“Etorkizuneko liburua” irakurketa-taldearen deialdia. Lehen saioa, Filiep Tacq-ek proposatua

by

Etorkizuneko liburua Bulegoa z/b ekimenak Filiep Tacq liburuen diseinatzailearekin egindako elkarlaneko proiektua da. Marcel Broodthaers-en bost liburu ditu abiaburu, artistak artelan autonomo gisa sortuak, eta liburua bizirik dagoen zerbait bezala ikertzea du xede. Inprimatutako orriek liburukia osatzen dute behin josi ondoren, eta liburua objektu finkoa da, ez da materia inertea. Bizirik dagoen zerbait da, bizipenak ekoizteko toki bat. Espazioak, denborak eta mugimenduak hartzen ditu barne, nork piztuko zain.

Hona hemen Broodthaers-ek dituen bost argitalpenak: Pense-Bête (1963-1964), Un coup de dés jamais n´abolira le hazard (1969), MTL (1970-1972), Un voyage on mer du nord (1973) eta L’Angelus de Daumier (1975). Liburuko alderdiak lantzen ditu haietako bakoitzak, adibidez, beste forma artistiko batzuekiko harremana (eskultura, poesia, erakusketa, zinema eta pintura) edo ekartzen dituen ekoizteko prozesuak (teknikoak eta materialak, instituzionalak eta hirugarrenekiko negoziaziokoak).

Proiektuaren izenburuak aipuen kate bat du hizpide. Etorkizuneko liburua proiektuak Maurice Blanchotek 1959an argitaratutako liburu batetik hartu du izena, eta liburu horren erdigunean beste bat dago, Stéphane Mallarmé-ren Un coup de dés jamais n´abolira le hazard (1914), Broodthaersek 1969an izen bereko lan batean erantzundakoa. 1997an, Jacques Derridak objektu inprimatuaren etorkizunaz gogoeta egitea proposatu zuen “Etorkizuneko liburua” hitzaldian, garapen teknologikoak aldaketa sakonak iragarri baitzituen irakurketan eta idazkeran.

Handik hamarkada batzuetara, behin aldaketak eginda, Etorkizuneko liburua proiektuak liburuaren performatibitatea aztertzea proposatzen du, besteak beste, irakurketa eta idazketaren, irudi eta testuaren, material eta immaterialaren, bizidun eta inertearen arteko harremanari erreparatuta. Era berean, zalantzan jarri nahi du aipagai duen etorkizunaren ideia: liburu bat, edozein liburu, berez, objektu finkoa da, beti zain eta beti zelatan, etorkizun izateari sekula ere ez utzita.

Etorkizuneko liburua abiatzeko, irakurketa-talde bat egongo da, zortzi saiorekin. Hilean behin izango dira saioak, 2015eko apiriletik 2016ko urtarrilera arte. Hainbat gonbidatuk proposamenak egingo dituzte, eta irakurketek lotura izango dute liburuarekin, praktika artistiko bide berezi gisa hartuta.

Irakurketa-taldean parte hartzeko, idatzi helbide honetara: bulegoa@bulegoa.org

Deialdi irekia egin ondoren, talde finko bat eratuko da.

Etorkizuneko liburua irakurketa-taldearen lehen saioa: Marcel Broodthaers-en bost argitalpen. Filiep Tacq
Marcel Broodthaers-en liburuak hartzen ditut hizpide, ez arte-historialariaren ikuspegitik, artistekin argitalpenak egiten aritzen den diseinatzaile grafikoaren ikuspegitik baizik. “Amateurraren” ikuspegitik ere bai, MB-k balio handia ematen baitzion kontzeptu horri. Urteen poderioz, artistaren argitalpenetan aritu naiz, Maria Gilissen alargunarekin batera, eta beste zaletu batzuekin jardun dut hizketan argitalpen horiei buruz.

MB-ren lana interesatzen zait, liburu bat egiteko prozesuan baliatzen diren osagaiak erabiltzen dituelako ingurune hori zalantzan jartzeko, bere mugetatik abiatuta. Hortxe dago aukera artista edo diseinatzaile grafiko gisa asko ikasteko. MB-k liburuari dagozkion baliabideak erabiltzen ditu (paper-mota, josteko teknika, zuri-beltzeko edo koloreko inprimaketa, tipografia), objektu artistiko gisa dituen aukerak aztertzeko.

MB-ren lanak gero eta interes gehiago pizten du, eta, beraz, zaila da bere argitalpenak eskuratzea, gehienak museoetako bildumetan daudelako. Horregatik hartu nahi ditut hizpide, berriro zabaltzeko.

Filiep Tacq (Kortrijk, Belgika) diseinatzaile grafiko independentea da 1984. urtetik, eta liburu, arte-katalogo eta artista-liburuetan espezializatuta dago. Ganteko Sint-Lucas Instituut-eko eta Maastricht-eko Jan van Eyck Academie-ko irakaslea izan da. Artista askoren argitalpenetan aritu da lanean, besteak beste, hauek aipatuko ditugu: Francys Alÿs, Ibon Aranberri, Marcel Broodthaers, James Coleman, Lili Dujourie, Abbas Kiarostami, Chris Marker, Juan Muñoz, Pedro G. Romero, Michael Snow eta Lawrence Weiner. Erakundeekin ere aritu da: Bartzelonako Fundació Antoni Tàpies, New Yorkeko DIA Centre for the Arts, Luxemburgeko Manifesta 2, Bruselako Argos, Birminghameko IKON Gallery, Londresko Lisson Gallery, New Yorkeko Guggenheim, Bartzelonako MACBA, Madrilgo Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía eta Parisko Centre Georges Pompidou.

Etorkizuneko liburua proiektua performancea egiteko Corpus sarearen barruan garatu da. Honako hauek eratzen dute Corpus sarea: Bulegoa z/b (Bilbo), Contemporary Art Centre (Vilnius), KW Institute for Contemporary Art (Berlin), If I Can’t Dance, I Don’t Want To Be Part Of Your Revolution (Amsterdam), Playground (STUK Kunstencentrum & M-Museum, Lovaina) eta Tate Modern (Londres): www.corpus-network.org.

Corpus sareak Europar Batasuneko Europa Sortzailea programaren finantziazioa jaso du.