Una tirada de dados… Bi ataleko elkarrizketa bat hiruren artean. Israel Galván Pedro G. Romerorekin eta Filiep Tacqekin

Una tirada de dados…, Israel Galván, Pedro G. Romero eta Filiep Tacq. Playground, Leuven. Argazkilaritza: Joeri Thiry / STUK.

“Dado jaurtiketa bat…”

Erromatar pikaroek
jaunaren soingainekoa
dadoetan jokatu zuten
Utzi zizkiguten latinak
erromatarrak, legeak eta bideak,
erromatar soldaduek.

(Puente Genileko kuarteleko saeta)

Emanaldi hau Bulegoa z/b ekimenean hasitako “Etorkizuneko liburua” proiektuaren atal bat da, artistaren liburuaren performatibotasuna du ardatz eta Marcel Broodthaersen bost lan ditu abiapuntu, hain zuzen, bost liburu.

Hainbat eragile gonbidatu ditugu gogoeta egitera eta gai honetaz hitz egitera: artistak, historialariak, komisarioak, idazleak, eta abar; betiere euren parte hartzea Marcel Broodthaersen bost liburu horietako batekin, euren esanahi-eremuekin eta osatzen joan den adierazleekin lotuz.

“Un coup de dés jamais n’abolira le hazard” (Dado jaurtiketa batek ez du inoiz zoria desegingo) Stéphane Mallarméren poema bat da, eta Gallimardek argitaratu zuen 1914an, poeta hil ostean. Marcel Broodthaersek berrinterpretatu zuen 1969an, eta horixe da saio honen abiapuntua: Israel Galván flamenko-dantzariak Pedro G. Romerorekin eta Filiep Tacqekin batera osatutako “Una tirada de dados…”, Belgikako Lovainako Playground Jaialdian egingo dena.

***

Stéphane Mallarmé arte modernoaren espazioa asmatu zuen poetatzat jotzen da: lehenengo aldiz poema –idaztea bera– orriaren ertzen zurruntasunetik askatu zuen, eta hitzei orriaren gainean planeatzen utzi zien, jarraibide ireki batez, zinema jaio zen garai bereko jarraibide musikal batez, beharbada. Hori dela eta, aldi berean, irakurketa linealaren ordena hautsi zuen, eta, horrela, abstrakzio-maila handitu zuen, esaldien eta hitzen artean elkarrekiko harreman berriak proposatuz, eta hizkuntzari egilearen asmoetatik, testuinguru sozialetik eta haren garaiko baldintzetatik harago doan autonomia itzuliz.
Marcel Broodthaers (MB) pauso bat aurrerago iritsi zen pausoaren irakurketarekin. Testuaren lerro guztiak barra edo lauki zuzen beltzekin estali zituen, irakurri ezinezko bihurtuz, irudi hutsera murriztuz: gune beteen eta hutsuneen eraikuntza batera. Barra beltz paraleloen erritmoa, musika partitura bat bezalakoa, baina arkitektura konstruktibista baten gisakoa ere bai, bai eta film abstraktu bat bezalakoa ere, baina zentsuratutako artxibo bat bezalakoa ere bai, bai eta inprimaki zibernetiko bat bezalakoa ere, baina baita… MBk bere izena jarri zuen azalean Mallarméren izenaren ordez, eta “poem” (poema) hitzaren lekuan “image” (irudia) hitza idatzi zuen.

Israel Galván flamenko-dantzariaren lan barruan isiltasuna eta esekidurako mugimendua daude, zesura musikalak, keinu aldi berean zehatzak eta ezagutu ezinak, isilarazteko txistuak, barneko musika, gorputza eta haren atalak etengabe erakustea eta ezkutatzea, mihiaren klaskak, sekuentziak zatikatzea etengabe berrantolatuz, esaldiak totelka ahoskatzea, burutik, ahotik, hatzetatik, bularretik, hanketatik ihes egiten duten soinuak; gertaera testu bihurtuta.

Ez da kasualitate hutsa Israel Galván bezalako bailaore bat Mallarmék eta Broodthaersek, besteak beste, ibilitako bide berbera darabilten egiteko moduekin lotzea. Gutxien-gutxienean, flamenkoari horrelako izaera ezartzeko bat egin duten hiru tradizio aipa ditzakegu. Alde batetik, poeta “flamenko” batzuek Mallarmérekin berarekin izandako harremana, bereziki Antonio Machadok eta Juan de Mairena heteronimoak izandakoa. Beste alde batetik, dantzaren eta zinematografoaren arteko harreman goiztiarra, haren bizikide baitzen barietateen esparruan, haren formen mimesia generoaren garapen artistikoan. Azkenik, Vicente Escudero dantzariak abangoardia kubistekin eta dadaistekin izan zuen harremana: haietatik abiatu ziren flamenko-dantzaren beraren tradizio erradikal, “primitibo” eta benetakoenak.

