Urak dakar, Urak dakar - Zine programa
URAK DAKAR. ZINEMA-PROGRAMA ZINEBI 64-AN
by
Urak dakar zinema-programa Zinebi 64, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiarekin lankidetzan egin da.
Data: 22/11/16
Tokia: Guggenheim Bilbao Museoko Auditorioa
Sarrera: 5 €
PROGRAMA
17:00-19:00
A la vuelta del grito (Colectivo Cine de Clase, Helena Lumbreras- Mariano Lisa, 1976-1978, 40’)
Handsworth Songs (John Akomfrah, Black Audio Film Collective, 1986, 61’)
19:00-21:00
Territories (Isaac Julien and Sankofa Film and Video Collective, 1984, 25’)
Euritan (Irati Gorostidi, Arantza Santesteban, 2017, 20’)
Serpent Rain (Arjuna Neuman, Denise Ferreira da Silva, 2016, 30’)
URAK DAKAR. ZINEMA-PROGRAMA ZINEBI 64 JAIALDIAN
Urak dakar Bulegoa z/b-ren Space is The Place/The Place is Space programaren 2022-2023ko edizioa da. 2018an hasita, programak Sun Ra-ren 1974ko film afrofuturista parafraseatzen du izenburuan.
Guggenheim Bilbao museoko auditorioan (azaroaren 16an) Zinebi 64 jaialdiaren esparruan egindako proiekzioez eta Bizkaia Aretoa-UPV/EHU-n (azaroaren 18an eta 19an) egindako topaketa batzuez osatutako Urak dakar programaren udazkeneko atalak estrategia afrofuturista hau du oinarrian: denborazkotasunak desordenatzen dituen tresna gisa erabiltzea fikzioa, historiaren irakurketa berriak eskaintzeko.
Zinema-programak eta topaketek hainbat gai jorratzen dituzte, hala nola kapitalismoaren egiturazko indarkeriak eta haren iragan koloniala, eta memoriaren eta ekintza kolektiboaren potentzialtasunak. Bi ekitaldiak Abandoibarrako bi eraikinetan egingo dira. Hirigune horretan, iragan industrialaren arrastoak ezabatu, eta akabera distiratsuko eraikin berriak altxatu dituzte horien ordez. Egoera hori aprobetxatu nahi izan dugu in situ, espazioan eta tokiarekin, gogoeta egitea proposatzeko.
Hainbat testuinguru geografiko eta denboratakoak diren zinema-programako bost dokumentalek ikuspegi bera partekatzen dute zinemari buruz. Bostek ulertzen dute zinema tresna kritikoa eta kezkak eta ondoezak adierazteko bide bezala.
SINOPSIAK
A la vuelta del grito (Colectivo Cine de Clase, Helena Lumbreras- Mariano Lisa, 1976-1978, 40’)
Film honek sindikatu bat nola eratzen den erakusten du. Krisialdi betean, MEGESA (Sevilla), Battenfeld, Fisam, Eursotil, Roselson (Bartzelona) eta Babcock & Wilcox (Bizkaia) enpresetako langileek beren testigantzaren berri eman dute. Krisialdi ekonomikoaren ondorioz, enplegua erregulatu, lantegiak itxi eta langileak kalera botatzen dituzte. Sindikatuak azaltzen dira, baina Moncloarekin egiten dituzten itunak ez dira aski langileentzat. Estatu osoan egiten dira batzarrak, martxak, zirkulazio-etenak eta elkartasun-eskaerak, eta Franco hil ondoko lehenbiziko greba orokorra Euskadin antolatzen da. [Mostra Internacional de Films de Dones de Barcelona]
Handsworth Songs (John Akomfrah, Black Audio Film Collective, 1986, 58’33’’, 16 mm, bideora transferitutako filma, soinua)
