INES SCHABER: ART, MANIFEST(O)ING

by

(1) "Haben und Brauchen (Eduki eta behar izan)" ekimenaren manifestazioa Berlingo Udalaren aurrean, 2012. (2) Graffitia Boyle Heights-eko galeria baten sarreran, Los Angelesen, 2015.

Art, Manifest(o)ing Ines Schaber-ek zuzendutako tailer bat da. Aldizkako topaketen bidez egituratzen den Space is The Place / The Place is Space programako bigarren topaketa da. Programaren helburua da artea praktika kritiko gisa aztertzea, gelditzeko, begiratzeko eta munduan kokatzeko, edota egoerak sortu, bizitzeko moduak iradoki eta espazioa sortzeko tresnak eskaintzen baititu.

Saioa 11:00etatik 14:00etara izango da. Parte hartu eta hautatutako testuak jaso nahi badituzu, idatzi helbide honetara: bulegoa@bulegoa.org

Art, Manifest(o)ing
Azken urteetan, ohikoa da artistek jarrera hartzea auzi sozialen aurrean. Toki desberdinetan eta era askotako baldintzetan, honelako galderak egiten dira: Zein jarrera dute arteak eta artistek aldatzeko prozesuan dagoen gizarte batekiko/batean? Nola antolatzen dira artistak, banaka, elkarlanean, taldeka edo ordezkaritzako organo profesional bateko kide gisa? Sare aktibista baten barruan jarduten dute? Zein jarrera hartzen dute hiri-aldaketen aurrean?

Tailerrean, bi jarrera kritiko eta engaiatu hauei buruz hitz egin nahi dut: jarrera bat Berlingo Haben und Brauchen artisten ekimenarena da; bestea Los Angelesko Defend Boyle Heights erakunde aktibistarena.

2011n, Berlinen bizi ziren artista askok probokaziotzat hartu zuten Berlingo arte gaztearen lorpenak erakutsi nahi zituen erakusketa batean parte hartzeko jaso zuten gonbidapena. Askok uko egin zioten gonbidapenari, haien ustez, hiriak bere artistez harro agertu nahi zuelako, artisten bizi-baldintzak era izugarrian okertzen ari ziren unean. Artea sustatzeko ikuspegi zehatz bat kontraste nabarmenean sartzen zen kultura-ekoizleek beharrezkotzat jotzen zutenarekin. Taldea ekintzekin hasi zenean, artisten bizitza- eta lan-baldintzen defentsa hartu zuen ardatz. Hala ere, handik denbora gutxira, argi ikusi zuen jende askok partekatzen zituela auzi horiek, hau da, enplegua eta lana, artea eta autonomia, eta oro har hiri-hazkuntza. Horrela, taldeak zalantza hau izan zuen: auzi horiek berriz errepikatu, arteari lotuta; edo haietan engaiatu, sare zabalagoen bidez.

Bestetik, Los Angeles-en, Defend Boyle Heights taldeak gentrifikazioaren kontrako erakunde iraultzailetzat hartzen du bere burua. Taldearen ustez, arteak eta higiezinen arloko inbertitzaileen alde jarduteko duen moduak arazoak sortzen dituzte, eta aurre egin behar zaie horiei. Horri jarraituz, azken urteetan, Defend Boyle Heights taldeak mobilizazioak egin ditu, galeriak auzotik bidaltzeko.

Bi adibide horiek eta azken urteetan izan diren beste asko (hala nola, munizipalismoaren inguruan antolatutako taldeak eta Espainiako M15 mugimendua) erronka eta gonbidapena dira artistentzat eta sorkuntzako agenteentzat, jarrera hartzeko eskatzen baitiete, hiri-politiken, alokairuen prezioen igoeraren, lan-baldintzen aldaketen eta austeritate-politiken aurrean. Tailerrean, auzi horiek aztertu, eta esperimentu eta mapaketa batzuk egingo ditugu, geure baldintzekin eta jarrerekin erkatzeko.

Ines Schaber artista da, eta Berlin eta Los Angeles hirien artean bizi da. 2014tik, irakaslea da California Institute of the Arts- CalArts-en, Fotografia eta Baliabideen programan. Bere lanean irudiaren ekoizpenaren konplexutasuna jorratzen du, ebidentzia historikoen ezkutuko geruzak ikertzen. Besteak beste, toki hauetan erakutsi du bere obra: documenta 13, Camera Austria / Steirischer Herbst, Graz; Graham Foundation, Chicago; Bruselako Bienala; Belfast Exposed Photography; nGbK Berlin. 2010ean, artistak bat egin zuen Haben und Brauchen (Eduki eta behar izan) taldearekin. Aktibismo artistikoko talde horrek arte bisualen jarrera aztertzen zuen, ekonomiarekin eta finantziazioarekin harremanetan, eta Berlin hiria kultura-arloan iragartzeko betetzen zuen zeregina ere bai. 2011n, 45 lagunek adierazpen bat idatzi zuten. Schaber Berlin Journals–On the History and Present State of the City-en sortzailekidea da, Valeria Fahrenkrog, Joerg Franzbecker, Erik Göngrich, Heimo Lattner, Katja Reichard eta Florian Wüst-ekin batera  (http://www.berlinerhefte.de).