“7, 6, 5, 4, 3, 2, 1… 0 irakasgaia “. Amaia Urra

by

Jauzika, biraka eta atzeraka eginez noa aurrera.

Aurrera egitea aurrera egin gabe.

Aurrera egin bezain laster, nire urratsen arrastoan itzultzen naiz, bitan banatzen naiz, hautatutako bidea zalantzan jartzen dut, hiru urrats egiten ditut, urrats horien arrastoan itzultzen naiz, beste alde batetik jotzen dut, zalantzan jartzen dut berriz hautatutako bidea, neure burua gezurtatzen dut. Abian jarri bezain laster, geldiarazten naiz, hausnarketa egiten dut, zalantza egiten dut, ez aurrera ez atzera gelditzen naiz, ez aurrera ez atzera gelditzen naiz, ez aurrera ez atzera gelditzen naiz, bertan behera uzten dut.

Berriro ekiten diot, hainbat bide aldi berean hartzen saiatzen naiz, jira egiten dut, bide bat hautatzen dut, beste alde batetik jotzen dut, bidea galtzen dut, sigi-sagaka hasten naiz, atzeratzen naiz, astiro joaten naiz, behar dudan denbora hartzen dut, hara-hona ibiltzen naiz, zokomiran ibiltzen naiz, bidaiatzen dut, buelta bat ematen dut, pasieran ibiltzen naiz.

Adierazpen bat etengabe bilatzen, kategorikoa ez den adierazpen bat. Zerbait adieraztea lortu bezain laster, berehala sentitzen dut hori ezegonkortzeko beharra. Lagun batek esaten dit ideia bat adieraztean forma bat ezartzen dela, eta forma hori ez dela zehazki benetakoa eta partziala dela ezinbestez. Adierazi bezain laster, zalantzan jartzen duzu adierazpena, eta atzera egin nahiko zenuke. Kierkegardek honela esaten zuen: “Hitz egin orduko orokorra dena adierazten dut, baina isiltzen banaiz ezin nau inork ulertu”. Esaten didanez, hizkuntza tresna zehatza eta aldi berean zehaztasunik gabekoa da, eta deformatzailea, forma ematen duelako.

HORTAZ, DEI EGITEN DIZUET GOIZ BATEAN NIREKIN BATERA IBIL ZAITEZTEN HARA-HONA, NIRE ZALANTZEKIN, NIRE ADIERAZPEN BATZUEKIN ETA AZKEN BOLADA HONETAN NIRE GOGOA BETETZEN DUTEN BESTE KONTU BATZUEKIN. 10:00ETAN HASIKO GARA, PUNTU-PUNTUAN, ATZERA-KONTUA EGINEZ. MESEDEZ, ESAGUZUE AURREZ ETORRIKO ZARETEN EDO EZ.

Amaia Urra (Donostia, 1974). Arte Ederretan lizentziatua, eskultura-espezialitatean (EHU/UPV. Euskal Herriko Unibertsitatea, 1998). Aldi berean dantza garaikide eskoletara joan zen. Juan Domínguez, Frederic Seguette, Ion Munduate, Jérôme Bel, Olga Mesa eta Xavier Le Roy bezalako artista eta koreografoentzat egin du lan, eta horiekin batera ere lan egin du, beren lanak interesgarriak iruditzen baitzaizkio. 1999an eta 2000. urtean Mugatxoan programan parte hartu ondoren, bere lana sortzen hasi zen: Desayuno con diamantes (Gosaria diamanteekin) eta No GoaL (Helbururik ez) bideoak sortu zituen lehenbizi, eta 2002. urtean bere lehen pieza estreinatu zuen El Eclipse de A (Aren eklipsea). 2007-08an, Cristina Blanco, Cuqui Jerez eta Maria Jerezekin batera The Neverstarting Story (Inoiz amaitzen ez den istorioa) proiektua garatu zuen. 2009. urtetik aurrera, bere lana ardatz gisa hartzea erabaki zuen, eta Time-Wasters bideoa egin zuen; eta 2010. urtean La Cosa performancea aurkeztu zuen Europako hainbat jaialditan. 2012. urtean Desaparezco (Desagertu egiten naiz)  aurkeztu zuen, Emisión 0- Mugatxoan esparruaren barne, Donostiako San Telmo Museoan, eta Renuncio (Uko egiten diot) lana aurkeztu zuen Madrilgo La casa encendidan.