‘PILGRIMAGES FOR A NEW ECONOMY’. JOSÉ DÍAZ CUYÁS ETA ERLEA MANEROS ZABALAREKIN

by

  • Erlea Maneros Zabala "Pilgrimages for A New Economy (Museo Soumaya, 2011, Mexico City, Mexico), 2012"

  • Argazkia: Ramón Gamuza

  • Argazkia: Ramón Ganuza

  • Argazkia: Ramón Ganuza

  • Argazkia: Ramón Ganuza

Erlea Maneros Zabalaren Pilgrimages for a New Economy (2007-2012) inguruko topaketa, artistaren eta José Díaz Cuyásen laguntzarekin. Ekitaldia Museoko denbora husteko eta betetzeko obra batzuk serieko parte da, hau da, Bilboko Arte Ederren Museoko, 68aren ostean. Artea eta praktika artistikoak Euskal Herrian, 1968-2018 erakusketarekin batera doazen zazpi artelanen inguruko topaketetan sartuta dago. Topaketa bakoitzean, artelan batek hainbat artista eta artean aditu batu eta elkartuko ditu.

Museoko denbora husteko… topaketek museoak barnean hartzen dituen objektuen bidez museoaz hausnartzeko ideia dute ardatz. Hala 68aren ostean erakusketa barnean duen museo zehatzaz, haren izaera eta historia bereziaz, nola museo generikoa iraganeko objektuak etorkizunerako gordez orainaldiaz kontakizun bat egiten duen instituzio gisa hartuta.

Lekua: Bilboko Arte Ederren Museoko Auditorioa.
Ordua: 19:00.

Doako sarrera, edukiera mugatua. Gonbidapenak museoko leihatilan egongo dira eskuragarri abenduaren 17tik –astelehenetik– aurrera.

Obrari buruz
Irudikatutako komunitateak lanean (Imagined Communities, 1983), Benedict Anderson-ek aditzera ematen du museoa dela inperio kolonialek lehenik eta estatu kolonial berriek gero XIX. eta XX. mendeetan beren jabetzako lurrak irudikatzeko erabili zituzten hiru instituzioetako bat –besteak errolda eta mapa dira–. Hala, erroldak biztanleria irudikatzen zuen, mapak lurraldea, eta museoa tresna egokia zen biztanleria eta lurralde horren gaineko jabetza legitimatzeko, guztien historiaren kontakizuna eraikiz.

Museoaren erabilera hori aldatu egin da munduaren egungo egoera dela-eta. Ordena neoliberalean, finantza-merkatuek bete dute estatu-nazioen lekua. Errolda, mapa eta museoa tresna erabilgarriak dira oraindik, baina haien erabilera aldatu da. Enpresa-arloko logikak agintzen du nonahi, subjektibotasuna ekoizteko ere bai, eta, gaur den egunean, museoak turismo kultural globalaren industriako enpresak dira, ezer baino lehen.

Pilgrimages for a New Economy (2007-2012) lanak errealitate berri horri dagokio, logika arauemaile global bakarrari jarraiki ibiltzen diren ondasunen, ideien eta pertsonen errealitate berriari. Erlea Maneros Zabalaren argazkien serieak azken berrogeita hamar urteotan eraiki diren enpresa-museo horietako batzuen ikuspegiak ditu erakusgai. Profil ikusgarriko eraikin moderno horien arrakastaren oinarria ikono bilakatzeko duten gaitasuna da, horrela, seriearen tituluak dioenez, ekonomia berriko zirkulazioko eta kontsumoko ibilbideetan txertatu ahal izateko.

Pilgrimages for a New Economy serieko irudiak egiteko, artistak irudiak jaitsi ditu Internetetik, eta zuzenean egin die argazkia ordenagailuaren pantailaren aurrean. Hemen, pantaila ez da interfaze ikusezin bat, nabarmendu egiten baita, ordenagailu eramangarriei itsatsi ohi zaien zikinkeriaren bidez (hautsa, atzamarren aztarnak, listuarenak…). Geruza horrek hondatze-efektua du argazkietan, bat-batean oso modernoak diren eraikinak etxe-hondar futuristak eta anakronikoak direla ematen baitu, denboraren tolestura batean harrapatutako komunitate irudikatuen hondakin modukoak.

José Díaz Cuyás. Estetika eta Artearen Teoriako irakaslea da La Lagunako Unibertsitatean. Haren ikerkuntzak gorputza hartzen du ardatz, esperientzia artistikoaren eta bisualaren bitartekaria den aldetik, eta, orobat, joan den mendearen hirurogeiko hamarkadako abangoardien ondorio praktikoak eta teorikoak jorratzen ditu. Arestian atera dituen argitalpenen artean, hauek ditugu: Concreta aldizkariak arteari eta turismoari buruz atera duen 10. zenbakiaren koordinazioa, eta “Movilizados por lo real: turistas, soldados, artistas” (Marcel Broodthaers-i buruzkoa) in Arquitectura: lenguajes fílmicos, Tabakalera, 2018. Acto aldizkariko zuzendaria da; hauek izan ziren aldizkariaren azken monografikoak: Duchamp, Suelo, Risa eta Fantasmas (http://www.revista-acto.net/). Gaur egun ikerkuntza-talde honen koordinatzailea da: TURICOM, La experiencia turística: Imagen, Cuerpo y Muerte en la cultura del ocio. ( http://turicom.es/).

Erlea Maneros Zabala (Bilbo, 1977) artista da, eta Kaliforniako Joshua Tree-n bizi da eta lan egiten du. Glasgow School of Art-en eta California Institute of the Arts-en egin zituen ikasketak. Besteak beste, instituzio hauetan izan ditu lanak ikusgai: Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía (Madril), Museo Experimental El Eco (Mexiko Hiria), REDCAT (Los Angeles), Guggenheim Bilbao Museoa (Bilbo), CAPC Musée d’Art Contemporain (Bordele) eta Bombas Gens Centre d’Art (Valentzia).

Museoko denbora husteko eta betetzeko obra batzuk topaketak Bulegoa z/b eta Bilboko Arte Ederren Museoaren arteko lankidetzako proiektua dira.