Zinema_ilegala
ZINEMA ILEGALEKO 94. SAIOA
by
Julia Martosek proposatutako materialak ikustea eta ondoren solasaldia.
Un’Ora Sola ti Vorrei (Alina Marazzi, 2002) filmak beren amen bila dabiltzan alaben korronte oso bat jartzen du agerian. Justizia historiko gisa, espero zen eta nola edo hala gertatu behar zuen zerbaiten gisa, emakume behatzaileen hirugarren belaunaldi hau dago, begirada etxetik mundura biratzeaz gain, etxeko artxiboaren bidez munduari begiratzen dioten horiena (gogoan ditut Nina Fonoroff, Shanti Thakur, Lise Yasui, Sandhya Suri, Pilar Monsell, Agustina Comedi, Carolina Astudillo, Marga Almirall, Emma Tusell…). Egileen belaunaldi hau etxeko filmez jabetzen da –normalean familiaburuak grabatu ohi dituen horiez–, eta istorioaren beren bertsioa inskribatzen du.
Alina desagertutako amaren bila dabil bere aitonak etxean grabatutako filmetan eta amak idatzi zituen gutun ezkutuetan. Aurkitzen duen istorioak istorio patriarkal bat bistaratzen du; izan ere, ama protagonista duten eszena zoriontsuak, berez, familia-testuinguru diziplinatu batekoak dira, zeinak, azkenean, depresiora eramango baitu ama. Amaren egunkariak, gutunak eta erregistroak elkarretaratuz –”aurkitutako” subjektibotasun baten bidez–, Alinak isilarazitako testigantza bat berreskuratu, eta amarekiko edo, behintzat, haren irudiarekiko harremana berrezartzen du.
Julia Martos (Kordoba, 1989) artista bisuala eta programatzailea da. 2021ean amaitu zuen Zinema Programazio eta Komisariotzari buruzko prestakuntza Birkbeck-eko Unibertsitatean (Londres), Komisariotza eta Museoen Kudeaketako Botín Fundazioaren beka bati esker. Bere azken tesiak, The Hand Behind: a contemporary awakening of women from the Spanish family archive izenekoak, agerian jartzen du interes sakona duela kontra-historia feminista bat taxutzeko, jabetze-praktika filmikoen bidez. Programatzaile gisa, Essay Film Festival jaialdian (Londres, 2021), Archivos Vivos jardunaldietan (BilbaoArte, 2021), KCCUK-eko Korean Film Nights-en (Londres, 2020) eta CCCBko Archivo Xcèntric-en (Bartzelona, 2021) parte hartu du, eta, gainera, 2017-2018 denboraldian, Centre for Contemporary Arts CCA-Glasgow-eko koordinazioan lagundu du.
Ekitaldi honek New Yorkeko Foundation for Arts Initiatives (FFAI) erakundearen babesa du.