Hormaren kontrako ekoizpenak
“3. zenbakiko pitzadura: Txoriak. Pareta baten kontra jarrita behatu beharreko ekintza-saila”. Idoia Zabaleta
by
Jardulea: Idoia Zabaleta / Musika: Herrikoia / Ekoizlea: Azala
Aurreko pitzaduran (2.ean) kontatu nuen ipuin txinatarrean, pertsonaia nagusia pozoituta hiltzen zen, iturri bateko ura edan ondoren. Orain, berpiztuta agertzen da, eta zuriz jantzita. Pitzadura berri honetan, kanta bat abestu nahi izan dut. Kantak dio txoria izanik amets eder hartan sinesten zuela, gaur ere sinetsi nahi izango zukeen ametsean. Ez dut abestu, beldur bainengoen norbaitek entzungo ote zuen. Nahiago izan dut hegaz joan.
Pieza honetan, irudi testual batzuk lantzen ditut, kontakizun bortitzen edo txorien kanten irudiak. Istorio baten barruan beste istorio bat egoten da beti, eta ezerk ez gaitu libratuko elezahar baten lekuan istorio faltsu bat kontatzetik.
Oraingoan, pareta erabili dut irudi arraro horri atxikitzeko. Esne-konketa batean sartu nahi zuen ipurdia, baina ez zuen egin, beldur baitzegoen norbaitek entzungo ote zuen. Nahiago izan du hegaz joan, arin, arin, baso ilunetatik dabilen txantxangorria bezain arin.
Hona hemen ekintzen izenburuak: Palomita, Exotika, Txeguingan, The hunter, Grafiosis, Baso ilunetan, Leoiak eta Txoriak, Txori.
* Performancea hastean, lokaleko ateak itxiko dira.
Idoia Zabaleta
Koreografoa. UPV/EHUko Biologiako Fakultatean, ekosistemetan eta populazioen dinamikan espezializatu zen. Bere obra osoan agertzen diren ideia batzuek lotura dute (erre)presentazioko prozesuen eta komunikazioko ekintzaren ekologiarekin. Zabaletak Dantza Berria eta Inprobisazioa ikasi zuen Bartzelonan, Florentzian, Amsterdamen eta New Yorken. 1990. urtean, Moaré Danza sortu zuen, eta Gasteizen jarri zuen egoitza. Interprete gisa lankidetzan aritu zen María Muñoz-ek eta Pep Ramis-ek zuzendutako Mal Pelo konpainiarekin (Girona). 2000. urtetik hona, bere lana sortzen du, eta lankidetzan jarduten du diziplina askotako artistekin, bai eta teorialariekin eta idazleekin ere. ARTEA elkarteko kidea da, eta, bertan, Isabel de Naveránekin lan egiten du Autonomia eta Konplexutasuna proiektua garatzen. de Naverán eta Igor de Quadrarekin batera zuzentzen du Dantza Kodeak, UPV/EHUren Leioako Campuseko dantza-aretoa. Lankidetzan aritu da liburu hauen argitalpenean: Zeru Urdina, 4 itinerarios y otras fotos eta Bicho. Bere lana ikusgai egon da nazioarteko jaialdi eta biltzar askotan. 2008. urtetik hona, Juan Gonzálezekin batera eraikitzen eta zuzentzen du sorkuntza eta egoitza artistikoetako AZALA gunea, Lasierra herrian (Araba).
Azalak ekoiztutako lan honek Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren diru-laguntza jaso du