerketa-taldearen bigarren saioan.)
Giulia Crispiani + Patrizia Rotonda: Konjurua
Scongiuro ahoz aho adierazteko egindako konjuru-formula bat da, eta kantu, otoitz edo sorginkeria gisa funtzionatzen du, leku eta istorioen gainean dauden beste sorginkeria batzuk hausteko. Batzuetan, dolu-erritual bat da; beste batzuetan, berriz, maitasun-gutun bat. Korrespondentziako espazioen artean jartzen da beti, baita urrutitik ere. Scongiuro espirituei, fededunei eta manifestariei lantuan elkartzeko egindako deia da. Hizkuntza eta aldarte aldakorrak ditu, denbora desberdin batean gertatzen delako beti, eta haizeak eta nahi dutenek eraman dezakete.
Scongiuroren bertsio hau Giulia Crispianik Patrizia Rotondari eman dion libreto bat da, Erromatik Bilbora eraman eta beste gorputz batzuentzako ahots bihur dezan.
Irene Hurtado de Saratxo Mendietak euskarara eta gaztelerara ekarri du libretoaren italierazko bertsioa.
BIOGRAFIAK
Louis Henderson zinemagilea eta idazlea da. Jendearekin lan egiteko modu desberdinak esperimentatzen ditu, gure egungo izaera globala —arraza-kapitalismoak eta Europako proiektu kolonialaren historia endemikoek definitua— aztertzeko eta zalantzan jartzeko. Bere filmak eta instalazioak nazioarteko zinemaldietan, arte-museoetan eta bienaletan erakutsi dira, eta LUXek eta Video Data Bank-ek banatzen dituzte. Liburu eta aldizkarietan argitaratu du, inprimatuta eta online. Paris-Cergy-ko École Nationale Supérieure d’Arts-en doktoregaia da, eta bere ikerketaren ardatza dira Ingalaterrako ekialdeko eta Guyanako ibai-paisaiak, Wilson Harris eta Nigel Henderson-en lanak “espiralean berrirakurriz”.
Dr. Kodwo Eshun Londresen eta Berlinen egoitza duen zinemagile, teoriko eta artista da. Arte garaikidearen teoriaren irakaslea da Goldsmiths University of London-eko Department of Visual Cultures-en, eta Arte Bisualena Genevako Haut Ecole d’Art et Design-en. 2002an, The Otolith Group sortu zuen Anjalika Sagar-ekin batera. Saiakera-ikuspegi batekin, The Otolith Group-ek hausnarketa egiten du zientzia-fikzioaz, egungo praktika politiko gisa, independentzia-prozesuen ondorengo Hegoalde globaleko multimedia artxiboekin lotutako bideo, film, testu eta audio-materialak erabiliz. Eshun lan hauen egilea da: More Brilliant than the Sun: Adventures in Sonic Fiction (aurki argitaratuko da, Verso, 2022) eta Dan Graham: Rock My Religion (Afterall, 2012).
Irati Gorostidi Agirretxe (Eguesibar, 1988) zinemagilea da. Bere lehen film luzea garatzen ari da, Anekumen, SSIFFeko Ikusmira Berriak programan eta ECAMeko Start Me Up-en hautatua beste mentoring- eta merkatu-programa batzuen artean. Contadores film laburra Kimuak 2022 programan hautatu dute, eta San Simón 62 proiektuak Punto de Vista 2021 jaialdiko X Films saria irabazi zuen, jaialdiaren azken edizioan estreinatu zen eta Navarra Shortzinema katalogoan hautatu dute. Bere filmak nazioarteko zinemaldietan proiektatu dituzte. Artea eta zinema ikasi zituen eta Fulbright bekaduna izan zen New Yorken.
Arantza Santesteban Perez (Iruña, 1979) historialari, zinemagile eta ikertzaile independentea da. Historian lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Bartzelonako Francesca Bonnemaison zentroan osatu du ikus-entzunezko arteetako prestakuntza Sormenezko dokumentaleko diplomaturarekin. Besteak beste, Passatgeres (2012), Euritan (2017), 918 GAU (2021) eta Liluraren kontra (2021) filmak zuzendu ditu. 2019az geroztik, doktorego-tesia prestatzen ari da Lisboako Arte Ederretako Unibertsitatean, Susana de Sousa Dias eta Ana Longonirekin, zinema-irudikapena, feminismoa eta euskal gatazka politikoa lotzen dituzten gaiak ikertzen.
