Soinuaren ezaugarriei buruzko mintegia

by

Bulegoa zenbaki barik ekimeneko ateak 2010eko azaroan ireki genituenetik, argazkietan eta audioan jaso ditugu jendaurrean egin ditugun jarduerak. Azken lau urte hauetan sortu den soinu-artxiboa ez da gertatu denaren erregistro huts bat. Bulegoaren funtsezko osagaia da, bulegoaren helburuetako bat beti izan baita ezagutza ekoizteko bide ematea gure programan jasotako jendaurreko jardueren denborazko esparrutik harantz joz. Mintegi honen bidez, eztabaida egin nahi dugu, Bulegoa z/b ekimenaren soinu-artxiboa nola kudeatu, nola jarri eskuragarri eta nola eman jakitera erabakitzeko, oraindik ez baitiogu erantzunik eman auzi horri. Horrez gain, aukera honetaz baliatu nahi dugu eztabaida zabaltzeko, audioa arteko lan-tresna berezi gisa hartuta. Horretarako, hainbat laguni egin diegu gonbit, beren esperientziak gurekin partekatzeko. Lagun horiek audio-artxiboekin egiten dute lan esparru digitalean, materia gisa lantzen dute audioa ekoizpen artistikoan, eta etengabe erabiltzen dute buruan nola kudeatu guztion ondasunak, eta nola jarri eskuragarri eta eman jakitera ezagutza.

Mintegian, lau aurkezpen, kontzertu bat, entzunaldi bat eta, ondoren, eztabaida bat izango ditugu, 10:00etatik 13:30era. Zuzenean ikusi ahal izango da streaming bidez, hemen: (http://www.tea-tron.com/teatron/TVTRON.do)

Mintegian parte hartu nahi baduzu, idatzi helbide honetara: bulegoa@bulegoa.org

PROGRAMA:
10:00-10:20: Aurkezpena, Bulegoa z/b ekimenaren eskutik.
10:20-11:00: Ainara LeGardon. Kontzertu-inprobisazioa eta aurkezpena.
11:00-11:20: Nicolas Malevé.
11:20-11:50: Oier Iruretagoiena. Aurkezpena eta entzunaldia.
11:50-12:10: Rubén Ramos Nogueira.
12:10-12:30: Bulegoa z/b ekimenaren audio-materialaren aurkezpena eta entzunaldia.
12:30-13:30: Eztabaida.

“Egiletasuna, babesa eta kudeaketa… zerena?”. Ainara LeGardon
Jabetza Intelektualaren Legearen arabera, egilearen eta bere sormen-lanaren artean sortzen den lotura intimo eta ezin deseginezkoen ondorioz, sortzaileak eskubide moral batzuk ditu, ezin utzizko eta ezin kenduzko eskubideak. Besteak beste, lanaren egiletasunaren onarpena. Hala ere, gure praktikaren emaitzaren aita edo ama sentitzen al gara sortzaile guztiak? Pieza horiek “gureak” al dira? Artista batzuen ustez, inprobisazio askearen, denbora errealean egindako sorkuntzaren praxia gatazkan dago egiletasunaren ideiarekin, normalean ulertzen den moduan ulertuta. Aurkezpenean, jabetza intelektuala, obraren babesa eta eskubideen kudeaketa bezalako gaien inguruan ditudan kezkak aztertu nahi ditut.

Artxibo xuxurlaria. Nicolas Malevé
Audioa artxibatzean, funtsezko osagai batekin egin ohi dugu topo: ahotsarekin. Zer gertatzen zaio ahotsari esparru digitalean sartzean? Esaten duena artxibatuko dela dakien horrek nola hitz egiten du? Zein unetan erabakitzen du bere hitzak partekatzea eta eraldatzea? Eta zer gertatzen da kodeak berak “hitz egiten” duenean? Aurkezpenean, gai horiei ekin nahi diegu (ez erantzun), Constant laborategian elkarlanean aritzen garen lagunek garatu ditugun edo oinarritzat hartu ditugun era askotako artxiboko proiektuei begiratuz (eta entzunez).

“Soinu batek zapaldua”. Oier Iruretagoiena
Aurreko lan batzuen inguruko oharrak eta entzunaldia.

