Space Is The Place / The Place is Space

Orain dela berrogeita hamar urte, Il Monumento Continuo-k (1969-1970) lur osoa estali zuen bilbe inguratzaile batez. Arkitektura erradikaleko Superstudio taldearen collage-serieak kapitalismo globalaren aroko gertakariak iragartzen zituen, esate baterako, informazioko autobideen konektibitatea, bizimoldeen homogeneizazioa edota enpleguaren suntsipena. Modu kritikoan eta ironikoan egiten zuen, arkitekturak espazio soziala ekoizteko zuen funtsezko zeregina seinalatzen zuen bitartean.

Argazki-serie garaikide baten xede ere izan zen arkitektura. Etorkizunerako fikziozko agertoki baten bidez egin beharrean, The Bowery in two inadequate description systems (1974-75) lanean, Martha Rosler-ek testu eta argazkietan dokumentatu zituen hirigune apal bateko kaleko izkinak, erakusleihoak eta saltokiak, zaharkituta eta desagertzeko zorian zeuden benetako arkitekturen txatalak.

“Sistema deskribatzaileak ez dira egokiak esperientziarako. Baina, orduan, hauxe da galdera: zer da esperientzia?”. 1999. urteko elkarrizketan batean[1], New Yorkeko Bowery-ko hirigintza-aldaketa sakona hasi, eta hango lurraren balioa dramatikoki handitu zenean, Rosler-ek seriearen tituluaz egin zuen hausnarketak kapitalismo globalaren garapenari dagokion beste prozesu bat nabarmentzen zuen: kontsumoko produktu bihurtuta, esperientziak nola galtzen duen balioa. Era horretan, arteak prozesu horiexetan betetzen duen zeregin paradoxikoa erakusten zuen artistak. Hala, gaur egun esperientziak ematen eta errazten dizkigun continuum gisa funtzionatzen badu ere, artea, funtsean, praktika kritikoa da.

[1] “Una conversación. Martha Rosler y Benjamin H. D. Buchloh”. in Martha Rosler: Posiciones en el mundo real. Bartzelona: MACBA/Actar, 1999 [Hemen bildua: Quaderns Portàtils #18, 2009].