Saiakera filmiko honek 1980ko hamarkadako Britainia Handiko istilu arrazakoak eta zibilak eta 1985eko hiri-matxinadak jorratzen ditu. 1985eko irailean eta urrian Birminghameko Handsworth auzoan eta Londres erdialdean izan ziren istilu zibilak dira Handsworth Songs lanaren abiaburua. Ideia batek zeharkatzen du film osoa: gizarte britainiarrean beltzek jasandako errepresio luzearen ondorioa izan zirela matxinadak. Filmak desordena zibila irudikatzen du isilpeko istorio baten sarrera gisa: industria-gainbeheraren drama nazionalarekin lotuta dagoen nahigabea. [Smoking Dogs Films]
Territories (Isaac Julien, Sankofa Video and Film Collective, 1984, 25’45”, 16 mm, kolorea, soinua)
Isaac Julien-en Territories lanak forma esperimentalak erabiltzen ditu 1984. urteko Britainia Handiko bizitza behatzeko, pertsona afrobritainiarren esperientzietan ardaztuta. Filmak onartzen du zaila dela azalpen sinpleetara murriztea esperientzia horien sorburu diren botere-dinamikak, eta, horren ordez, “lurraldeak” terminoa erabiltzen du tartean dauden agenda eta esperientzia ugariak islatzeko. Agenda –edo “lurralde”– horiek arraza, klase eta sexualitateari buruzko gaiak dituzte lotuta. [Will Fowler, BFI Screen-online]
Euritan (Irati Gorostidi, Arantza Santesteban, 2017, 20’)
Euritan filmaren abiapuntua Europan 60ko hamarkadan egindako zine militantearen berrikuspen kritikoa da, eta arreta emakumeek zine-genero horretan zeukaten ahalmen disruptiboan ipini da. Filmaren egiturak Itxaro Borda idazle frantses-euskaldunaren “Klara eta biok” (1985) narrazioaren berrikuspena du oinarri. Idazlea eta haren iraganeko hitzak aurrez aurre jarrita, euskal nortasun militantearen ikuspegi kritikoa eguneratu nahi da.
Serpent Rain (Denise Ferreira da Silva & Arjuna Neuman, 30’, kolorea, bideoa/kanal bakarreko instalazioa, 2016)
Serpent Rain esperimentu bat da elkarrekin lan egiteko, eta, aldi berean, etorkizunari buruzko film bat da. Lankidetza hondoratutako esklabo-ontzi baten aurkikuntzarekin hasi zen; orduan artista batek galdera hau egin zion filosofo bati: nola iritsiko gara giza ondoko garaira teknologiarik gabe? Eta filosofoak erantzun: agian film bat egin dezakegu denborarik gabe. Horren emaitza da bideo hau, barnetik jorratzen dituena esklabismoa eta baliabideen erauzketa, Black Live Matters eta bizitzaren gaia, elementuen egoera-aldaketa, intemporalitatea eta tarota. Elkarrekin, galdera hau egiten diogu geure buruari: zer gertatuko zaio gizakiari elementu atmosferikoen bidez adierazten badugu? Stefano Harneyk Bergen Assembly-ri egindako enkargu batetik sortu zen Serpent Rain.
BIOGRAFIAK
Helena Lumbreras (1935-1995). Zinemagilea eta idazlea, frankismoaren kontrako zinema militantearen ordezkari nabarmenetako bat izan zen. 1960ko hamarkadako Italian prestatu zen lanbide-arloan eta ideologia aldetik, eta, han, Italiako ezker kulturaleko zirkuluekin jarri zen harremanetan. 1970ean, Grupo Cine de Clase sortu zuen, Mariano Lisarekin batera, “bizi-baldintzak hobetzeko borrokan ari ziren pertsonen ametsak filmatzeko” asmoarekin. Kolektiboa 1978an desegin zen, demokraziarako Trantsizioa izenez ezagutzen den aldiaren hasieran oinarriko langile-mugimendua desegin zenean.
