Formagabeko ezagutza-formak
“Aingeruak eta bizkarroiak. Artearen eta gizarte-pentsamenduaren arteko transdukzioak.” Francisco Tirado.
by
Itxuraz, arteak eta gizarte-pentsamenduak arlo desberdinetan eta logika kontraesankorrekin jarduten dute. Zabal onartuta dagoen topikoaren arabera, arlo horietako bakoitzak bere arrazionaltasuna eta errealitatea kontzeptualizatzeko adierazpidea aurkitu ditu. Hala ere, harremanen eta loturen historia luzea dago arlo horien artean. Hala, gizarteko pentsalarien inspirazio-iturria izan diren literaturako adibideak aurkitu ahal ditugu, eta aztertzeko kezkak artearen bidez adierazi dituzten gizarteko pentsalariak ere bai. Hala ere, harreman hori beti izan da korapilatsua eta gatazkatsua. Gizarte-pentsamenduak beti izan du joera artea berdintasun-baldintzetan ez hartzeko, eta ildo horretako azterketek adierazpide artistikoa eta adierazpide horren egileak soziologizatzera jo izan dute. Izan ere, gizarte-pentsamenduaren baitan, hausnarketa egiteko tradizio luzea dago, “artearen soziologia” izenekoa. Hala ere, azken hamarkadetan, salbuespen batzuk azaldu dira, subsunzioko harreman horrekin haustura dakarten salbuespenak. Michel Serres filosofoaren lana adibide paradigmatikoa da. Egile horrek jolas didaktiko bat proposatzen du artearen eta gizarte-pentsamenduaren artean. Jolas horretan, artea inspirazio-iturria da, eta pentsamendua, berriz, argudioak emateko euskarria, baina, bereizgarri gisa, ez dio bere idiosinkrasiari uko egin beharrik. Bere proposamenek transdukzio-prozesu berezia egituratzen dute artearen eta gizarte-pentsamenduaren artean; prozesu horretan, artearen kodeak gizarte-pentsamenduaren kodeetara itzultzen dira, eta alderantziz. Era horretan, josturarik gabeko ehuna eratzen dute biek, eta hor garrantzia duen gauza bakarra da gure oraina definitzen duen errealitateari buruzko azalpen sakona prestatzea. Ariketa horren adibide egokia da, artea abiaburutzat hartuta (pintura eta eskultura), aingeruen mitoari buruz edo bizkarroiaren irudiari buruz egin duen lana. Aingeruek mezulari bilakatu den gizaki bat irudikatzen dute, planetako mutur batetik bestera informazioa etengabe mugitzen duen eta zirkulazio horrekin globaltasun berria ehuntzen duen gizakia. Bizkarroiek, berriz, gakoak eskaintzen dituzte, harreman guztien eta beren eraldatze-prozesuen eta egungo bilakaeraren logika zein osagaik zehazten duen ulertu ahal izateko. Hala, bada, aingeruaren mitoak eta bizkarroiaren irudiak gakoak eskaintzen dituzte gure oraingo ontologia aztertzeko eta ulertzeko. Michel Serresen proposamenetan aingeruek eta bizkarroiek aukera ematen digute artearen eta gizarte-pentsamenduaren artean transdukzioak egiteko, eta, gainera, transdukzioa logika gisa agertzen da, hierarkikoki antolatu beharrik gabe edo batak duen logika bestearenera itzultzeko beharrik gabe, arlo horiek baterako funtzionamenduko maila berean kokatzen dituen logika modura.
Francisco Tirado Gizarte Psikologiako irakasle titularra da Bartzelonako Universitat Autònoma-n, eta GESCIT (Grup d’Estudis Socials en Ciència i Tecnologia) taldeko kide sortzaileetako bat da. Ikerkuntzan dituen interesak hiru esparru handi hartzen ditu barne: a) zientzia eta teknologiako gizarte-azterketak; b) botere-harremanak eta ekintza politikoa ingurune soziotekniko berrietan; eta c) biopolitika eta medikuntza. Argitalpen hauek atera ditu, besteak beste: Francisco Tirado: Los objetos y el acontecimiento. Teoría de la socialidad mínima. Bartzelona: Amentia Editorial; Franciso Tirado eta Miquel Domènech (arg.): Lo social y lo virtual. Nuevas formas de control y transformación social. Bartzelona. Editorial UOC; Ana Gálvez eta Francisco Tirado: Sociabilidad en pantalla. Bartzelona: Editorial UOC.