Denise Ferreira da Silva akademikoa eta jardunean dagoen artista da. Toward a Global Idea of Race (2007) eta Unpayable Debt (2021) lanen egilea da, eta beste hauen koeditorea: Race, Empire, and the Crisis of the Subprime (2013, Paula Chakravarttyrekin batera) eta Indigenous Peoples and the Law (Routledge, 2018, Mark Harrisekin batera). Bere lan artistikoaren barruan daude Arjuna Neumanekin lankidetzan egindako Serpent Rain (2016), 4Waters-Deep Implicancy (2018) eta Soot Breath/Corpus Infinitum (2020) filmak, eta Valentina Desiderirekin lankidetzan egindako Poethical Readings and Sensing Salon harreman-arteko praktikak.
Arjuna Neuman artista, zinemagilea eta idazlea da. Leku hauetan aurkeztu du bere lana, besteak beste: CCA Glasgow; Centre Pompidou, Paris; Manifesta 10, Marseilla; Showroom Gallery, Londres; TPW Gallery, Toronto; Forum Expanded, Berlin Berlinale, Berlin; Jameel Art Centre, Dubai; Berlin Biennial 10, Berlin; Serpentine, Londres; X Qalandia Biennial, Palestina; Gasworks, Londres; Bold Tendencies, Londres, UK; Or Gallery, Vancouver; Whitechapel Gallery, Londres; Istanbul Modern, Turkia. Saiakera hauek argitaratu ditu: Relief Press, Into the Pines Press, The Journal for New Writing, VIA Magazine, Concord, Art Voices, Flaunt, LEAP, Hearings eta e-flux.
Pablo La Parra Pérez irakaslea eta Elías Quejereta Zine Eskolako (EQZE) ikerketa-saileko arduraduna da. Gaur egun, Donostiako Zinemaldiak eta EQZEk bultzatutako Zinemaldia 70: historia posible guztiak artxibo-proiektua zuzentzen du. New York University-n (NYU) doktorea eta hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetako zinema militantearen kulturetan aditua. Haren lan akademikoa Journal of Spanish Cultural Studies eta Sociologias nazioarteko aldizkarietan argitaratu da, besteak beste, bai eta Global Perspectives on Amateur Film Histories and Cultures (2020) eta 1968 and Global Cinema (2018) liburukietan ere.
Rachel Weiss. Hezitzailea, idazlea eta komisario ohia. Chicagoko Art Institute-ko irakasle emeritua da. Haren argitalpen nagusien artean, honako hauek ditugu: Making Art Global: The Third Havana Biennial (Afterall Books), To and From Utopia in the New Cuban Art (University of Minnesota Press). Egin dituen komisario-proiektuen artean, hauek dira nagusiak: Global Conceptualism 1950s-1980s: Points of Origin (Queens Museum of Art, New York: zuzendaritza, Luis Camnitzer eta Jane Farver-ekin batera), Ante América (Biblioteca Luis Ángel Arango, Bogotá; ibiltaria, eta Gerardo Mosquera eta Carolina Ponce de Leónekin batera komisariatua). Now What? Quandaries of Art and the Radical Past (Fordham University Press) da idatzi duen azken liburua.
LOCALES kuratoretza-plataforma Sara Alberanik eta Valerio Del Baglivok sortu zuten Erroman –aurrerago Marta Federici elkartu zitzaien–. Praktika artistikoaren bidez, hausnarketa kritikoa eragin nahi du eremu publikoan. LOCALES hirien eta komunitateen historia politiko eta sozialetik abiatzen da, eta haiekin lan egiten du programa espezifikoak garatzeko, besteak beste, ekoizpen berriak, performanceak, elkarlaneko ikaskuntza-jarduerak eta espazio publikoaren esplorazioak.
Sara Alberani artearen historialaria eta komisario independentea da. Bere ikerketa kuratorialaren ardatza dira komunitateekin eta espazio publikoekin sozialki konprometituta dauden praktika artistikoak, documenta 15-eko Trampoline House eta LOCALES bezalako epe luzeko proiektuen bidez.