1982. eta 1997. urteen artean Erresuma Batuan jardunean egon zen Black Audio Film Collective-k muturreko ahalegina egin zuen hezkuntza, instituzioak eta identitate beltzak zinema independentean zuen irudikapena eraldatzeko. Zinemagileek, soinu-artistek, ekintzaileek, soziologoek eta ekoizleek osatutako diziplina arteko talde bat zen, hain zuen, John Akomfrah, Reece Auguiste, Lina Gopaul, Trevor Mathison, David Lawson, Edward George eta Claire Joseph-ek sortua. Taldeak lan horizontal eta banatua egin zuen, eta dokumental errealista eguneratu zuen, artxibotik zetorren iruditeria koloniala erakutsiz. [Museo Centro Nacional de Arte Reina Sofía , 2014]
Isaac Julien (CBE RA) zinegile eta instalazioen egilea 1960an jaio zen Londresen, eta gaur egun bertan bizi da eta lan egiten du. Pantaila anitzeko bere instalazio filmikoek eta argazkiek diziplina artistiko desberdinak hartzen dituzte barne eta hizkuntza bisual poetikoa eta paregabea sortzen dute. 1989an egin zuen Looking for Langston dokudramak Langston Hughes eta Harlem Renaissance ditu ardatz, eta hari esker kultuzko egile bilakatu zen. Young Soul Rebels da fikziozko bere lehen filma, 1991n egina. Cannesko Zinemaldiko Kritikaren Asteko saria jaso zuen harekin.
Irati Gorostidi Agirretxe (Eguesibar, 1988) zinemagilea da. Bere lehen film luzea garatzen ari da, Anekumen, SSIFFeko Ikusmira Berriak programan eta ECAMeko Start Me Up-en hautatua beste mentoring- eta merkatu-programa batzuen artean. Contadores film laburra Kimuak 2022 programan hautatu dute, eta San Simón 62 proiektuak Punto de Vista 2021 jaialdiko X Films saria irabazi zuen, jaialdiaren azken edizioan estreinatu zen eta Navarra Shortzinema katalogoan hautatu dute. Bere filmak nazioarteko zinemaldietan proiektatu dituzte. Artea eta zinema ikasi zituen eta Fulbright bekaduna izan zen New Yorken.
Arantza Santesteban Perez (Iruña, 1979) historialari, zinemagile eta ikertzaile independentea da. Historian lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Bartzelonako Francesca Bonnemaison zentroan osatu du ikus-entzunezko arteetako prestakuntza Sormenezko dokumentaleko diplomaturarekin. Besteak beste, Passatgeres (2012), Euritan (2017), 918 GAU (2021) eta Liluraren kontra (2021) filmak zuzendu ditu. 2019az geroztik, doktorego-tesia prestatzen ari da Lisboako Arte Ederretako Unibertsitatean, Susana de Sousa Dias eta Ana Longonirekin, zinema-irudikapena, feminismoa eta euskal gatazka politikoa lotzen dituzten gaiak ikertzen.
Denise Ferreira da Silva akademikoa eta jardunean dagoen artista da. Toward a Global Idea of Race (2007) eta Unpayable Debt (2021) lanen egilea da, eta beste hauen koeditorea: Race, Empire, and the Crisis of the Subprime (2013, Paula Chakravarttyrekin batera) eta Indigenous Peoples and the Law (Routledge, 2018, Mark Harrisekin batera). Bere lan artistikoaren barruan daude Arjuna Neumanekin lankidetzan egindako Serpent Rain (2016), 4Waters-Deep Implicancy (2018) eta Soot Breath/Corpus Infinitum (2020) filmak, eta Valentina Desiderirekin lankidetzan egindako Poethical Readings and Sensing Salon harreman-arteko praktikak.
Arjuna Neuman artista, zinemagilea eta idazlea da. Leku hauetan aurkeztu du bere lana, besteak beste: CCA Glasgow; Centre Pompidou, Paris; Manifesta 10, Marseilla; Showroom Gallery, Londres; TPW Gallery, Toronto; Forum Expanded, Berlin Berlinale, Berlin; Jameel Art Centre, Dubai; Berlin Biennial 10, Berlin; Serpentine, Londres; X Qalandia Biennial, Palestina; Gasworks, Londres; Bold Tendencies, Londres, UK; Or Gallery, Vancouver; Whitechapel Gallery, Londres; Istanbul Modern, Turkia. Saiakera hauek argitaratu ditu: Relief Press, Into the Pines Press, The Journal for New Writing, VIA Magazine, Concord, Art Voices, Flaunt, LEAP, Hearings eta e-flux.
Urak dakar programak Eusko Jaurlaritza, Bizkaia Foru Aldundia eta Zinebi 64 jaialdiaren babesa jaso du.