“Marxismo-leninismoa eta telenobela”. Phil Collins

by

  • Argazkia: Bárbara Wagner

  • Argazkia: Bárbara Wagner

  • Argazkia: Bárbara Wagner

  • Argazkia: Bárbara Wagner

Phil Collins artistak gidatutako bilera honetan, orain dela gutxiko bi proiektu izango ditugu ikusgai: soy mi madre (2008) eta marxism today (prologue) (2010). Collins-ek uko egingo dio proiektu horiei buruzko galderak erantzuteari.

soy mi madre
Mexiko Hirian filmatutako soy mi madre proiektua amodioa, traizioa eta familia barruko katramilak bateratzen dituen kontakizuna da. Telenobeletan inspirazioa hartuta, berdinak ez direnen artean sortzen diren botere-dinamika korapilatsuak aztertzen ditu. Antzezleen artean, Mexikoko telebistako hainbat izar daude; txandaka jokatzen dituzte andre apetatsu baten eta haren zerbitzari herratsuen paperak. Familia barruko sekretu ilun batek eramango gaitu amaierara, ezinbestez dramatikoa izan behar duen amaierara. soy mi madre filmak rol-jokoa eta performancea, maskarak eta ispiluak, sinboloak eta erritualak aztertzen ditu. Filmak aldarrikatzen du gizarteko rolak ez-egonkorrak eta desorekatuak direla, eta antzerki-izaerarako eta indarkeriarako berez duten indarrak zehazten dituela. Salvador Parra produkzioko diseinatzaile txalokatua lankidetzan aritu da proiektuan (Volver, Before Night Falls). soy mi madre filma melodramaren estetika eta politikaren azterketa bat da.

marxism today (prologue)
marxism today (prologue) [marxismoa gaur (hitzaurrea)] aribidean dagoen proiektu bat da, eta ekialdeko Alemania komunistako marxismo-leninismoko irakasle zahar batzuen ibilbidearen jarraipena izan zen bere abiaburua. Argi egiten du, iragandako azken bi hamarkadetan izandako asaldura sozio-politikoaren ondoren, alderdi galtzailetzat hartu den horri buruz. 2010eko Berlingo Bienalaren seigarren edizioan egon zen ikusgai lehenbiziko aldiz. Phil Collins-en film labur honek batera elkartzen ditu gaur egungo elkarrizketak eta artxiboko materiala. Alemaniako Errepublika Demokratiko zaharreko bizitza islatzen duten bat-bateko argazkien aurrez aurre jarrita, irakasleek garai hartaz dituzten oroitzapenak agertzen dira, eta 1989an Berlingo harresia erori ondoren izandako esperientziak ere bai.

Phil Collins
Kamera eta haren objektiboaren arteko harreman konplexu eta anbiguoarekin desilusionatuta, Phil Collins-en lanak banakako eta taldeko errepresentazioko sistemak aztertzen ditu. Bere jarduerak aurpegi asko ditu, eta hurbiltasunean eta toki eta erkidegoekiko inplikazioan oinarritzen da. Etnizitate, genero, eta politika- eta hizkuntza-nortasunari buruzko gaiak aztertu ditu, parte hartzea bultzatzen duten gertaerak erabiliz, eta, maiz, gizarteko tirabirez astindutako eskualdeetan ekoitzi ditu gertaera horiek. Proiektu horietan, casting-ak, dantza-maratoiak edota prentsaurrekoak antolatzen ditu. Collins-ek tradizio dokumentaleko alderdi batzuk bereganatzen ditu, eta, herri-kulturako osagaiekin nahastuz, gizatasunaren deskribapenak sortzen ditu, samurrak, txeratsuak eta, batzuetan, malenkoniatsuak diren deskribapenak. Artista hau Runcorn-en jaio zen (Bretainia Handia), baina gaur egun Berlinen bizi da. Orain dela gutxiko erakusketen artean, honako leku hauetan egin dituenak nabarmendu behar ditugu: British Film Institute, London (2011), daadgalerie, Berlin (2010), Tramway, Glasgow (2009), Aspen Art Museum, Colorado (2008) eta rekalde aretoa, Bilbo (2006).