Marta Federici artearen historialaria eta komisarioa da. LOCALESeko eta Lateral Roma espazio independentea zuzentzen duen talde kuratorialeko kidea da, eta komisario laguntzaile gisa lan egiten du MACTE Museoan (Termoli, Italia).
Josu Bilbao. Artista. Hiltzear diren hizkuntza batzuen ahozkotasunetik eta hizketatik abiaturik, eskulturarantz jotzen du, espazialtasun fisikoa eta sentsoriala sorrarazten duen praktika material eta sentikor bezala. Bi estadioak, mintzaira eta eskultura, formalizazioaren eta adostasunaren atariko gisa aztertzen ditu, etortzear diren formen potentzial aurrelinguistiko gisa. Azterka aritze horrek etengabekoa den jarduera elikatzen du, erakusketan ekintza edo ekosistema iragankor moduan agertzen dena eta berezkoak zaizkion prozesuen zaintzak eta entzute arretatsuak eusten duena.
Sofia Montenegrok Arte Ederrak eta Ikasketa Kulturalak ikasi zituen Utrecht eta Madril artean, eta Art Praxis-eko MA egin zuen Dutch Art Institute-n. Bere praktika artistikoak ikusmena soinuarekin eta espazio bateko ekintzarekin lotzen duten hainbat metodologia hartzen ditu barne, pentsamenduan irudiak sortzeko moduak bilatuz. Bere lanek soinu-ibilbide, instalazio, topaketa kolektibo, entzute-saio edo performance itxura hartzen dute. Gaur egun BilbaoArteko egoiliarra da. Generación 2022-en irabazleetako bat izan da, eta bere lana erakutsi du MNCARS, LCE, El Chico, CA2M, Hablar en Arte, Hangar eta La Escocesa-an, besteak beste.
Itziar Okariz artista da. Haren lanaren bereizgarria da subjektu gisa definitzen gaituzten ikurren ekoizpenari eta hizkuntzari buruzko ekintzak egitea. Egin dituen banakako erakusketen eta performanceen artean, hauek nabarmentzen dira: Las estatuas, Oteiza Fundazioa Museoa (2021); Shangaiko Bienala (2020); Perforado por, Sergio Pregorekin, Espainiako Pabiloia, 58. Veneziako Bienala (2019), Respiración y otros sonidos, Centre d’art la Panera, Lleida (2018). 2022an Sueños liburua argitaratu du (Caniche, Bilbao).
Giulia Crispiani idazle eta artista bisuala Erroman bizi da, eta NERO Editions-eko editore gisa egiten du lan. Besteak beste, New Yorkeko Center for Book Arts-en eta Turingo Almanac Inn-en aurkeztu du bere lana. Honako hauen egilea da: Incontri in luoghi straordinari / Meetings at remarkable places (Nero Editions, 2020), What if Every Farewell Would Be Followed by a Love Letter (Union Editions, 2020) and What if I can’t say goodbye (Union Editions, 2021). Bestalde, lan hauen egilekidea da: غم/Tristezza/Sorrow (Oreri, 2021) eta Albe e tramonti di Praiano* (Oreri, 2022).
Patrizia Rotonda kantaria eta konpositorea da. Performerra da eta inprobisazioa lantzen du arte garaikidearen hainbat alorretan. Urte askotan, sakon ikertu ditu kantu polibokala eta ahozko tradizioa. Hainbat artistarekin aritu da lankidetzan eta erakusketa eta ekitaldi artistikoetan parte hartu du, besteak beste, Caterpillar Radio 2, Live Radiotresuite eta live Kataweb-en. Giovanna Mariniren Quartetto Nuovo taldeko kidea da. Hainbat taldetan kantatu du, musika garaikidea eta herri-musika jorratuz. 2014an eta 2016an, William Kentridge eta Philip Miller-en Triumphs and Laments lanean bakarlaria izan zen.
Urak dakar programak Eusko Jaurlaritza, Bizkaia Foru Aldundia eta Zinebi 64 jaialdiaren babesa jaso du.
IZEN-EMATEA
Azpiko inprimakia bete: