MATERIAL VOICES 1: MARÍA BERRÍOS & AGUSTÍN PÉREZ RUBIO, VINITA GATNE

by

  • Vinita Gatne: offerings (2021)

Material Voices: erakusketak egiteko lanaren genealogia feministak programaren lehenengo saio honetan María Berríos & Agustín Pérez Rubioren Pitzaduren eta zaintzen artean. Harreman iraunkorren kuradoretza baten alde eta Vinita Gatne-ren offerings izango ditugu. 2021etik 2022ra bitartean garatzeko den programa Bulegoa z/b-n espazioan ospatutako topaketa batzuk dira. Horietako bakoitzean, bi gonbidatuk erakusketa zehatz bati buruz hitz egiten dute, eta hirugarren batek testuinguru desberdin batetik datorren artelan bat erakusten du.

Emakumeek hirurogeiko hamarkadatik gaur arte egindako praktika kuratorialari buruzko ikerketa bat garatzea da Material Voices-en helburua. Programa honek elkarrizketa erabiltzen du ikerketa-tresna gisa. Ahotsen, erakusketen eta artelanen materialtasunaren potentziala aztertzen du, baita haien artean diren gurutzaketena ere.

María Berríos eta Agustín Pérez Rubioren arteko elkarrizketa Bulegoa z/b-n izango da.

Apirilak 22ko saioan parte hartzeko, idatzi helbide honetara bulegoa@bulegoa.org

YOUTUBE: https://youtu.be/dFJrGh7JrcQ

Edukiera: gehienez 15 lagun.

Vinita Gatne-ren offerings bisitatzeko datak: Apirilak 23, 24, 29 eta 30, 16:30-20:00.

MARÍA BERRÍOS ETA AGUSTÍN PÉREZ RUBIO: PITZADUREN ETA ZAINTZEN ARTEAN. HARREMAN IRAUNKORREN KURADORETZA BATEN ALDE
Berlingo 11. Bienalak 2019ko irailaren 6an ireki zituen ateak lehen aldiz, exp. 1: The Bones of the World (Munduko Hezurrak) erakusgai jarrita, eta 2020ko azaroaren 1ean bisitatu zuten azkenekoz, The Crack Begins Within (Pitzadura barrutik hasten da) epilogoaren azken egunean. Bi une horien arteko ibilbide multiformea bienal bat da, zeina María Berríos, Renata Cervetto, Lisette Lagnado eta Agustín Pérez Rubiok osatutako talde kuratorialak “esperientzia” bizien sorta gisa ulertu zuen. Hegoalde globalarekin lotura- eta konbergentzia-puntu gisa hartutako jarrera feminista eta hegoamerikarra abiaburutzat hartuta, bienala entzuteko prozesu ireki gisa hedatu zen. Ahalegina egin zen harreman iraunkorragoak ezartzeko, tokiko testuinguruarekin trukean, elkarrizketarako eta nazioarteko trukerako espazioak sortu nahian, baina giza eskala galdu gabe. COVID-19aren pandemiaren ustekabeko bilakaerak indartu eta aldatu zuen lehendik gertatutakoaren zati bat, eta elkarrekin topo egiteko moduez birpentsatzera behartu zuen. Horrek zentzu askotan esanahia eman zien berriz zaintzen politikari, borroka-genealogiei, feminismo intersekzionalei eta queer/kuir teoriari praktika artistikoaren eta kuratorialaren aurrean.

Topaketa honetan, bienaleko bi kuradorek hausnarketa egingo dute esperientzia horretatik sortu ziren ikaskuntzez, pedagogiaz eta protokoloez. Bienalaren prozesuan funtsezkoak izan ziren elkartasun, ahultasun eta erresistentzia nozioak nola har daitezkeen praktika feministatzat, bai artisten proiektuetan, bai kuradoretza egiteko moduetan.

VINITA GATNE: OFFERINGS

Offerings (Eskaintzak) eskala desitxuratzen duten lente batzuk dira, eguneroko paisaietatik abiatuta atari magikoak sortzen dituztenak. Lente ahurren gainean eraikitako miniaturazko paisaien multzo bat da, gero, landare, hiri eta itsas hondoen aurrean fotografiatzen diren.  Zapi Zuria online argitalpenerako webgune interaktibo gisa garatu da.