***

Sevillan izan zen Pedro G. Romero artista eta kuradorearen, Filiep Tacq arteko liburuen diseinatzailearen eta Israel Galván flamenko-dantzariaren arteko lehenengo elkarrizketa, eta gai hauek jorratu zituzten bertan: Mallarmé eta hark flamenkoaren generoan utzitako arrasto gorabeheratsua; Broodthaersen irakurketa eta horren barruan Mallarméren poesiak lortutako ikusgarritasuna; (“flamenco” gaizki ulertuaren gagari buruz ere bai: alde batetik, Flandriako biztanlea, eta, bestetik, musika- eta dantza-genero espainiar, andaluziar eta ijitoko artista baita); liburu bat egiteko aukera, edo, hobeto esanda, liburu bat egiteko estrategia kontu horiei buruz pentsatzeko eta hausnarketa egiteko forma gisa erabiltzeko aukera.

Horrenbestez, horretara hurbildu nahi dugu orain, hiru mintzakideren arteko bi ataleko elkarrizketa batekin; bertan Israel Galvánek antzeztu, eta dantza egiten du, haren hitzekin, haren hizkerarekin. Lehenago, minutu batzuk lehenago, Pedro G. Romero eta Filiep Tacq gertakizun hori adierazten ahaleginduko dira; argibideak eta ikusmena handitzeko leiarrak emango dituzte, hurrena datozen keinuak irakurtzen laguntzeko, beharbada. Porrot egingo dute aintza osoan, Israel Galvánen keinuak, musikak eta isiluneak liburu batean, testu batean, esandakoan itzularazteko ahaleginean.

Elkarrizketa eta dantza horiek barne hartuko dituen kokalekua Lovaina hiriko Unibertsitate Liburutegia da, XX. mendeko 30. hamarkadan AEBen finantza-laguntzarekin berreraikia izan zena. Liburutegiaren historian zehar era guztietako gorabeherak izan dira. Liburutegia osatzen duen ondare bibliografikoa hainbat gatazkatatik iritsia da, gerra eta matxinadetan zehar ibilita, ezin konta ahala alditan zatikatu eta bildutako ondarea da. Azkena 1970ean, ondarearen zati bat komunitate frankofonoaren eta flamenkoaren artean banatu baitzen, bakoitiaren eta bikoitiaren prozesura erabiliz. Ale bakoitiak dira gaur egungo liburutegiko hormak betetzen dituztenak.

Xehetasun anekdotiko bat azpimarratu nahiko genuke, garrantzi gutxikoa agian. Iparramerikarrek berreraikitako liburutegiko eraikina Sevillako Giraldaren arkitektura ereduarekin bukatuta dago; hiri horretan bizi dira, hain zuzen, Israel Galván eta Pedro G. Romero. XX. mende hasierako arkitektura zibil amerikarrean erabat ohikoa zen horrelako pinakuluarekin bukatzea. 4taxis kolektibo frantsesak “giralda egitea” deitzen zion argazkietarako posatze koreutikoko keinu jakin bati, eta XX. mendeko herri-kulturako eraikitzeko formetan ere aplikatzen zuten: New Yorkeko Empire State koroatzen zuen Giraldatik hasi, eta James Brownen ezaugarria zen poseraino, Maruja Malloren performer keinutik, San Frantziskoko zubi esekiko pinakuluetaraino, Kansas Cityko plaza nagusitik, José Greco, José de Triana edo José Limón bezalako bailaoreen poseetaraino.


Biografiak:

Israel Galván (Sevilla, 1973) dantzari eta koreografo flamenko espainiarra da. Dantzako Sari Nazionala 2005ean. 2012an, Bessie Award for an Outstanding Production saria eman zioten New Yorken, eta Arte Ederretan izandako Merituaren Urrezko Domina ere bai. Sevillako José Galván eta Eugenia de Los Reyes dantzarien semea izanik, bost urte zituenetik berez bizi izan da tablao, festa eta dantza-akademietako giroetan, etxekoekin batera joanda. Nolanahi ere, 1990. urtea arte ez zitzaion dantzarekiko bokazioa piztu. 1994an Mario Mayak zuzendutako Andaluziako Dantza Konpainia sortu berriko partaide bihurtu zen. Era askotako proiektuetan aritu izan da sarri lankidetzan, elkarren artean oso desberdinak diren artistekin. Horien artean. honako hauek izan dira azpimarragarrienak haren ibilbidean: Enrique Morente, Manuel Soler eta Mario Maya, ahaztu gabe Sol Picó, Pat Metheny, Vicente Amigo, Alfredo Lagos, Manuela Carrasco, Lagartija Nick, Fernando Terremoto, Miguel Poveda, Diego Carrasco, Gerardo Nuñez, Belen Maya, Chicuelo, Joan Albert Amargós, Diego Amador, Arcangel, Ines Bacan, Estrella Morente… 1998an ¡Mira! / Los Zapatos Rojos (Begira! / Zapata Gorriak) aurkeztu zuen, haren konpainiaren lehenengo ikuskizuna. Jenialtasuntzat hartu eta goraipatu zuen kritika espezializatuak, eta iraultza eragin zuen ikuskizun flamenkoak irudikatzeko moduan. Harrez gero, lan hauek egin ditu, hurrenez hurren: La Metamorfosis (2000), Galvánicas (2002), Arena (2004), La Edad De Oro (2005), Tábula Rasa (2006), Solo (2007), EL Final De Este Estado De Cosas, Redux (2008), La Curva (2010) eta Lo Real / Le Réel / The Real (2012) eta FLA.CO.MEN (2014).

