ZINEMA_ILEGALEKO 81. SAIOA

by

"The Ballad of Genesis and Lady Jaye", Marie Losier, 2011.

The Ballad of Genesis and Lady Jaye (Genesis eta Lady Jaye-ren balada, Marie Losier, 2011) filmaren proiekzioa. la santamari(c)ak proposatutako saioa, eta, ondoren, solasaldia.

Badirudi amodioa feminismoaren etsaia dela.

Nola ez izan susmorik hartaz? Amodioa (erromantikoa, jakina) lubrifikatzaile ezin hobea da, familia nuklear heterosexuala gizakiaren bilakaera natural bakar gisa aurkezteko. Arrazoitik ihes egiten duen eta, beraz, arrazoiaren bidez ezin gezurta daitekeen indar gisa.

Hala ere, Tinder eta poliamodio kapitalizatuaren garai betean, gutako askok uste dugu beharbada erantzuna ez dela amodioarengandik ihes egitea. Konpromisoa, fidelitatea eta gorputzez eta arimaz jardutea ere lagungarri zaizkigula egonkor eta asebeterik sentitzeko. Orduan, arazo handia topatzen dugu aurrean: ez dugu erreferenterik. Azken batean, gure amodiozko imajinarioa elikatzen duten komedia erromantiko, kantu melenga eta nerabezaroko oroitzapen horiek guztiak istorio bera dira, modu desberdinean kontatuta.

The Ballad of Genesis and Lady Jaye filma San Balendin egunean inork ospatuko ez lukeen maitemintze baten lekukotasuna da. Bi ardatzen –amodioaren eta identitatearen– inguruko hausnarketa performatiboa. Nola edo hala, Genesisek eta Lady Jayek, hainbeste maite zuten elkar, non bat bakarra izatea erabaki baitzuten. Amodio horren emaitza ez zen haien ondorengotza izan, beraiek baizik: Pandrogyna.

la santamari(c)a. Artibista marika eta Pikara Magazine argitalpeneko idazlea. Medikuntza ikasten ari da Basurtun, Euskal Herriko Unibertsitatean, UPV/EHUn. Haren lanean, gorputzak eta identitatearen ekoizpena ikertzen ditu, generoak, mugimendu sozialek eta antipsikiatriak zeharkatuta.