“Artxibatzea ez dago gaizki baina kontu dibertigarriagoak bururatzen zaizkit” Rubén Ramos Nogueira.
Teatron proiektu huts bat baizik ez zenean, 2006. urte inguruan, noizbait ohartu ginen zera generabilela buruan: bideo-erregistroen (eta soinu-erregistroen) kopuru ikaragarri handia, beharbada sekula inork irekiko ez zituen tiraderetan lo zegoena. Artxibo digital aitzindari batzuek nola funtzionatzen zuten ikusten genuen bitartean, streaming bidezko bideo- eta audio-plataforma sortu berriak eromenezko erritmoan hazten ziren, eta, aldi berean, sare sozialek erabat aldarazten zituzten gure eguneroko bizitzako funtsezko alderdi batzuk. Beharbada, behin edo behin pentsatuko genuen funtsezkoa zela artxibo bat nola antolatu azaltzea, baina, gertaeren ondorioz, kontu hori bigarren mailan geratu da. Hala ere, galdetu diguzuenez, egia esan, oraindik bueltaka darabilgu kontua buruan.

BIOGRAFIAK
Oier Iruretagoiena (Errenteria, 1988) artista da eta Bilbon bizi da. Eskultura, soinua eta testuaren arteko erdibidean lan egiten du. Arte Ederretan lizentziatu zen EHUn 2011n, eta bakarkako erakusketak egin ditu Bartzelonako Halfhousen (2014), Donostiako Egiako Kultur Etxean (2013) eta Gasteizko Montehermoso Kulturunean (2011). Ertz Bertze Musiken Jaialdian (2014) eta Bartzelonako Cicle HUM eta L’ull cec-en ere (2010) aurkeztu du bere lana. Soinu bandak eginaz kolaboratu izan du dantza, antzerki, irrati eta ikusentzunezko lanetan, eta Bilboko Club Le Larraskitoko koordinatzaileetariko bat ere bada.

Ainara LeGardon (Bilbo, 1976). Performer-a, gitarraria, abeslaria eta musikagilea. Bi hamarkadatik gora eman ditu musika egiten. Bakarka atera dituen bost diskoek prentsa espezializatuaren laudorioak jaso dituzte, eta Estatuko eszena independenteko erreferentetzat hartzen dira. Jabetza Intelektualeko Artearen Goi-mailako Institutuko tituluduna eta “DIY” filosofiako ekintzailea da. Kulturako autokudeaketari buruzko tailerrak eta hitzaldiak emateaz gain, bere musika-proiektua garatu, soinu-bandak sortu, eta inprobisazioa ere lantzen ditu. Orain dela gutxi “Otro mundo es posible” lan akademikoa argitaratu du, eskubideen kudeaketa eta lizentzia askeen erabilerarekiko gatazka lantzen dituen azterketa.

Nicolas Malevé (Brusela, 1969) artista, software programatzailea eta informazioaren ekintzailea da. Gaur egun, kartografia, informazioaren egiturak, metadatuak eta bisualki irudikatzeko dauden moduak dira bere ikerketa-lanaren ardatzak. World Wide Web-aren etika eta kultura oinarritzat dituen Constant diziplinarteko arte-laborategiko kide aktiboa da 1998. urtetik (www.constantvzw.org). Bartzelona eta Brusela artean bizi da.

Rubén Ramos Nogueira (Santa Coloma de Gramenet, 1973). Gaur egun batzuek zuzeneko arteak deitzen duten hori aztergaitzat duen tresna digitala da Teatron, eta ni naiz plataforma horren sortzaileetako bat (http://www.tea-tron.com). Horregatik egin didate gonbit Bulegoa z/b ekimenera etortzera. Gainerakoan, denetik deitu didate azken aldi honetan: kultura-asaldatzaile, idazle, kazetari, musikari, performer, programatzaile informatiko, teleko, artista, teknikari, basket-jokalari eta arte eszenikoetako kritikari. Azken hori kenduta, gainerako guztia onar dezaket, nola edo hala, baina ezingo nuke era horretan adierazi. (http://www.fuga.es)