Filiep Tacq (Kortrijk, 1959) diseinatzaile grafiko independente lanetan dabil 1984tik, liburu, arte-katalogo eta artista-liburuetan espezializatuta. Ganteko Sint-Lucas Instituut-eko eta Maastricht-eko Jan van Eyck Academie-ko irakaslea izan da. Artisten argitalpenetan egin du lan, besteak beste, Francis Alÿs, Ibon Aranberri, Marcel Broodthaers, James Coleman, Abbas Kiarostami, Moyra Davey, Pedro G. Romero, Rosa Barba eta Teresa Lancetarekin, eta, era berean, Bartzelonako Fundació Antoni Tàpies, New Yorkeko DIA Center for the Arts, Luxenburgoko Manifesta 2, Bartzelonako MACBA eta Bulegoa z/b erakundeekin.
Bulegoa z/b ekimenarekin batera, Filiep Tacqek “Etorkizuneko liburua” proiektuari ekin dio (2015-2017), Marcel Broodthaersen bost liburu aztertzetik abiatuta.

Pedro G. Romero (Aracena, 1964) artista-lanetan dabil 1985etik. Gaur egun, bi gailu handi egiten ari da: Archivo F.X. eta Máquina P.H.. UNIA arteypensamienton eta PRPCn (Plataforma de Reflexión de Políticas Culturales -Politika Kulturalen inguruko Gogoeta Plataforman-) parte hartzen du Sevillan. DSS2016 Kultur Hiriburutzarako Bake ituna proiektuko komisarioa / kuradorea da.
Archivo F.X.rekin aurkeztu ditu, besteak beste, Bartzelonako Fundació Antoni Tàpieserako La Comunidad vacía. Política eta Bartzelonako Museo Picassorako Economía Picasso/Economía. Azkenaldian, Sao Pauloko 31. Biurtekorako La Escuela Moderna lana zabaldu du. Alemaniako Spector Books argitaletxean Wirtschaft, Ökonomie, Komjunktur argitaratu du, Stuttgarteko Württembergischer Kunstverein-en erakutsitako proiektuan oinarrituta. P.H. makinan, Ikasketa Flamenko Modernoen eta Garaikideen Plataforma Independentea sustatzen du, www.pieflamenco.com. Israel Galván dantzariaren zuzendari artistikoa da, eta zenbait artistarekin dabil elkarlanean, hala nola Rocío Márquez eta Tomás de Perraterekin. Bartzelonako Virreinarako eta Gasteizko Montehermoso Arte Zentrorako Ocaña. Acciones, actuaciones, activismo 1973-1983 proiektuaren kuradorea izan zen. Mudito argitaletxeak Exaltación de la visión liburua argitaratu berri dio, Val del Omarren zinemari buruz. Gaur egun, Máquinas de Vivir. El flamenco y la arquitectura en la ocupación y desocupación de espacios proiektuan ari da lanean. Proiektua Berlingo Biurtekoan, Compostelako Santiagoko CGACn, Sevillako unía arteypensamiento-n, Donostiako Cristinaenean, Bartzelonako Macban eta Vienako Secessionen aurkeztu izan da.

Etorkizuneko liburua proiektua performancea egiteko dagoen Corpus sarearen barruan garatu da. Honako hauek eratzen dute Corpus sarea: Bulegoa z/b (Bilbo), Contemporary Art Centre (Vilnius), KW Institute for Contemporary Art (Berlin), If I Can’t Dance, I Don’t Want To Be Part Of Your Revolution (Amsterdam), Playground (STUK Kunstencentrum & M-Museum, Lovaina) eta Tate Modern (Londres).

Corpus sareak Europar Batasuneko Europa Sortzailea programaren finantziazioa jaso du.