Offerings lenteak eskuz esku pasatzeko, bidaiatzeko eta aldatzeko pentsatuta daude. Gonbidapen bat dira, haiekin pasieran ateratzeko, eta beste dimentsio bat, beste istorio bat, beste une bat emateko.

Nahi baduzu, atera argazki bat eta sartu irudi imajinarioen artxiboan. Bidali zure offeringsen bertsioa bulegoa@bulegoa.org helbidera edo igo Instagramera @bulegoazb eta @virtualvini etiketekin

María Berríos, Santiago (Txile), 1978. Soziologoa, egilea, kuradore independentea eta Txileko vaticanochico kolektibo editorialaren sortzaileetako bat. Arte, kultura eta politikako interfazeetan lan egiten du, arreta berezia jarriz 60ko eta 70eko hamarkadetako esperimentu kolektiboetan eta elkartasun-mugimenduetan. Berríosek irakasten eta hitzaldiak ematen ditu aldian-aldian Europan eta Latinoamerikan, eta lan ugari argitaratu ditu arteari eta politikari buruz, bereziki Latinoamerikan. Besteak beste, Desvíos de la Deriva (Reina Sofía Arte Zentroa Museo Nazionala, Madril, 2010), Nuestro desconocido, nuestro caos, nuestro mar (Museo Experimental el Eco, Mexiko Hiria, 2014) eta Alberto Cruz: El cuerpo del arquitecto no es solo un hombre (MAVI – Museo de Artes Visuales, Santiago, Txile, 2017) erakusketen kuradorekidea izan da. Berlingo 11. Bienaleko kuradoreetako bat izan zen (2019-2020). 2016tik, Hospital Prison University Archive-ko (Kopenhage) kolaboratzaile iraunkorra da: Jakob Jakobsen artistak egindako irrati eta erakusketa-espazio bat, bera eta Berríos Teo semearekin batera bizi diren eraikinean dagoena.

Vinita Gatne (Mumbai, 1988) artista da, instalazioarekin eta eszenografiarekin lan egiten du, eta paisaia kimerikoak eraikitzen ditu jakintza anekdotikoetatik ibiltzeko modu gisa. Errealitatearen agertokiak oso gutxitan bisitatzen diren dimentsioetara garraiatzen ditu, eta, horrela, narratiba linealak iraultzen eta irudikapen zitalak desmuntatzen saiatzen da. Bere instalazio artistikoak interaktiboak dira berez, eta ikuslearen eta aztergaiaren arteko harreman-moduak zalantzan jartzea dute helburu. Bere lan eszenografikoen artean Wu Tsang-en One Emerging from a Point of View (2019) eta Marwa Arsanios-en Microresistances (2020) filmak daude.

Agustín Pérez Rubio, Valentzia, 1972. Historialaria, irakaslea eta ikertzailea, Latinoamerikako eta Europako museo eta erakundeetan lan handia egin duena. Gaur egun, estrategia dekolonialak ikertu nahi ditu, bai museoen esparruan, bai teoria feministan eta queer/kuir teorian oinarritutako praktika sexodisidenteen esparruan, artearen barruan. Berlingo 11. Bienaleko kuradorekidea (2019-20). Aurretik, Txileko pabiloian aritu zen Veneziako 58. Bienalean, Voluspa Jarpa (2019) artistaren proiektuarekin. MALBAko (Buenos Aires, 2014-18) zuzendari artistikoa izan zen, MUSACeko (León, 2003-13) kontserbadoreburu eta zuzendaria, eta CIMAMeko Boardeko eta Istanbulgo Bienaleko kidea (2017-22) ere bai. Berriki, Institut für Kunst im Kontext-ek (Universität der Künste Berlin, 2019-20) irakasle gonbidatu gisa saritu zuen, eta beste unibertsitate eta ikerketa artistikoko zentro batzuetako irakasle ere izan da.

Material Voices: erakusketak egiteko lanaren genealogia feministak programak New Yorkeko Foundation for Arts Initiatives (FFAI) erakundearen babesa du.