ZINEMA_ILEGALEKO 80. SAIOA

by

Baise-moi filmaren proiekzioa (Virginie Despentes & Coralie Trinh Thi, 2000). Irantzu Varelak proposatutako proiekzioa, eta, ondoren, solasaldia.

Film hau 2000. urtean lehen aldiz proiektatu zutenean, eskandalu handia piztu zuen. Bera ikusita ez da harritzekoa, eta gaur egun are iskanbila handiagoa sortuko luke. Baise-moi filmean, gure gizarteko tabu ugari nahasten direlako. Indarkeria, sexua, marjinaltasuna eta bortxaketa dira zinemako historiako film askoren ohiko argumentuak. Alabaina, film honetan, emakumeak indarkeriaren subjektua dira, ez biktima. Gure gizarte heteropatriarkalek ezin dute hori kultura-produktu gisa kontsumitu eskandalizatu gabe, hala izatekotan naturalizatu beharko luketelako. Eta hori haien amaieraren hasiera izango litzateke.

Film hau ez da ulertzen bere garaiko ingurune zinematografikoa kontuan hartu gabe. Garain hartan, ohitzen hasiak ginen indarkeriari buruzko narratiba bisual guztiz esplizituetara, Robert Rodriguezen El Mariachi, Tarantinoren Reservoir Dogs (biak 1992koak) eta Oliver Stoneren Natural Born Killers (1994) filmekin. Pelikula horiek, indarkeriaren errepresentazio hiper esplizitua eta estetikoa eskaintzeaz gain, bultzatu egiten gintuzten “gaiztoekin” enpatizatzera eta zergatik hiltzen zuten ulertzera ia. 1991n, Ridley Scottek Thelma & Louise lana oparitu zigun, eta horrela gai izan ginen hiltzen, lapurtzen eta larrua jotzen zuten edo biolentoak ziren emakumeekin enpatizatzeko, betiere beren burua babesteko edo mendekua hartzeko egiten bazuten. Eta gaizki amaitzen ziren.

Baise-moi filmean, Depentesek Thelma & Louise zonbiak aurkezten dizkigu. Begirada punk batez fokuratuak, ez doaz mendeku bila, aurrera ihes egin nahi dute, besterik gabe. Haien amaiera okerragoa izango da.

Irantzu Varela kazetaria eta feminista da, ez baititu bi gauza horiek ulertzen elkarrekin ez badoaz. Handitan, idazlea edo dokumentalen zuzendaria izan nahi zuen. Noizean behin idazten du, irakurtzen duten lekuetan; eta Él Nunca Me Pegó dokumentala zuzendu du, bikote heterosexualen baitan dagoen indarkeria matxista psikologikoari buruz. Bideoak, artikuluak eta bakarrizketak egin eta lankidetzak izaten ditu hedabideetan, beti ikuspegi feministatik; eta tailerrak, hitzaldiak eta mintzaldiak egiten ditu espazio feministetan eta akademikoetan, ikuspegi komunikatzaile batetik. Azken aldian jaso duen oparirik onena katana bat izan da.