Zer garen

Bulegoa z/b

Bulegoa zenbaki barik arte- eta jakintza-arloko bulego bat da, eta Bilboko Solokoetxe auzoan kokatuta dago. Elkarlaneko ekimen hau ondoko ikerketa-ildoen inguruan sortu da: historizazio-prozesuak, kulturako itzulpena, performatibitatea, gorputza, postkolonialismoa, teoria soziala, artxiboko estrategiak eta hezkuntza.

Bulegoa z/b ekimenak praktikaren eta teoriaren arteko gurutzagunea eta topagunea izan nahi du, eta, horrela, bide eman nahi die egoera hibridoei eta diskurtsiboei. Bulegoa z/b gunea ekoizteko, ideiak eztabaidatzeko eta trukatzeko, eta arte-proiektuak gauzatzeko leku bat da. Helburu horiek betetzeko, mintegiak, aurkezpenak, proiekzioak, performanceak, hitzaldiak, elkarrizketak eta beste jarduera batzuk antolatzen ditu.

Hauek dira Bulegoa z/b eratzen dutenak: Beatriz Cavia, Miren Jaio eta Leire Vergara. 2010. urtean ekimena sortu zuten Isabel de Naveránekin batera. Azken honek bulegoan lan egin zuen 2018ko hasiera arte. Natalia Barberia produkzio koordinazioaz arduratzen da eta Silvia Coppola jardueren koordinazioaz. Lehenago Jesús Arpal Moyak, Alexi Hoferrek, Adriana Laespadak eta Andrea Rodrigok bete zituzten eginkizun horiek. Silvia Coppolak, Abel Jaramillok eta Daniel Arandak arte- eta jakintza-arloko bulegoan egin dituzte euren gradu-ondoko praktikak.

Elena Casadok, Guadalupe Echevarríak, Yaiza Hernándezek, Itziar Okarizek eta Ana Vujanovicek Bulegoa z/b-ren aholku kontseilua osatzen dute.