Zinema_ilegaleko berrogeita hamalaugarren saioa

by

Mikel Eskauriazak proposatutako filmaren proiekzioa eta, ondoren, solasaldia.

Agur Everest – Namasté, Chamo Longmu (Fernando Larruquert / Juan Ignacio Lorente, 1981, 84 min / 126 min)

“1974an Everestera egindako euskal espedizio batek atzera egin behar izan zuen gailurrera iristeko 300 metro eskas falta zirela, montzoiaren ondorioz. 1980an izan zen beste espedizio bat ‘munduko puntu gorenera’ iritsi zen. Filmean bi espedizioetako irudiak agertzen dira. Lehenengoa Larruquertek eta Ángel Lermak filmatu zuten 35 mm-ko formatuan; eta bigarrena Juan Ignacio Lorentek, Martin Zabaletak eta espedizioko beste kide batzuek Super 16 mm-ko formatuan egindako filmazioa izan zen”. [Euskal filmoteka]

Fernando Larruquert (Irun, 1934). “Muntatzailea, zuzendaria eta argazkilaria. Gazte-gaztetatik izan zuen musikarekiko interesa. 1950ean Alaiki abesbatza sortu eta zuzendu zuen, eta 1959an Irungo Ganbera Abesbatza. Zinemarako grina zuen, bere lagun-taldeak bezala -besteak beste, Jorge Oteiza, Nestor Basterretxea eta Agustin Ibarrola zeuden lagunen artean-; eta, hala, 1963an, lehen filma egin zuen Basterretxearekin batera: Operación H film labur esperimentala, Juan Huarte industrialari nafarrak finantzatutakoa. Lan horren ondoren, Larruquertek eta Basterretxeak Frontera Films Irun, SA ekoiztetxea sortu zuten, eta beren filmak ekoitzi zituzten harekin. Aldi berean, Larruquert muntatzaile eta argazki-zuzendari aritu zen ekoizpen askotan. Laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieratik aurrera, behin betiko utzi zuen zinema, eta Irunen zuen argazki-dendan aritu zen erabat.” [Euskal filmoteka]

Mikel Eskauriaza (Bilbo, 1969) artista da.