Zinema_Ilegala

Zinema_ilegala da erakustea eta ikustea, komentatzea eta entzutea, begiratzea eta sakontzea. Era berean, izan daiteke aspertzea, lo hartzea edo aulkian eroso ez egotea. Saio guztiak desberdinak dira; pertsona desberdinek zerbait proposatzen dute elkarrekin ikusteko. Gero hizketan aritzen gara ikusitakoa iruzkintzeko.

Hala, gauzak ez dira soilik buruan geratzen.

Hala, ikusita zeukan pertsonak entzun egiten du.

Hala, ezagutzen ez zuen pertsonak ezagutu egiten du.

Baten batek ikus-entzunezko material bat proposatzen du, hitz hori nahi den moduan ulertuta. Espazioa aprobetxa daiteke materiala beste modu batean ikusteko; baliteke pertsonak inoiz ikusi ez duen baina deigarria gertatzen zaion film bat proposatu nahi izatea; baliteke film bat ere ez izatea.

Arau bakarra da ezin dela norberaren materiala izan; ezin duzu zeuk ekoitzitako materiala proiektatu. Horrek zama arintzen dizu.

Aukerak zabal-zabalak dira eta zuk erabakiko duzu.

Saioaren ondoren solasaldi bat egiten da, eta azkenean ia denek hitz egiten dute. Ederra da materialaren tripak atera, eta irribarre batekin, mingaina aske eta burua bizkortuta amaitzen dugunean.

Zinema_ilegala Belgraden jaio zen 2007an Teoria Ibiltaria – TkH plataformako kide Marta Popivodaren ekimenez, auto-ikaskuntza komunitario gisa. Hurrena, 2008. eta 2009. urte bitartean, edizio bereziak egin ziren Zagreben eta Istanbulen, eta 2010ean TkH plataformak beste Zinema_ilegal bat sustatu zuen Parisko Les Laboratoires d’Aubervilliers-en. Urte hartako abenduan, Marta Popivodak Bulegoa z/b bisitatu zuen Zinema_ilegala aurkezteko. Ordutik aurrera, Bilbon ere egiten da programa. Jorge Núñez, Cristian Villavicencio, Leire San Martin, Marion Cruza Le Bihan, Ainara Elgoibar, Pablo Marte, Aizpea de Atxa eta Akane Saraivak —azken hauek elkarlanean— koordinatu dituzte Zinema_ilegaleko saioak orain arte. Gaur egun, Akane Saraivak egiten du lan hori. Film bat edo ikus-entzunezko materiala proposatu nahi baduzu, jar zaitez Akanerekin harremanetan, Zinema_ilegaleko edozein saiotan edo helbide hauetara mezu bat bidalita: bulegoa@bulegoa.org edo a.saraivarando@gmail.com