DORA GARCÍA: ¡REVOLUCIÓN, CUMPLE TU PROMESA!

by

¡Revolución, cumple tu promesa! Margarita Robles de Mendoza emakumeen botoaren aldeko manifestazioan, 1936, Casasola Artxiboko fotografia, INAH, Mexiko.

Dora Garcíarekin 2021eko azaroaren 15ean izango den ¡Revolución, cumple tu promesa! (Iraultza, bete zure promesa!) topaketa/tailerra bi zatitan banatuta dago: Amor Rojo proiektuaren sarrera bat eta irakurketa kolektiboko saio bat.

Amor Rojo proiektuaren parte den Si pudiera desear algo / If I Could Wish For Something (2021) filma azaroaren 17an aurkeztuko da, ZINEBI, Bilboko Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 63. edizioaren esparruan.

PROGRAMA

Astelehena, 2021eko azaroaren 15a, 17:00
¡Revolución, cumple tu promesa!
Topaketa/tailerra Dora Garcíarekin
Tokia: Bulegoa z/b
Sarrera doan

Asteazkena, 2021eko azaroaren 17a, 18:00
Si pudiera desear algo / If I Could Wish For Something (2021)
Proiekzioa eta Dora García eta Itziar Okarizen arteko solasaldia.
Tokia: Bilboko Arte Ederren Museoko Auditorioa.
Sarrera: 3,50 €

¡Revolución, cumple tu promesa!
Iraultza orok emakumezko figurak izan ditu abiarazle, protagonista edo sostengatzaile. Louise Michel, Parisko Komunean; Urriko Iraultzaren aurrekaria izan zen 1917ko Otsaileko Iraultzan ogi eske manifestatu ziren emakumeak; Mexikoko Iraultzako adelitak edo soldaderak; Black Panthers-eko Kathleen Cleaver, Assata Shakur eta beste emakume batzuk; eta Rosa Luxemburg, Clara Zetkin eta Alexandra Kollontai, beste askoren artean. Hala ere, bazirudien iraultza beti gainetik pasatzen zitzaiela, eta «emakumearen auzia» deitzen zenaren aldarrikapenak etengabe atzeratzen zirela: lehenik sozialismoa, gero emakumearen askapena. Oraintsuagoko garaietan, oraindik ere entzuten dugu langile-klasearen kezkak ez direla inoiz izango genero-kontuak, ezta intersekzionalitatea ere. Eta nekea sentitzen dugu, argi baitago duela hamarkada askotatik hona subjektu iraultzailea ez dela «langile-klasea», baizik eta emakumeak (cis eta transak), sexu-disidenteak, migratzaileak, subjektu arrazializatuak eta, oro har, prekariatua. Eta mendeetako etsipena gorabehera, emakumeek iraultzan sinesten jarraitzen dute. Iraultzak bere hitza betetzea besterik ez da behar: emakume guztiak emantzipatzea.

Dora Garcíaren azken proiektu zinematografiko eta testualak, Amor Rojo izenekoak, sozialismoaren eta feminismoaren arteko harremanak ikertzen ditu, baita desengainu eta erresistentziaren haren arrasto malenkoniatsua ere.

Topaketa/tailerra bi zatitan banatuta egongo da: lehena Amor Rojo proiektuaren sarrera izango da, eta, bigarrena, baterako irakurketa eta eztabaida bat, «desengainuaren gutunak» izeneko testuei buruzkoa: emakumeek beren maitale, adiskide, lider eta irakurleei idatzitako gutunen bilduma, malenkoniarik handieneko uneetan ere pertsonala politikoa dela irudikatzen duena.

Topaketa/tailerrean parte hartu eta aukeratutako irakurketak jaso nahi baduzu, idatzi helbide honetara: bulegoa@bulegoa.org

Dora García artista, irakaslea eta ikertzailea da, eta Bartzelonan eta Oslon bizi eta lan egiten du. Nazioarteko hainbat erakusketatan parte hartu du artista gisa, hala nola Münster Skulptur Projekte (2007), Biennale di Venezia (2011, 2013, 2015), Sydney Biennial (2008), Sao Pauloko Bienala (2010), Documenta 13 (2012), Gwangjuko Bienala (2016), osloBiennalen, Art Encounters Timisoara eta Aichiko Hiru urtekoan (2019). 2021ean, proiektuak aurkeztu ditu Osloko Fotogalleriet, Belgikako Netwerk Aalst, Erromako Mattatoio eta Sri Lankako Colomboskope jaialdian. Batez ere performance-arloan egiten du lan. Bere lanak gizarte garaikideko komunitatearen eta indibidualtasunaren arteko harremana jorratzen du, posizio marjinalen potentzial politikoa ikertuz eta pertsonaia eszentrikoei eta antiheroiei omenaldia eginez, zeinak askotan bere proiektu filmikoen protagonistak diren, hala nola The Deviant Majority (2010), The Joycean Society (2013) eta Segunda Vez (2018) filmetan.

Ekitaldi honek New Yorkeko Foundation for Arts Initiatives (FFAI) erakundearen babesa du.